Bete da Kerejetaren ametsa

Gasteizen jokatuko da 2019ko Euroligako Lauko Finala. Baskoniak urteak zeramatzan lanean Europako saskibaloi lehiaketa handienaren egoitza izateko. Euroligak taldearen ibilbide luzea saritu nahi izan du klubaren sorreraren 60. urteurrenean
Buesa Arena pabiloiko harmailak, goiko eraztunak eraiki —oraindik hutsik— eta ateak ireki osteko lehen partidan.
Buesa Arena pabiloiko harmailak, goiko eraztunak eraiki —oraindik hutsik— eta ateak ireki osteko lehen partidan. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko maiatzak 16
Josean Kerejeta Saski Baskoniako presidenteak lasai lo egin ahalko du aurrerantzean. Urte luzetako lanak bere fruitua jaso du, eta 2019an, azkenean, Gasteizen jokatuko da Euroligako Lauko Finala. Europako saskibaloi txapelketa nagusiaren azken fasea inoiz hartu duen hiririk txikiena izango da Gasteiz. Baskoniak sorreraren 60. urteurrena ospatuko du heldu den urtean, eta Euroligaren zuzendaritzak taldearen lan ona eta hiriak saskibaloiari emaniko sostengua saritu nahi izan ditu.

Kerejetak urteak zeramatzan Gasteizera Lauko Finala ekarri nahi zuela esanez. Mikrofono bat parean jartzean edo Euroligaren bileretara joaten zen aldiro aipatzen zuen gaia. Jordi Bertomeu Euroligako zuzendari nagusiak ere bazuen Baskoniako presidente setatiaren asmoen berri, eta 2016an esan zuen Euroliga «zorretan» zegoela Gasteizekin. «Ziur nago lehenago edo geroago Gasteizek Lauko Final bat hartuko duela». Bada, hitz horiek esan eta bi urtera bete du hitza, Baskoniak eta Euroligak atzo eman baitzuten erabakiaren berri.

Bertomeuk Baskonia Gasteiz zergatik aukeratu duten azaldu zuen. «Gasteizek, Baskoniak eta bere zaleek denbora asko zeramaten honen zain. Aitortza bat da saskibaloia gutxik bezala bizi duen hiri batentzat». Orain arte Gasteiz alboratu izanaren arrazoiak garraio sare eta hotel logela kopurua zen, baina presidenteak xehetasun interesgarria gehitu zion bere azalpenari: Euskal Herria. «Euskal Herria ohituta dago kirol eta kultura mailako ekitaldi handiak hartzera».

Kerejetak, nola ez, bere poza adierazi zuen. «Egia bihurturiko ametsa da», esan zuen. «Gasteiz, Araba eta Euskal Herria mapan kokatuko ditu. Klub bati, bere 60. urteurrenean, egiten zaion aitortza da Europako saskibaloi lehiarik handiena hartzea, eta, era berean, saskibaloia bazter guztietatik bizi duen hiri bati egindako aitortza». Lauko Finala 2019ko maiatzean izango da, ziur asko hirugarren asteburuan. Aurtengoa asteburu honetan jokatuko da, Belgraden.

Euskal Herriak kirol mailako ekitaldi handi asko hartuko ditu hurrengo urteetan. Iragan asteburuan Europako bi errugbi txapelketa handienen finalak jokatu ziren, 2020an futbol Eurokopako hiru partida jokatuko dira Bilbon, Frantziako Tourrak etapa bat izango du Lapurdin, eta guztien artean erdi ezustean loratu da Lauko Finala. «Erakundeek emango dugun babesa etorkizunerako inbertsio bat izan behar da», aurreratu zuen atzo Bingen Zupiria Jaurlaritzako kultur sailburuak. «Hiri, lurralde eta nazio gisa horrelako hitzorduak antolatzeko gai garela erakutsi dugu».

Zerrendako hiririk txikiena

Gasteizko Lauko Finala salbuespen bat izango da Euroligaren historian. Lauko Finalaren eredua 2001-02an indarrean jarri zenetik, Bologna da (Italia, 388.000 biztanle) lehia hartu duen Gasteizen (241.000 biztanle) antzeko tamainako hiri bakarra. Bolognaren aukeraketaren kasua, gainera, lehen urtekoa izan zen, presaka eginiko hautu bat. Hartaz geroztik Lauko Finalaren egoitza izan diren hiri guztiek Gasteizek baino askoz biztanle gehiago dituzte: Mosku, Bartzelona, Atenas, Londres, Madril, Praga, Istanbul, Milan, Belgrad... Gasteiz 2019rako aukeratu izana ezusteko txikia izan da, Mosku aipatzen baitzen webgune espezializatuetan, eta Arabako hiriburuak 2020rako aukera gehiago zituela zirudien.

Lauko Final bat hartzeko gutxieneko betekizunak, izan ere, ez dira nolanahikoak. Antolatzaileek hirian, edo oso gertu, nazioarteko aireportua edukitzea eskatzen dute, eta bisitariak hartzeko hotel logela kopuru bat. Araban, 4.500 hotel logela daude guztira, eta Euroligak gehiago eskatzen ditu. Gutxieneko baldintza horiek bihurtzen dute garrantzitsu agintari guztiek Euskal Herria aipatu izana, itxura guztia duelako Baskoniak eremu geografiko hori erabili duela gutxieneko baldintza logistikoak betetzen dituela azaltzeko. Behin eremua handituta, gogoratu behar da Euskal Herriak hartu dituela saskibaloi ekitaldi handiak: NBAko talde baten partida edo AEBetako selekzioak Munduko Txapelketan jokaturiko partiden egoitza izatea kasurako. Biak Barakaldon izan ziren.

Lauko Final honen hazia, dena den, 2012an erein zen, Buesa Arenak goiko eraztun berria estreinatu eta 15.504 eserleku lortu zituenean. 15.000 eserlekutik gorako pabiloia ezinbesteko baldintza da Lauko Finala lortzeko. Pabiloiaren handitze lanen kostua 25 milioi eurorena izan zen, eta erdi bana ordaindu zuten Arabako Aldundiaren eta Jaurlaritzaren artean. Rabiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak 2017an esan zuenez, aldundia oraindik lan haiek ordaintzen ari da. Hori bai, inauguratu zenean, Kerejeteak Lauko Finala noizbait hartzeko promes egin zuen, eta bere hitza bete ahal izango du.

Beste pauso bat Baskoniaren kirol arloa indartzea izango da. Lauko Finala hartzearen asmoaren atzean dago etxeko taldea bertan egotea. Sasoi honetan, baina, Fenerbahce, CSKA, Real Madril eta antzeko erraldoiak baino koska bat beherago dagoela ikusi da. Pauso hori emateko aldagaia aurrekontua handitzea litzateke. Baskoniak bultzada eska dezake.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna