Memoria nola itzuli

Anjel Lertxundik 'Hormak' nobela kaleratu du Erein etxearekin. Itzultzaile bat du protagonista eta narratzaile, eta familia barruko sekretu eta inkomunikazioak argitzen saiatuko da, memoria galtzen ari den amaren ondoan

gorka erostarbe leunda
Donostia
2017ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Liburu bakoitzak bere idazketa prozesua dauka, Anjel Lertxundiren iritzian. Liburu bakoitzak eskatu eta eskaintzen du berea. Horma nobela idazteko, hiruzpalau gauza argi zituen. Argi zuen izenburua bera. «Normalean, ez dut izenburua idazketa prozesuan oso aurrera egin arte erabakitzen, baina, oraingoan, desberdina izan da, hasieratik garbi nuen. Hormak islatzen du inkomunikazioaren ertza, edo guk pilota jaurti eta hark itzultzen diguna, asmatzen ez dugulako noiz eta nola jaurti, adibidez». Argi zuen, halaber, protagonista eta narratzailea itzultzailea izango zela: «Aspaldi nerabilen buruan pertsonaia hori. Itzulpengintzaren gaia erakargarri egiten zait literarioki ere, eta baita itzultzailearen figura ere, gure gizartean aura handirik gabeko hori, pertsonaia gris samar hori». Honela deskribatzen du pertsonaia hori Inazio Mujika Erein argitaletxeko editoreak: «Kode batetik beste batera hitzak pasatzen espezialista da. Bizitzan ere halatsu, kode batetik bestera pasatu beharra du mundua ulertuko badu. Maite du bere lana, baina hor sortzen zaio arazoa. Haurtzaroan gertatu ziren pasarte lauso batzuk nahasten zaizkio buruan, Martarekin bikote harremanari ekin behar dion une berean, noiz eta amari, kode haiek erraz itzuliko zituen pertsona bakarrari, memoria husten eta hondatzen zaion garaian».

Liburuaren hasiera eta bukaera ere buruan argi bisualizatzen zituen Lertxundik. Eta hasieran kontatzen du, hain zuzen ere, protagonistaren ama alzheimerrak jotzen duenekoa, gaixotzea eta diagnostikoa. Memoriaren galtzea, eta horrenbestez, eta kontrara, protagonistari burua haurtzarora joaten zaionekoa ere bai. Bukaera ere garbi zuen, baina espoilerrik ez zuen egin, atzo Donostian egindako aurkezpenean.

Tonu hotza gehienean

Hiruzpalau elementu horiek garbi izanda, bazekien bazuela nobela bat hor, baina hortik aurrera, «progresoa» lantzea eta garatzea izan du langintza handiena. «Lantzen hasi nintzen, eta hor azaldu zitzaizkidan pertsonaia batzuk, niri antipatikoak zitzaizkidanak, baina istorioaren baitakoak». Eta horretarako ezinbesteko abiapuntu eta makulu, tonua izan du. Nobela baten tonua Arkimedesen oreka puntuaren aipamenarekin alderatzen du: «Emadazue tonua, eta lan gehiena egina izango dut». Familia bateko inkomunikazioak, ezkutuko sekretuek, oroimenerako ezintasunak, izenburuan aipatzen den horma horrek, hoztasun horrek, «tonu hotza behar zuen», eta horretan egin du ahalegina Lertxundik. Ez da nobelan azaltzen den tonu bakarra, ordea. «Ama-semearen arteko harremanean, gaixotasunaz geroztikakoan, badago ternuraz beteriko tonua ere».

Nobelaren garapena osatzeko, funtsezko bi gai ardatz baliatu ditu Lertxundik. Batetik dago memoriaren edo haren gabeziaren garrantzia. «Memoriaren kontua oso literarioa da, eta memoriaren galtzearena zer esanik ez, askorako ematen duelako. Pertsona bat memoriarik gabe geratzen denean, ganbara husten zaionean, biluzik geratzen da. Arropa baino garrantzitsuago den zerbaiten faltan geratzen da, oroitzapenen faltan. Ordura arteko bizitza guztiaren galera datorkio, eta baita ere etorkizunaren galera. Eta pertsona bati dagokion hori sozialki ere gertatzen bada, hau da, talde batek, herri batek memoria galtzen badu, biluzik geratzen da baita ere. Herri horren izaera biluzik geratuko da».

Gainera, Lertxundiren iritzian, gizakia munduaren pertzepzioan geroz eta urrunago iristen aribada ere, «geure barneko kosmos horretara iristeko zailtasunak ditu». Eta memoriarena da gai horietako bat. «Gaur egun etxe asko eta askotan bizi den errealitatea da dementziarena edo memoria galtzearena».

Bigarren gai ardatza itzulpenarena bera da. Pertsonaiak literarioki «joko handia» ematen diola uste du Lertxundik: «Adibidez,berak oso garbi du itzultzailea dela. Neska lagunak esango dio saiatu behar lukeela nobela bat idazten, horretarako istorio bat baduelako. Saiatuko da nobela hori idazten, baina albo batera utziko du». Gizartean ere itzultzailearen figura «bigarren mailakotzat» jotzen dela uste du Lertxundik. Eta itzulpengintza elementu estrategikotzat dauka, euskal literaturaren sistemarentzat ez ezik, baita hizkuntzarentzat berarentzat ere: «Euskaraz itzulpen administratiboak hartzen du sekulako esparrua, gaztelaniaz baino handiagoa. Hizkuntza horren kultur espresioa, guk jasotzen duguna, oso urria da. Eta horrek gabezia inportante bat ekartzen dio hizkuntzaren sistemari. Sistema horrek eragin du, unibertsitatetik eta hainbat egitura erdi publikotatik iristen zaigun materiala, hizkera guztiz triste batean jasotzea. Material asko eta asko, baita kazetaritzan ere, bizipozik gabea dugu euskaraz. Eta hori izurrite bat da gurea bezalako hizkuntza batentzat. Nik hala kontsideratzen dut behintzat. Ez dut esango hori bakarrik denik, baina neurri handi batean hori dator eredu bat kopiatzetik, eta ez konturatzetik kode desberdinak behar ditugula».

Memoria itzultzea edo itzultzen denaren memoria egitea ez baitaude elkarrengandik hain urrun. Liburuko pertsonaia gehienek ez dute izenik: «Neska laguna Marta da, eta protagonistak bere buruari Fidel ezizena jartzen dio. Izenek asko markatzen dute pertsonaia, eta haiekin libreago jokatu nahi dudanean nahiago dut izenik ez jarri». Izenik ez daukate itzultzailearen aita-amek, esaterako. «Pasarte batean kontatzen da sekretu bat, haustura ekarri zuena gurasoen artera, beti isilpean gorde dutena. Gero amaren lagun baten bidez ezagutuko du semeak, itzultzaileak...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.