Barrea erbestealdian

14 eta 25 urte bitarteko gazte siriarrak akrobaziak egiten ikasten ari dira Zaatariko errefuxiatu kanpalekuan, iheslarien autoestimua berreskuratzeko.
Zirku eskola hangar batean dago, eta mutilek eta neskek aparte ikasten dute.
Zirku eskola hangar batean dago, eta mutilek eta neskek aparte ikasten dute. JAVI JULIO / NERVIO FOTO

Daniel Rivas Pacheco - Laila Muharram Rey -

2014ko abenduak 11
Ongi etorri Zaatariko zirku eskolara», esan du Anwar irakasle siriarrak, hiru solairuko etxe baten garaiera daukan hangar erraldoiko ateak zabaldu bitartean. «Hemendik aurrera oinetakoak erantzi eta arau batzuk bete beharko dituzue: kirol arropa jantzi, kideei barre ez egin eta, batez ere, ondo pasatu». Zaatariko errefuxiatu gunean, Siriako mugetatik 13 kilometrora, arauok atentzioa ematen dute. Orain 80.000 pertsona bizi dira han; 400.000tik gora pasatu dira jada handik, eta lasaitasuna eskatzea ez da gutxi.

Zirkuak helburu oso argia dauka, ordea, eta helburu horiei begira ezarrita daude arauok, Anwarren esanetan: «Mutikoen energia negatiboa positibo bihurtu nahi dugu». Horregatik, 14 eta 25 urte arteko gazteok ez dira joaten arrapaladan koltxoneten gainera eta eskujokoetarako tresna bila. Barre txikia erakusten dute sarrera horretan, beren buruari eutsiz, lokatzez zikindutako sandaliak erantzi bitartean. Kanpoan utzi dituzte euria eta putzuak. Barruan, hangarreko zoruan jarritako txatal gorri eta urdin plastifikatuek biguntzen dute erorketa oro.

Pixkanaka, mutilak zirkura sartu dira. Oinetako lohituen mendi bat osatu dute Finn Churc Aid (Finlandiako Elizaren Sokorria) gobernuz kanpoko erakundearen ate ondoan, errefuxiatu gune horren erdi-erdian. Mutilen taldearen entrenatzailea da Anwar. 25 urte dauzka, eta berotzen jarri ditu guztiak: lasterka, abdominalak egiten. 10 gradu zentigradu daude, eta hotza uxatu behar du gorputzak giharrak behar adina luzatu ahal izateko. Aretoan diaboloak, diskoak, eskujokoak, monozikloak eta hanka-paloak daude ikasleen eskura. Bakarren batzuek ezin diote eutsi tresnok hartzeko irrikari, Anwarrek beroketa ariketak bukatutzat eman ez baditu ere.

Eskaintza urria

«Hasieran ez dakite nola jokatu, nerabeentzako eskaintza urria delako». Hornikuntzan eta azpiegituratan zaildutako dozenaka erakunde daude eremu horretan, baina ikasgelatik kanpoko irakaskuntza osagarria ezohikoa da oso oraindik ere. «Lehen egunetik beretik hasten dira berreskuratzen beren buruarekiko konfiantza».

Finlandiako Sirkus Magenta zirku kolektiboak babestutako egitasmoa da hori. Gazte batzuk ditu motor, eta irria gehien behar den tokian finkatzea da asmoa. Finlandiako Gobernua eta Europako Batasuna dute diru iturri, baina emanaldi pribatu eta jaialdietan bildutako diruarekin ordaintzen dituzte zenbait egitasmo.

2013ko martxoan iritsi ziren taldeko hogei boluntario. Zirkua, haien ustez, ihesbide bat izan daiteke errefuxiatuentzat, eta trebetasun ezkutuak agertzeko gunea; baita abiapuntua ere, beren burua maitatzen berrikasteko eta konfiantza berreskuratzeko.

Anwar ingeles itzultzaile gisa hasi zen lanean finlandiarrekin, eta ez zuen berehala pentsatuko txikiei «txiribueltak egiten» erakutsiko zienik inoiz. Ikastaroko lehen atsedenaldian gogoratu du hara heldu arte ez zuela ez monoziklorik ez eskujokorik erabili. Sirkus Magentak hura aukeratu zuen, baina Zaatariko zirkuko irakasle izateko. «Gerra eta Siriako egoera ahantzarazi zizkidaten zirkukoek. Beste pertsona bat naiz orain, eta besteei dakidana erakuts diezaieket».

Hilabete gogorrak egin zituen Anwarrek ikasten, eta orain bera da gaztetxoon eredu. Burua tente eta begirada zorrotz, ikasleei erreparatzen die. Luzea da, argala, eta seriotasuna dario. Barre txikia egiten ere badaki, ordea, ahoa zabal-zabal aurpegi bizardunean, ume bati dei egiten: «Hurrengoan gehiago altxatu zangoa».

Osteguna da, erakustaldi eguna. Zaatariko 130 ikasleak hiru ordu eta erdiz entrenatzen dira, astean lau egunez, errefuxiatu eremuko bizilagunei beren abilidade ikasi berriak erakutsi ahal izateko.

Ghassan al-Subihyk 17 urte dauzka, eta Deraa hirikoa da izatez (Siria). Likra urdineko eskularruak jantzi, eta gehien maite duena egiten hasi da: akrobaziak. Anwarrek musika ahalik eta gehiena ozendu du, eta hor doa akrobata gaztea: buruzgainka egin du airean, eta zutik gelditu da, oinak puntapaxak balira bezala. Ikusleek txaloka hartu dute ariketa. Bigarren jauzian min hartu du belaunean, eta atseden hartzeko esan dio irakasleak.

«Beldur naiz min hartuko ote duten. Duela hiru hilabete, neure kasa entseguak egiten ari nintzela, ezker eskuaren gainera erori, eta ebakuntza egin behar izan zidaten», dio Anwarrek. Agerian dauka orbana. «Ordutik, oso zurruna naiz arau honekin: irakasleak beti egon behar du bertan ikasleek ariketak egin bitartean». Anwarrek bata bestearen atzetik aletzen ditu arauak. «Oinarrizkoak dira arauok. Eskolara ez badira joaten zirkurik ez dutela egingo esaten diegu, eta gutxieneko autoritatea onar dezaten saiatzen gara».

Neskak ere bai

12:30ean, ahots zaparrada hasi da aretoan. «Oholtza bitan zatitu dugu, kultur arrazoiengatik, baina, jaialdi handietarako, errezela kentzen dugu», dio emakume jordaniar batek. Belaki zuri-urdin marradun handi bat espazioa erdibituz, eta nesken taldea hangarreko beste erdian suma daiteke. «Zenbait neskak hona etorri ahal izateko, senideengana joan behar izaten dugu. Hemen zer egiten dugun azaltzen diegu. Gu neska hauetaz arduratzen garela esaten diegu», Munaren hitzetan. Deraatik dator hura ere, eta badira hiru urte GKE horrekin irakasle lanetan ari dela.

Urduri daude neskak. Muna eta Fatima ordena ezartzen saiatu dira. Beroketa ariketen ostean, neskak binaka eseri dira, biribilean, eta kideen balentriei adi-adi begiratzen diete. Itogin baten tantakadekin ezin errendituta dabiltza ikasleetako batzuk.

Hasi da musika jotzen: Spice Girls taldearen Wannabe pieza. Lehendabiziko neskak, kortesiazko agurra egin, eta ezinezko beso-zango-enbor zubiak eraikitzen hasi dira. Txalo eztanda batek egin die harrera hurrengo jauzi jolasei. Gainerako ikasleak Fatimaren arreta erakarri nahian ari dira. «Orain ni naiz, maistra!». Bakarren bat zutitu eta buruz behera jarri da paretaren kontra, esku gainean. Fatimak kargu hartu dio, eta lehengo tokian eseri da. Bestea behar baino lehenago abiatu da lasterka. «Txandak gorde, neska; zurea ere etorriko da», egin dio errieta Fatimak.

Uztaiak, diaboloak eta monozikloak astintzeko bigarren saioa orain. Neska koskor batek gerriari eragiten dio kontu handiz, uztaia eror ez dakion. Eta ikasle guztiek arnasari eutsi diote lehendabiziko monozikloa agertzean, horixe baita ariketa zailenetako bat. Akrobatetako batek lurrean ilaran ezarritako diabolo guztiei sigi-sagan buelta hartu ostean, gainerako guztiek txalo egin dute, denek batera gainditutako zailtasuna izan balitz bezala. Eskolako patiora itzuli dira denak, tarte batez bada ere, zirku berezi horretan.

Funtzioa bukatu da. Mutiko batzuk zain daude atean. Ikaslegaiak dira, zirkuan sartu ahal izateko zenbat urte eduki behar diren galdezka. Batzuek gezurra esan dute. «Zuek txikiak zarete oraindik, baina galde iezaiezue irakasleei», esan die norbaitek. Anwar txatal plastifikatuak txukuntzen ari da, 14:30eko ikasleek dena prest aurki dezaten.

Anwarrek hangarreko atea zeharkatu du. Sandalia txikien mendian azterka egin eta bere kirol oinetakoak atera ditu. Atertu egin du kanpoan, eta zirku irakaslea barrakoi artean desagertu da, galtza laranjak soinean. Sirkus Magentakoek oparitu zizkioten bere garaian, eta zirkuko belaki zati urdin bat erantsi zien berak. Horixe du Sirian egindako iragana etorkizunarekin josteko modua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna