Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Beharrezko baboak

2016ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Aurrekoan Spotlight filmari erdipurdiko adjektiboa ipini nion: beharrezkoa. Adiera positiboa izan zezakeen hark orain gutxiesgarria dirudi. Ezinbesteko esan nahi omen duen sailkatzaileak, bere duintasun konnotazioa galdu, eta zerbait prosaikoa izatera apaltzen baitu. Pelikularen kondizioa gainditu eta gizartearentzako onuragarria izan daiteke, injustiziak desestaliz, mundua hobetzeko tresna bihurtuz, baina beharrezkoa dela esanez, anbizio artistikoa eta plazer estetikoa ezabatzen diogu, zerbait praktiko bihurtuz, bizitoki bat bezalakoa.

Berriz adjektiboa entzun dut. Oraingoan, The Big Short filmaren kariaz. Oscar saria jaso duen gidoiak ondo ezagutzen dugun historia kontatzen digu: banketxe eta gobernuek premiazkoa den eskubidea —etxebizitzarena— finantza aktibo espekulatibo bihurtu ondoren, munduko krisirik latzenaren erru guztia eskuzabaleko kredituak sinatu zituzten ezjakinei leporatu zieten.

Krisia jada generotzat jo dezakegu, eta Lehman Brothers, zergatik ez, subgeneroa. Nahiz eta ekonomiaren kontuak endredozkoak izan gehienontzat, badaude dummie-entzat eginiko pelikulekin —eta telebistako saioekin, Salvados, esaterako— kexu direnak, The Big Short moduko film teknizisten aurrean, lepoa egingo nuke gidoi zakarrarekin kexatzen direla.

Baina ez, hau ez da batere zakarra, beharrezko kondizioa gainditzeko apustu handia da, estilo bokazioarekin sortua. Genero honen filmen bat egitea dirudi: Le Capital edo Margin Call filmen planteamendua, Inside Job pelikularen dokumental itxura, edo Wall Street II eta The Wolf of Wall Street-en superprodukzioen izaera. Guztiak bezain zintzo, bikain eta mingarria da.

Tamalez, bitan mingarria da, hiritar guztiok jakin beharko genukeen egiez osatutako pelikula bat beharrezkotzat dugulako. Akaso, gaurkotasunaren gutxieneko informazioa duen edozeini zerbait berria azalduko dio? Xehetasunak, soilik. Errealitate gordina ikusi nahi ez dutenek, Hollywoodeko izarren amua saihestuko dute. Alferrik da. Ez da ezer aldatuko, futbola eta Salvame-ri begira gaudenbitartean, edozein iruzur sinatuko dugulako.

Eta, orduan, beste genero bat asmatu beharko dugu: Idiozia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.