Euskal selekzioa 3. Tunisia 1

Hausnarketa beharrezkoa da

San Mameseko eserlekuen herena baino gutxiago bete dira Euskal selekzioaren lagunartekoan. Jokalariek ez dute atera ofizialtasunaren aldeko pankartarik. Etxekoek ondo merezita irabazi dute
Euskal selekzioko jokalariak, partidaren amaieran, San Mamesera joaniko zaleei esker ona txaloka adierazten.
Euskal selekzioko jokalariak, partidaren amaieran, San Mamesera joaniko zaleei esker ona txaloka adierazten. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Imanol Magro Eizmendi -

2016ko abenduak 31
Euskal selekzioa. Iraizoz, Capa, Boveda, I. Martinez, Yuri, Illarramendi, San Jose, Oiartzabal, Muniain, Xabi Prieto eta Aduriz ?hasierako hamaikakoa?. Gero zelairatu ziren: Oier, Zaldua, Etxeita, Iturraspe, Dani Garcia, Sabin Merino, Toquero eta Manu Garcia.

Tunisia. Moez, Naguez, Meriah, Dhaouadi, Yousseff, Abdelrazzek, Sassi, Lahmar, Bguir, Khalifa eta Khenissi ?hasierako hamaikakoa?. Gero zelairatu ziren: Msakni, Sliti eta Hadadi.

Golak. 1-0. Illarramendik (6. min.); 1-1: Sassik (13. min.); 2-1: Adurizek (19. min.); 3-1: Oiartzabalek (43. min.).

Epailea. Ricardo de Burgos Bengoetxea. Txartel horia Slimeni Tunisiakoari.

Bestelakoak. 15.000 ikusle inguru San Mamesen.

Euskal selekzioaren Gabonetako lagunartekoen dinamikak hausnarketa sakona behar du. Azken egunetan Jon Redondo Jaurlaritzako kirol zuzendaria izan da partida klasikoaren aroa amaierara iristen ari dela esan duena, eta atzo zaleak izan ziren uste hori berretsi zutenak. San Mameseko harmailek argi hitz egin zuten, okupaturikoak heren batera ere ez ziren iritsi. 15.000 bat lagun bilduko ziren. Zifra ofizialik ezean, estadioa ondo ezagutzen duten kazetariek emaniko datua da. Bildu ziren zaleek partida entretenigarria ikusi zuten, eta gogoz animatu zuten, baina ikusle kopuruak itzalpean utzi zuen partida.

Bi urte ziren euskal selekzioak etxean jokatu zuen azken alditik, eta jendeak nola erantzungo zuen ikusteke zegoen. 30.000 ikusle espero zituen Euskadiko Federazioak, baina kopuru hori urrun gelditu zen. Aurreko orduetan giro gutxi egon zen Bilboko kaleetan eta sentsazio hori San Mamesera zabaldu zen gero. Agerikoa da selekzioaren aldeko auzia asko hoztu dela gizartean, eta atzokoan, esaterako, jokalariek ez zuten atera ofizialtasunaren aldeko pankartarik. Bere garaian lorpen handia izan zen, atzo, ordea, aldarriak ez zuen presentziarik izan zelaian.

Lehen Mailako euskal taldeen hainbat zale taldek partidara ez joateko deia egin zuten, lagunartekoen bidea agortuta zegoela argudiatuz, eta ziurrenik eragina izango zuen. Tunisia aurkariak ere ez zuen ilusiorik sortu. Afrika Kopa prestatzen ariko da, baina ez da nazioarteko izen handi bat. Bingen Zupiria Kultura Sailburuak «bide berriak aztertu eta urratu» behar direla adierazi zuen atzo, eta FIFA egutegiaren leiho ofizialak aipatu zituen. Apustua hori dela dirudi, aurkari hobeak lortzeko. Era berean, heldu den urtean Euskadiko selekzioaren sorreraren 80. urteurrena ospatuko dela aipatu zuen Zubiriak. Mugarri historikoa baliatu daiteke egitasmo berritzaileren bat antolatzeko.

Golak, lehen zatian

Partidari dagokionez, entretenigarria izan zen, Tunisiak espero baino maila apalagoa eman arren. Kataluniaren aurka hiruna berdintzetik zetorren, baina atzokoan euskal selekzioa askoz gehiago izan zen, lehen zatian batez ere. Etxekoek ondo baliatu zituzten aurkariek emaniko erraztasunak eta Asier Illarramendik hasi eta berehala sartu zuen lehen gola (6. min.). Areaz kanpotik aldaratze bat ehizatu, atera jaurti eta atzelari baten gorputzean jo ondoren sareetara joan zen baloia.

Tunisia lo zelairatu zen eta Muniainek baloia langara bidali zuen 8. minutuan. Hala ere, banakoa lortu zuten afrikarrek jokaldi bitxi batean (13. min.). Lau aldaratze egon ziren area barruan, bi Iraizozen geldiketen ondoren, eta azkenekoa baliatu zuen Sassik gola sartzeko. Tunisiak lehen zatian izandako aukera bakarra izan zen, euskal selekzioak kontrolpean izan zuelako baloia.

Aritz Adurizek sartu zuen 2-1ekoa (19. min.), buruz. Munianiek gurpil handiz atera zuen falta eta aurrelariak bere markatzaileari gaina hartuz buruz bidali zuen baloia sareetara. Gol dotorea izan zen, aurrelariak euskal selekzioarekin sarturiko hamabigarrena. 35 urterekin selekzioaren goleatzaile nagusia da. Bigarrena beterano batek sartu bazuen, hirugarrena debutari batena izan zen, eta hark ere buruz. 43. minutuan Mikel Oiartzabal izan zen Xabi Prietoren erdiraketa neurtua baliatu zuena.

Bigarren zatian, ohiko denez, euskal selekzioko hautatzaileek taldea goitik behera aldatu zuten. Tunisiak, aldiz, hiru aldaketa egin zituen, partida oso serio hartuz, baina hala ere joera ez zen aldatu. Etxekoek izan zuten baloia, baina ez zuten golik sartu. Tunisiako jokalariek sarrera itsusiren bat edo beste egin zuten, baina zorionez inork ez zuen minik hartu. Amaieran, bildutako zaleek txaloz agurtu zituzten jokalariak. Ikusi beharko noiz jokatzen den hurrengo partida, eta non. Asmoa udaberrian izatea da, FIFA leiho batean, euskal selekzioak behintzat pizgarria bat behar du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna