Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Rosa Parksen etxearen bidaia

Publizitatea

Mundua

Rosa Parksen etxearen bidaia

1956ko azaroaren 13an, autobusetako segregazioa amaiarazi zuten AEBetan. Rosa Parksek urtebete lehenago egindako keinua giltzarri izan zen. Ekintzaile horrena izan zen etxearen bidaia egin du BERRIAk: Berlinera eraman zuen artista batek, eta orain jaioterrira lekualdatuko dute.
<b>Etxea Berlinen. </b>Berlingo Weding auzoan jarri zuten etxea. Bisitari asko ditu.
Etxea Berlinen. Berlingo Weding auzoan jarri zuten etxea. Bisitari asko ditu. FELIPE TRUEBA / EFE

2017-11-14 / Nerea Menor

Rosa Louise McCauley Parks, Rosa Parks gisa ezagunagoa dena, duela hamabi urte hil zen, Detroiten, Michiganen. Alabamako emakume afro-amerikar horren keinu sinple batek bazterrak astindu zituen Ameriketako Estatu Batuetan. 1957. urtean, Parksek ezetz esan zuen: autobusaren eserlekutik ez zela altxatuko bere lekua gizon zuri bati lagatzeko.

1955eko abenduaren lehen egunean, Rosa Parks Montgomeryko (Alabama) autobus publiko baten atzealdean eseri zen, arraza beltzekoei zegokien tokian. Zurien eserlekuen ostean, zehazki hurrengo lerroan.

Arraza zurikoei zegokien aldea beteta zegoen antza, eta beltzen aulkiak behar zituztela argudiatu ostean, gidariak lekutik altxatzeko esan zien Parks eta beste hainbat bidaiariri. Emakumearen erantzuna ezezkoa izan zen, eta, ezezko horren ondorioz, handik gutxira atxilotu egin zuen Poliziak.

Jokabide horren harira, beltzen komunitateko hainbat buruzagik autobus konpainia boikotatzera deitu zuten. Tartean, Robert Graetz artzaina eta Edgar Daniel Nixon zeuden. Nixon Montgomeryko afro-amerikarren komunitatearen buruetako bat zen, eta Rosa Parks atxilotu zutenean berak ordaindu zuen bermea.

Egun bateko boikota egitea zen hasierako asmoa, baina gero eta lagun gehiagok egin zuten bat protestarekin; boikotari eutsi, eta 40.000 pertsonak 381 egunez egin zuten protesta. Egun horietan guztietan oinez joan ziren lanera, eskolara, elizara... Batzuetan, antolatu, eta autoak partekatu zituzten.

1956ko azaroaren 13an, AEBetako Auzitegi Gorenak autobusetako segregazioa amaitzeko erabakia hartu zuen. Hilabete baten ostean, boikota bertan behera utzi zuten parte hartzaileek.

Montgomeryko autobusen boikotean eskubide zibilen aldeko pertsona ospetsu askok hartu zuten parte: Ralph Abernathy eta Martin Luther King Jr. artzainak, besteak beste. Ryan Mendoza (New York, 1971) artista estatubatuarra ekintza txiki haren garrantziaz mintzatu da BERRIArekin: «Ezezko bakar batekin aldaketa izugarria egiteko kapaza izan zen Parks anderea. Guztiok gauza bera egingo bagenu, pentsa».

Rosa Parksen bizitzaren ingurukoak ongi dakizki Mendozak; duela urtebete baino gehiago emakumearen inguruko proiektu handi batekin dago-eta lanpetuta: Rosa Parksena izan zenaren etxea osorik mugitu du Detroitetik Berlinera.

Parksen iloba

Autobuseko gertakariaren ostean, heriotza mehatxuak ia egunero izan zituen Parksek. Horregatik, eta lan arazoengatik, Alabamatik Detroitera joan zen bizitzera ekintzailea. Detroiteko beste hainbat eraikinen modura, 2008ko finantza krisiaren ondorioz, Parksen eta haren familiaren etxea hutsik zegoen, eta hiriko administrazioaren eraispenen zerrendan agertu zen. Rhea McCauleyk, aktibistaren ilobak, horren berri izan zuenean, 500 dolarrengatik erosi zion eraikina gobernuari. McCauleyk izebaren etxea «artelan» bihurtzeko asmoa zuen, baina ez zuen aski dirurik horretarako. Bide horretan agertu zen Ryan Mendoza: «Proiektu honetan parte hartzeko kontaktatutakoen artean azkena izan nintzen. Nire aurretik beste 25 erakunde zeuden, baina, antza, etxearen etorkizunak ez zituen kezkatu».

McCauleyk artistari eman zion etxea. Estatu Batuetan eraikina balioztatzeko gai ez zirenez, artistak bere etxeko patiora eramatea erabaki zuen, Berlinera. Hormen artean aurkitutako lizunak eta oro har egituraren egoera eskasak benetan hunkitu zuen, eta hemezortzi egunean eraitsi zuen etxea, hainbat artistaren laguntzarekin. Handik sei hilabetera, Berlineko Wedding auzoan zegoen: paretak, leihoak, tximinia... Orain, urtebete baino gehiago pasatu dela, hainbat erakundek eraikinaren inguruko interesa azaldu dute.

Etxeak piztu duen jakin-mina AEBetako joera garrantzitsu baten isla dela deritzo artista estatubatuarrak. Orain arte, erakundeek gutxiespena besterik ez dute erakutsi, baina orain eraikinaren garrantzia igarri dute. «Oroimen kolektiboaren zati bat da etxea», dio Mendozak. «Rosa Parks bezala beste lagun asko ere, hegoaldea utzi, eta iparralderantz joan ziren baldintza hobeagoen bila».

Iparraldeko bizitza hobeagoaren ilusioa irudipen hutsa zela frogatzen du eraikinaren egoera kaskarrak. Parekoa liteke esklabotza deuseztatu ostean dena argi eta ongi zegoelako ustea. Lege hori indargabetu arren, egoera ez zen kolore arrosakoa.

«Oraindik ere, momentu deseroso asko daude. Duela ez horrenbeste, lagun batekin nindoan autoan. Arraza beltzekoa bera. Bere zuhaitz genealogikoaren inguruan zer zekien galdetu nionean, bortxaketaren eta torturaren inguruan berba egiteko gogorik ote nuen galdetu zidan».

Oroitarri konfederatuak

SPLC Hegoaldeko Pobretasunaren Lege Zentroaren arabera, buruzagi konfederatuen aldeko 1.500 oroitarri baino gehiago daude Ameriketako Estatu Batuetan. Eskubide zibilen aldekoen oroitarriak, ostera, 76 besterik ez dira, baina herritarrak egoera aldatzeko prest daudela dirudi.

Joan zen abuztuan Charlottesvillen (Virginia) izandako liskarrek oihartzun handia izan zuten. Udalak Robert E. Lee jeneral konfederatuaren estatua kentzeko asmoa zuela jakin ostean, eskuin muturreko hainbat talde elkartu, eta indar erakustaldi bat egin zuten. Elkarretaratze horren aurka protesta egiteko, kontramanifestazioak ere antolatu ziren. Eskuina bat eginda leloaren jarraitzaileetako batek autoarekin harrapatu zuen Heather Heyersen aktibista, eta hil egin zuen.

Robert Edward Lee Armada Konfederatuaren burua izan zen Ameriketako Estatu Batuetako gerra zibilean ikur garrantzitsuenetako bat. Hegoaldeko 11 estatu esklabistek independentzia aldarrikatu zuten 1861ean, eta lau urteko gerra amaitutzat eman eta gero, 1865ean, berriz ere Batasunera batu ziren. Batasuna baita bandoak iparraldeko estatuak bildu zituen Abraham Lincolnen buruzagitzapean. Horiek izan ziren estatu abolizionistak.

Egoera ekonomikoa eta kulturala edota iparraldearen eta hegoaldearen arteko ezberdintasuna lehergarritzat hartu izan diren arren, gerraren eragile ezagunena esklabotzaren faktorea izan zen.

Hegoaldeko hainbat eskola eta eraikinek jeneralaren izena dute, eta haren irudiak erakusten dituzte. BBCren arabera, Leeren figura zaharberritu egin dute AEBetan: bando okerrean egondakoa, garaitua bai baina doilor hutsa ez. Gerra zibila amaitu eta gero, AEBak berreraikitzeko proiektuak babestu zituen Leek, hegoaldearen eta iparraldearen adiskidetze pausoen ordezkari bihurtuz. Komunitate afro-amerikarrarentzako hezkuntza sistema publiko baten alde zegoen, baina arraza beltzekoen bozkatzeko eskubidearen kontra azaldu zen.

1865ean, estatu konfederatuetako herritarren parte handi batek ez zuen onartu gerrako porrota, eta, handik urte gutxira, heroi konfederatu modura ikusitakoen oroigarriak eraikitzen hasi ziren Hegoaldea berriz altxatuko da lelopean.

Sendatu gabeko zauriak

Duela 150 urte baino gehiago amaitu zen gerra zibila, eta afro-amerikarrak gizarteratzen hasi ziren. Hala ere, zauriak ez dira oraindik sendatu, oraindik arrazaren inguruko arazoak herritarrak banatzen baititu AEBetan.

«Estatubatuar askoren buruan dago oroigarri konfederatuen gaia», dio Mendozak. 1.500 oroitarri horietatik oso gutxi dira benetan zaharrak. Oro har, Ku Klux Klan eta halako taldeak sortutakoak dira. «Monumentu hauek erreakzio bat dira. Arraza beltzekoen eskubideen inguruko aurrerapausoak ematerakoan, horrelako oroigarriak egitea izan zen erantzuna».

Ordainsari baten falta sumatzen du artistak; abolizioaren ostean esklabo izandakoek ez zuten ezer jaso pairatutakoak jasan ostean. Errebisionismoari dagokionez, arazoak testuinguruan kokatu, iraganera salto egin, eta sustrai osoa ateratzeko beharra dago, Mendozaren ustez. Hori litzake irtenbide bakarra.

Batek baino gehiagok pentsatu izan du Rosa Parksen etxearen proiektua aurrera eramateko ez dela aproposena arraza zuriko artista bat. «Ulertu beharra dago ez zegoela beste irtenbiderik. Gauzak horrela, proiektu hau baztertuz gero, lanari ekiten ez dion gizon zuriaren estereotipoa izango nintzateke».

Bada, laster eramango dute etxea berriz ere Estatu Batuetara, eta badirudi aurreneko geralekua Rhode Island estatua izango dela. Estatu horretako hiriburua da Providence, eta han dago Brown Unibertsitatea. Mendoza eta erakunde hori elkarrekin dabiltza lanean.

Momentuan, solasaldi eta berriketa askok hartu dute mintzagai justizia eta arrazaren gaia. Horregatik, orain inoiz baino gehiago, Ryan Mendozak eta Rhea McCauleyk ondo dakite etxeak AEBetan egon behar duela. Parksen ilobaren ustez, eraikinaren itzulera urrats egokia da. «Izeba Rosa heroi amerikarra da. Gure aurretik beste herrialdeek gure heroiak balioztatzea ez da egoera aproposena», uste du McCauleyk.

2003. urtean, Brown Unibertsitateak batzorde bat osatu zuen erakundearen, esklabotzaren eta esklaboen salerosketaren artean izandako lotura aztertzeko. Ebidentziak aztertzeaz gainera, egitarau publikoak antolatzen dituzte. Horien helburua da garai historiko eta injustizia horren inguruan gogoeta egin eta esanahia ulertzen saiatzea. Proiektu horren barruan kokatuko da, ziur asko, Rosa Parksen etxea.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak