Albistea entzun

Txakurrik ez, gazterik ez, zaharrik ez

Belaunaldien arteko gerra al dago gizartean? Edurnezuriren amaordearen sindromeak jota daude adinekoak? Adinkeria da pertsona bat adinarengatik diskriminatzea, eta gero eta zabalduago dago. Lan munduan debekatuta egon arren, nahi adina mozorro hartzen ditu.
Txakurrei eta haurrei sartzea galarazteko seinalea, Donostiako taberna batean.
Txakurrei eta haurrei sartzea galarazteko seinalea, Donostiako taberna batean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren -

2016ko abenduak 9

Bakarrik 45 urtetik beherakoek bozkatuko balute, Pablo Iglesias iaztik izango zen Espainiako Gobernuko presidentea. Hala esan zuen Podemos alderdiko analisiburu Carolina Bescansak irailaren 27an. Eskuineko iritzi emaileek berehala jarri zituzten eskuak buruan, eta adinekoen kontrako erasotzat jo zituzten adierazpenok. Bi hilabete geroago, kontraerasoa jo zuten asaldatu ziren horietako batzuek, azaroaren 22an: PPk, Ciudadanosek, EAJk eta UPNk atzera bota zuten bozkatzeko gutxieneko adina 16 urtera jaisteko ERCk aurkezturiko proposamena Madrilgo Kongresuan. Adinekoen kontra batzuk, eta gazteen kontra besteak. Norbait adinarengatik diskriminatzeak badu izena: adinkeria. Eta debekatuta dago Europan. Halere, oso zabalduta dago, nahiz eta, gehienetan, zeharkakoa eta ezkutukoa izan.

«Adinkeria egia deserosoa da, eta inork ez du jorratu nahi», esan du Lydia Gimenez Llortek. Neurozientziak ikertzen eta irakasten ditu Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta arreta handia jarri dio adinkeriari, zahartzearen inguruko ikasgaia sortu zuenetik. «Denok egiten dugu konturatu gabe. Adinkeria gizartearen barruko tratu txar mota bat da». Ingelesez ageism esaten diote; frantsesez, âgism; gazteleraz, ez dutenez horren erraz izan izen itxurosoa topatzea, batzuk edadismo hitza erabiltzen dute, baina, beste askok, discriminación por edad deskripzioa. Euskaraz, norbait arrazarengatik diskriminatzeari arrazakeria esaten zaion bezala, adinkeria erabil daiteke, funtsean kontzeptu bera delako.

«Adinkeriaren gaia 1980ko hamarkadan hasi zen kezka iturri izaten, baby boom-aren eraginez, horrenbeste jende gazte egotea arazo bat zela pentsatzen hasi zirenean», esan du Sagrario Anaut irakasleak. Gizarte Lana eta Gizarte Zerbitzuak gaiak irakasten ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Orduan hasi ziren eskatzen enpresaburuek lanean hasteko esperientzia, enpresetan langile gazte kopurua mugatzeko. Geroztik, eutsi egin diote jokabideari. «Bizitzako zikloak oso argi zeuden lehen», azaldu du. Jendeak hainbat urtera arte ikasten zuen, adin batekin hasten zen lanean, ezkondu, haurrak izan... «Baina bizi itxaropena luzatu, eta eskema lehertu egin da». AEBetan eginiko ikerketak aipatu ditu irakasleak, zeinak ondorioztatu duten Mendebaldeko gizartearentzat nerabezaroa 14 urtetik 21 urtera arte luzatu dela, eta pertsona bat ez dela heldua lehen haurra izan arte, hau da, erantzukizun bat izan bitartean. Lanean hasteko aukera zaildu egin da, eta 23-28 urtera arte atzeratu da. Haatik, ez da asko luzatu zahartzaroan lanean jarraitzeko aukera. Gaurko adinkeria, beraz, demografia mugimenduen eta eredu ekonomikoaren krisiaren eragina da.

Heldukrazia

Euskal Herrian, beste leku askotan bezala, heldukrazia da nagusi gaur, hau da, 35 eta 55 urte artean dituztenen agintea. Horiek daude lan ibilbidearen unerik gorenean. Eta, gainera, 1960-70eko baby boom-aren belaunaldia da, hau da, gaur egungo populazioaren zatirik jendetsuena.

«Baby boom-ekook unibertsitateak masifikatu genituen, etxeen prezioa izugarri igoarazi genuen, eskaera handiarengatik, eta langabezia %25-%27ra igo genuen», azaldu du Anautek. Belaunaldi horietakoek esparru guztietako lanpostu guztiak bete zituzten, eta tapoia jarri diete gazteei.

Aitor Bengoetxea EHUko Lan Zuzenbideko irakasleak argi du: «Gazteei lanpostu bat eskuratzeko ia ezinezkoa den esperientzia eskatzea zeharkako diskriminazioan sar daiteke». Prestakuntza kontratuen kasua nabarmendu du irakasleak: 16-30 urtekoei egin diezaiekete, eta gutxieneko soldataren azpitik ere ordaindu. Nola justifikatzen dute hori? Ordu batzuk ikasteko denboratzat hartzen dute, ez lan denbora, eta bakarrik azkenak ordaintzen dizkiete. Praktiketako kontratuetan ere langile arrunt bati baino gutxiago ordaintzen diete gazteei, trebetasun falta dutelakoan. «Ezerk ez du galarazten gazte bati kontratu arrunt bat egitea eta lehen egunetik beste edonori bezala ordaintzea, baina legeak aukera ematen die enpresei gazteak bigarren mailan jartzeko».

PPk 2012. urtean eginiko lan erreforma ez zen izan ohiko aldaketa bat, Bengoetxearen arabera: «Hankaz gora jarri du dena». Aurretik ezin zitzaion prestakuntza kontratu bat egin 25 urtetik gorako bati. PPk 30 urtera igo zuen muga hori, behin-behinean, Espainian langabezia %15etik jaitsi arte. «Ikusteko dago hori», esan du, sinesgaitz, irakasleak. Beraz, gazteen kontrako adinkeria legez ezarria du Madrilek. «Ez gara titulaziorik gabeko edo 16 urteko gazteez ari... ez dago argi hori egiteko justifikazioa».

Europaren 2002ko zuzentarauak argi eta garbi esaten du ezin dela inor diskriminatu adinarengatik. Hala dute jarria Frantziako zein Espainiako lan legeetan. Frantzian hiru urteko kartzela zigorra ere jaso dezake enpresaburu batek norbait diskriminatzeagatik, besteak beste, adinarengatik. Legeak diskriminazio zuzena galarazten du, baina adinkerian oinarrituriko diskriminazioak mila mozorro hartu ditu, eta adin guztietako jendeari eragiten dio.

Marijo Deograciasek, esaterako, ezin izan zuen eskatu Jaurlaritzak ematen dituen doktorego bekak, orain lan kontratu direnak, lizentziatu ondoren lanean aritu zelako. «Lizentzia noiz amaitu duzun aintzat hartzen dute: amaitu eta beranduenez lau urtera eska zenezake», esan du. «Nire lizentzia zaharregia zen». Deograciasen arabera, zaharragoak ez dira errentagarritzat hartzen inbertsio publiko gisa: «Behin adin batetik aurrera, zenbat urtetan egingo duzu lan? Ze inbertsio zara?».

Euskara irakaslea da Leire Narbaiza, eta, jakinarazi duenez, udal euskaltegietan lan egiteko puntuak banatzerakoan, esperientziak eman ditzakeen puntuak mugatuta daude —0,3 puntu 100 orduko. Topea, 10 puntu—. «Zenbat eta zaharrago, orduan eta esperientzia handiagoa duzu. Inplizitu dago [adinarengatiko diskriminazioa], sibilinoa da», esan du.

Edurnezuriren amaordea

Kontzeptu interesgarria proposatu zuen Gimenez ikertzaileak 2006an: Edurnezuriren amaordearen sindromea. «—Ispilutxo, ispilutxo, nor da ederrena? —Zu ez zara dagoeneko ederrena». Horrela zen amaordearen eta ispiluaren arteko elkarrizketa. Adineko jendeak autoadinkeria pairatzen duela ondorioztatu dute ikerketek. AEBetan, Becca Levyk eta Ellen Langerrek aztertu zuten mekanismoa 1994. urtean: adineko jendeak sinetsi ere egiten du ezin dituela gauza batzuk egin besteek horrela esaten dietelako, eta uste hori bete egiten dute, ingurukoek horrela espero dutelako. «Bere burua betetzen duen profezia da», esan du Gimenezek. Autoestimu falta hori ikusten du Edurnezuriren amaordean, eta ispilua gizartearen adinkeriaren ahotsa da: «Ezin duzu, zaharra zara».

Haatik, adin kronologikoak eta biologikoak zerikusirik ez dutela esan du ikertzaileak. Haurtzaroan, hazkuntza garaian pertsonek bete egiten dituzte patroiak, besteak beste, pediatren hazkuntza kurbak. «Baina 30 urtetik aurrera ez dago patroirik; norberak bere eboluzioa du. Horregatik, adinekoena da talderik heterogeneoa, nahiz eta gizartearen adinkeriarengatik euren buruak talde berdin gisa ikusten duten».

Anautek denbora luzea darama derrigorrezko erretiroa salatzen. «Jendea asaldatu egiten zait esaten dudanean diskriminazioa dela norbait etxera bidaltzea 65 urte dituelako. Zergatik, ondo badago eta lan egin nahi badu?».

Enpresaburuek askotan argudiatzen dute enpresa gaztetu nahi dutela adin batetik aurrerako pertsonak ez kontratatzeko, edo erretiroa hartzera behartzeko. «Hori justifikatuta legoke futbol talde bat balitz, baina bestela...», esan du Bengoetxeak. «Erretiroa hartzea eskubide bat da, ez obligazioa. Behartu dezakezu norbait erretiratzera gaitasuna galdu duelako, baina inolaz ere adinarengatik».

Belaunaldien arteko elkartasuna saltzea ez da erraza, edonola ere. «Baby boom-ekook sentitzen dugu guk ekarpena egiten dugula beti, baina ez dugula inoiz jasotzen; beste batzuk geure lepotik bizi direla», adierazi du Anautek. Populazioaren zatirik handienak duen sentipen horrek badu lotura Mendebaldean hazten ari diren mugimendu politiko xenofoboekin. «Aldaketa handiegia gertatzen ari dela sentitzen dute».

Gatazka horren sintomak eskuin-esker agertzen ari dira. «Brexit-ak adinkeriazale bihurtu nauen beldur naiz. Lotsa ematen dit neure amak», esan zion lagun batek Rhiannon Lucy Cosslett The Guardian egunkariko zutabegileari ekainean. Izan ere, 18-24 urte artekoen %75ek Erresuma Batua Europako Batasunean geratzearen alde bozkatu zuten, baina 50etik gorako gehienek Brexit-aren alde egin zuten. Era berean, AEBetan, 18 eta 34 urte arteko gehienek (%55) ez zioten botoa eman Donald Trump hautagaiari, The National Exit Poll erakundearen arabera. Baina Hillary Clintonen alde ez zuten bozkatu espero bezainbestek, boterean dagoen belaunaldiko —agintari taldeko— ordezkari gisa ikusten zutelako.

«Zahartze aktiboa bultzatu behar dugu; bestela, zama handi bihurtuko gara gizartearentzat, eta horrek gatazka larria sortuko du», ohartarazi du Anautek. Zahartze aktiboaren urtea izendatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak 2012. Baina ideiarekin ez dago oso pozik Bengoetxea irakaslea: «Erretiroa atzeratzea sustatzen baduzu, gazteei zaildu egiten diezu lan mundura sartzera. Adinarena zaila da, eta batera edo bestera jo behar duzu orekatzeko. Orain, bietara jotzen ari dira, baina egurra emateko». Jaurlaritza ari da gazteei begira Lehen Aukera egitasmoarekin: ikasle onei sari gisa prestakuntza berezia ematen diete lanera sartzea errazteko. Baina zaharrei begira ez da ezer egiten ari.

Adin taldeen gerra bat dago gizartean, beraz. «Zergatik izaten dute halako konplizitatea aitona-amonek eta bilobek?», galdetu du Gimenez neurozientzialariak. Botererik ez dutelako. Heldukraziatik kanpo daudenak, beraz, aliatu egiten dira. «Fakultatean, adineko jende kontserbadoreak esan izan dit CUPi eman diotela botoa. Eta nik: 'Zuk, CUPi?'. Eta haiek: 'Bai, biloba CUPekoa dut, eta argudio eztabaidaezinak ditu!'». Adinekoak eta gazteak elkar ezagutzen dutenean aurrejuzkuetan oinarrituriko adinkeria sendatu egiten dela uste du. «Adinak gure aliatua izan behar du, belaunaldiak lotzen dituen haria badagoelako». Sentimendu hori kalera atera behar dela uste du neurozientzialariak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Fernando Rey itzultzailea eta Irene Vallejo idazlea, Iruñean egindako aurkezpenean. ©KIKE MORA

«Ahozkotasunari eginiko omenaldia ere bada»

Jakes Goikoetxea

Liburuen jatorriari buruzko saiakera atsegingarri, osatu eta arrakastatsu bat idatzi zuen Vallejok. Euskarara itzuli du Fernando Reyk, Pamielaren eskutik: 'Infinitua ihi batean'.
1 ©IDOIA ZABALETA / @FOKU

Urriaren azkenean, gaztaina etxean

Olaia L. Garaialde

Lehen, oinarrizko jakia zen gaztaina, baina, orain, gutxitan jaten da; esportatu egiten zen lehen, eta inportatu orain. Azken mendeetan, harremanak sortzen lagundu du. Batzuek historia ahaztu izan arren, badira gaztainari bizi berria eman dioten pertsonak, proiektuak eta ekintzak ere.

Uigurrek jasaten duten errepresioaren aurkako manifestazio bat, Hong Kongen, 2019ko abenduan. ©JEROME FAVRE / EFE

Uigurren etniako 71 kazetari preso ditu Txinako Gobernuak

Urtzi Urkizu

Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dute informazio eskubidearen kontrako «errepresio gogorra» dagoela gaur egun Txinan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.