Eskutik hartuta bakearen bila

Ipar Koreako Kim lider gorenak eta Hego Koreako Moon presidenteak konpromisoa hartu dute desnuklearizazioa egiteko eta bake akordio bat negoziatzeko

Eskutik hartuta bakearen bila.
mikel rodriguez
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Eguna eguzkitsu argitu zen atzo Koreako Panmunjom herrian. Moon Jae-in Hego Koreako presidentea zain zegoen Gune Desmilitarizatuko Segurtasun Gune Partekatuan, penintsularen iparrak eta hegoak tartean hesirik ez duten pasabide estuan. 10:15ean, Kim Jong-un Ipar Koreako lider gorena segizio guztiarekin atera zen Panmon eraikinetik, hegoaldeko muga zaintzen duten soldadu hieratikoek parez pare ikusten duten eraikin gris handitik. Eskailerak jaitsitakoan, segizioa baztertu egin zen, eta Kim zuzenean joan zen Moonengana, irribarretsu, eskua ematera; bakoitza mugaren bere aldean, zoruan dagoen harrizko zerrendak erakusten zuen bezala. Baina mugak gurutzatzeko eguna izan zen atzokoa, eta mugarriak ezartzekoa. Aurrerantzean Panmunjomgo Adierazpena esango zaiona egin zuten bi liderrek: desnuklearizazioa eta behin betiko bake akordio bat egiteko promesa biltzen ditu. «Harreman estua edukita, ahaleginak eginen ditugu emaitza onak sortzeko eta gaur mundu guztiaren aitzinean sinatu dugun akordio hau ez dadin bukatu iraganekoak bezala», hitzeman zuen Kimek.

Oraingoa ez da izan Koreako bi estatuetako buruzagi gorenek egin duten lehenbiziko bilera. 2000. urtean, Kim Dae-jung Hego Koreako presidentea eta Kim Jong-il Ipar Koreako lider gorena (Kim Jong-unen aita) Piongiangen elkartu ziren. 2007an, berriz,Roh Moo-hyun Hego Koreako presidentea eta Kim Jong-il bildu ziren, berriro Piongiangen. Bi bilera horien ondoren, zenbait neurri iragarri zituzten arrakala gutxitzeko—Kaesong industria gune partekatua sortzea, gerraren ondoren banatutako familiak elkartzeko programa, desnuklearizazioa hasteko konpromisoa eta bake akordio bat egiteko nazioarteko elkarrizketetarako eskaera—, baina Ipar Koreak ez zion uko egin programa nuklearrari, eta, 2008tik lehengo urtera arte, Hego Koreak gobernu eskuindar gogorrak izan zituen, elkarrizketari baino garrantzia gehiago eman ziotenak presioari eta gogor jokatzeari.

Denbora beharko da ikusteko ea atzoko bilkura egiaz izan den Korean bakea eta batasuna ekarriko duen prozesu baten lehenbiziko harria; baina, aitzineko kasuetan bezala itxaropenak zapuztuko balira ere, egunak gerra bukatu zenetik ikusi gabeko irudiak eta entzun gabeko adierazpenak utzi zituen. Ezaugarri hori da aitzineko bilkurekin aldea markatu duenetako bat. Bertze ezberdintasun nabarmena, berriz, hemendik aste batzuetara egitekoa den bilera da: Ipar Koreako lider goren batek eta AEBetako presidente batek eginen duten lehena.

Keinuek hasiera-hasieratik izan zuten garrantzia. Egunari bosteko eta elkarrizketa irribarretsu batekin ekin ondoren, Moonek keinua egin zion Kimi eskuarekin harrizko zerrenda gurutzatu eta Hego Korean sar zedin. Sartu eta, eskuak askatu gabe, zerrendaren iparraldean zeuden argazkilarientzat paratu ziren lehenik, eta hegoaldekoentzat ondoren. Hala, Kim Jong-un bihurtu da Hego Korea zapaldu duen iparraldeko lehenbiziko lider gorena. Baina argazkilariekin bukatu bezain pronto, gidoian ez zegoen keinu bat gertatu zen: Moonek Kimi aitzinera joateko gonbita egin zionean, Ipar Koreako liderrak muga iparralderantz gurutzatzeko eskaini zion Hego Koreakoari. Moonek keinua onartu, eta eskutik hartuta gurutzatu zuten harrizko zerrenda, segundo batzuez biak iparraldean egoteko. Hego Koreako Yonhap agentziaren arabera, Moonek Kimi galdetu zion ea noiz joan ahalko zen Ipar Koreara, eta horregatik eskaini Kimek zion muga gurutzatzea orduantxe bertan.

Bi liderrek eta haien lan taldeek Panmunjomgo Bakearen Etxean egin zuten goizeko bilkura. «Historia berri bat hasiko da gaur. Bakearen aro bat, historiaren hasieratik», idatzi zuen Kimek Bakearen Etxeko gonbidatuen liburuan. Bazkalordurako, Kim Ipar Koreara itzuli zen, bizkartzainez inguratutako auto beltz batean, eta arratsaldean bueltatu zen hegoaldera. Eguneko bertze irudi adierazgarri bat gertatu zen orduan: Kimek eta Moonek ibilaldi bat egin zuten, biek bakarrik, Gune Desmilitarizatuan, eta solasean aritu ziren banku batean eserita, inguruan inor ez zutela eta paperik gabe. Hego Koreako telebistak zuzenean eman zituen irudi horiek. Elkarrizketa aditzeko urrutiegi zeuden bi buruzagiak, eta inguruan zeuden txorien kantuak baino ez ziren aditzen. Balio sinboliko handia izan zuen. Horren ondotik, Bakearen Etxera itzuli ziren adierazpena bukatzeko, eta arratsean afari ofiziala eginda bukatu zuten eguna.

Afariaren aitzinetik egin zuten adierazpen bateratua. Ez du iraganekoekin alde nabarmenik edukian eta hizkeran. Desnuklearizazioari dagokionez, ez du zuzenean erraten Ipar Koreak armagabetze nuklearra egin behar duela —hori eskatzen zuten Seulek eta gatazkan inplikatuta dauden potentziek—. «Hego eta Ipar Koreak berretsi egiten dute Koreako penintsula nuklearrik gabeko eremu izateko helburua, erabateko desnuklearizazioaren bidez».

Trump: «Gerra bukatzear»

Bileraren aitzinetik, espekulatu zen bukatutzat emanen ote zuten 1950ean hasi zen gerra, baina teknikoki ezin dute hori egin, Hego Koreak ez baitzuen sinatu 1953ko armistizioa. Ipar Koreak, Txinak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak sinatu zuten. AEBetako buruzagi militarrek sinatu zuten NBEren izenean. Horregatik, Kimek eta Moonek adierazi dute saiatuko direla AEBekin eta Txinarekin negoziatzen, gerra bukatuko duen behin betiko akordio bat lortzeko.

Berebiziko garrantzia izanen du, beraz, Kimek Donald Trump AEBetako presidentearekin egitekoa duen bilerak —data zehaztu gabe dute oraindik—. Itxuraz behintzat, Trumpek ez luke eragozpenik izanen gerraren bukaera negoziatzeko. «Koreako gerra bukatzear da! Estatua Batuak eta haien herri handia hagitz harro egon beharko lirateke Korean oraintxe gertatzen ari denarekin», idatzi zuen atzo Twitter sare sozialean. Eta Xi Jinping Txinako presidenteari eskerrak eman zizkion «laguntza handiarengatik». «Hura gabe, anitzez prozesu luzeagoa, gogorragoa, izanen zatekeen».

Txina ere pozik zegoen. «Txalotzen dugu bi liderrek eman duten pauso historikoa, eta goraipatu nahi dugu erakutsi duten erabakitasun politikoa eta adorea. Zinez espero dugu bilerak emaitza baikorrak ematea», adierazi zuen Hua Chunyinek, Atzerri Ministerioko bozeramaileak.

Eszeptikoena, Japonia

Errusiak, Ipar Korearen bertze bizilagunak, Atzerri Ministerioaren ohar baten bidez adierazi du bilera «pauso nabarmena» izan dela, eta erran du bakea bermatzeko bide-orri bat bultzatuko duela Txinarekin batera. Japoniak ere goraipatu du bilera, baina berriz ere ikuspunturik eszeptikoena eman du. «Hurbiletik zainduko dut Ipar Korearen jarrera», erran du Shinzo Abe lehen ministroak. Ezkorrenek neurri zehatzak iragarri ez izana nabarmendu dute, eta baikorrenek kontuan hartu dituzte une hunkigarri eta inoiz ikusi gabeak. Moonek esperantza eman die baikorrenei: «Penintsulan ez da gerra gehiagorik egonen. Adierazpen honekin aro berri bat hasiko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.