Etorriko zenaren abisua

Fidel Raso kazetariaren 'Emigratzaileak eta iheslariak' erakusketa jarri dute Photomuseumen. Gibraltarko itsasartean egindako argazkiak dira

FIDEL RASO.
Ihintza Elustondo
Zarautz
2016ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Azken boladan zeresana ematen ari da itsasoa. Ez hainbeste ematen duenagatik, kentzen duenagatik baizik. Jendetza txalupa txiki batean, haurrak uretan itota, eta agureak oinutsik ezinean. Ohikoak bilakatu dira halako irudiak, baina ez da hain kontu berria. Aspaldidanik dute egoera hori Afrika eta Europa banatzen dituen Gibraltarko itsasartean. Hamalau kilometro pasatxo daude bi lur horien arteko zatirik estuenean. Egunak argiak direnean, Ceutatik Gibraltarko haitzaren irudia ere ikus daiteke. Ia uki daitekeela dirudi. Baina hain gertu eta hain urrun dago aldi berean. Milaka pertsona daude Afrikako kostaldean beste aldera pasatu nahian, bizitza hobe baten esperoan. 2004-2013 urteen artean, Ceutan aritu zen lanean Fidel Raso fotokazetaria (Sestao, Bizkaia, 1953), eta han egindako argazkiekin eta bildutako materialarekin osatu du Emigratzaileak eta iheslariak erakusketa. «Etorriko zenaren abisu bat da hau». Uztailaren 30era arte dago ikusgai, Zarauzko Photomuseumen, Gipuzkoan.

Esperientzia handikoa da Raso bere ogibidean. Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi zuen kazetaritza, baina atzerrian lan egin izan du, batez ere: Ekialde Hurbilean, Berlinen... Ceutan igarotako denboraldian —ia urtebete Melillan igaro zuen—, migratzaileen egoeraren lekuko izan zen, eta droga trafikoa eta jihadismoa ere gertutik bizi izan zituen. Besteak beste, El Mundo, El País eta The New York Times egunkarientzat lan egin du, eta hainbat sari jasotakoa da. Bizkaiko industriaren beherakadaren inguruko bi liburu ere kaleratuak ditu.

Photomuseumen sartu orduko, atentzioa ematen du paretan jarrita dagoen marrazki batek. Afrika dago batetik, hilkutxa pila batekin. Erdian, itsasoa: arrainak, txalupak, eta, hemen ere, hildakoak. Bestaldean, berriz, Europara iristea lortu duten iheslariak, laguntzen ari zaizkien boluntarioei eskerrak ematen. Eskola, sukaldea eta beste daude alde horretan, bestean sumatu ere egiten ez direnak. Eta mezu bat dago behealdean: «Lagundu».

Isaac Mapaco du izena marrazkiaren egileak. Kamerundarra da, eta, 2010eko Eguberrietan, harrera etxe batean zela, bere bizipenen inguruko marrazki bat egiteko eskatu, eta hori atera zitzaion. Raso harrera etxe horretan erreportaje bat egiten ari zen, eta, hura ikustean, «erabat hunkitu» zen. «Eguneroko bizimodua tragedia moduan bizi duen artista baten lan duina da».

Gatazka bera, baina bi atal

Mapacoren istorioak ematen dio sarrera erakusketari. Eta, gainontzekoa, bi ataletan bereizita dago. Leku berean egindako argazkiak dira guztiak, baina gai ezberdinak lantzen dituzte. Lehenak Bizitzaren eta heriotzaren itsasartea izena du, eta bizirik irautea batzuetan zein nekeza den islatzen du. Haien artean, bada argazki bat El Mundo egunkarian publikatu zena, eta Espainian fotokazetaritza arloan bigarren saria eskuratu zuena.

Errefuxiatu siriar bat ageri da, haur jaioberri bat eskuetan duela. Polizia du parez pare, eta hura mehatxatzen ari da, alde egiten ez badu haurra eskaileretatik behera botako duela adieraziz. Bien artean, beste haur bat dago, 5 urte ingurukoa; ahoa zabalik, oihuka. «Oso zaila izan zen niretzat argazki hori ateratzea. Nola prestatzen zara horrelako gauza baterako? Izoztuta gelditzen zara, geldi-geldirik. Ondo amaitu zen, baina gaizki amaitu izan balitz... Berriemaile izanda, pentsatzen dut prestatu egiten zarela, baina badaude egoera batzuk ohitu ezin zarenak».

Bigarren atala, berriz, honela deitzen da: Bizitza karga astuna da Europako hegoaldeko mugan. Zama astunak bizkarrean dituela ageri da jendea, bizitza ere astun bilakatu zaiela. Denetarik dago haien artean: agure itsuak zein emakume gazteak. «Gauza bat da tiroketa bat ikustea, armatuta dauden batzuk armatutako beste batzuen kontra, ideologia bat dela eta. Baina ez da hori kasua; hauek bizitza hobe bat nahi dute».

Argazki gehienak komunikabideetan publikatutakoak dira, eta, Rasoren arabera, batak bestearen ondoan hartzen du zentzua. «Film bateko zatiak bezala dira: denen artean istorio bat kontatzen dute». Baina argazkiz osatutako bi atal horiek gutxi irudituta, Ceutan bildutako materiala ere sartu du erakusketan. Txalupak, arraunak, olio botilekin egindako flotagailuak, bizitzarik salbatzen ez duten txalekoak... «Horiek ere istorio bat kontatzen dute».

Argazkilariaren lanak muga bat du, Rasoren iritziz. «Argazkilariaren lana gizartearen irakurketa hasten den lekuan amaitzen da». Horregatik jarri ditu benetako objektuak; nolabait, argazkiek kontatu ezin dutena publikoarengana hurbiltzeko. «Gauza bat da irudi bat ikustea egunkari batean, eta beste gauza bat da txalupa horretan pertsonak joan direla esatea, eta jakitea haietako batzuk hor hil direla».

Objektu horietako batzuk, txalekoak eta arraunak, beltzez margotuta daude. «Zer egiten du pertsona beltz batek, gauean, itsasoan, txaleko beltz batekin, eta, askotan, beltzez jantzita?». Ez du erantzun galdera Rasok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.