David Hornback. Argazkilaria

«Argazkigintza denbora harrapatzea da»

Bizitza erretratatzea, horixe egiten du David Hornbackek bere argazkien bidez. Nazioarteko hedabide askotan lan egindakoa izan arren, egun kalean topatzen ditu eszenak. Batez ere, Bilbo eta Berlingo kaleak ditu objektiboaren aurrean.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2015eko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
«Duela hogei urte ateratako argazki bati buruz hitz egiten didatenean, atzo bertan atera nuela iruditzen zait askotan». Denboraren pertzepzioa desitxuratua duela dio David Hornbackek (Los Angeles, AEB, 1962). Argazki kazetaritza egin zuen garaian azkar bizi izan zen, baina argazkien bidez istorio bat kontatzea gustatzen zaio, «eta ez albiste bat ilustratzea». Era horretako argazkiak atera zituen Berlingo Harresia erori zenean, edo 1989. urtean San Frantzisko (AEB) hirian izandako lurrikara erretratatu zuenean. Azken lan horregatik Pulitzer saria ere jaso zuen, baina kazetaritza alboratzea erabaki zuen. Gaur egun, Bilbo eta Berlin artean bizi da, eta kaleko argazkilaritza egiten du. Bizitza bera erretratatzen du, hori gustatzen zaiolako. Istorioak kontatzea.

Zer da kaleko argazkilaritza David Hornbackentzat?

15 urterekin argazkiak ateratzen hasi nintzen egunetik egin dudana da. Hori izan zen nire sena, bizitza erreala harrapatzea, eta horretan jarraitzen dut oraindik. Marisol [Ramirez, Argazki Press-eko argazkilaria] erretratuak ateratzen ari zitzaidala argazki bat ikusi dut, eta atera egin dut, ni subjektua nintzen arren.

Hori ere bada kaleko argazkigintza?

Bai. Kaleko argazkigintza egiteko garaian, denek daukate beldur bera: erretratatua haserretzea. Baina nire esperientziak erakutsi dit jendeak ez dakiela nola erantzun argazki bat ateratzen diotenean. Ez dakite haserretu edo ondo hartu. Irribarre batekin eta hitz batzuekin pertsonarik gogorrena ere samurtu dezakezu. Aurrekoan [Bilboko] San Frantzisko kalean lau mutil gogor zeuden mundu guztia kontrolatzen. Nik argazkiak egin nahi nizkien, baina gaizki hartuko zutelakoan, ondoan geratu nintzen. Horietako batek esan zidan ea norentzako ari nintzen, eta nik niretzako zirela erantzun. Prakak jaitsi eta bere ipurdiari argazkia ateratzeko esan zidan, 50 euroren truke. Hizketan hasi nintzen eurekin, eta ondoren denek nahi zuten nire argazkian atera. Argazki serie polita egin nuen.

Zein izan behar da jarrera?

Niretzat, garrantzitsua da bizitzaz eta argazkigintzaz gozatzea. Ni zoriontsua naiz argazkiak egiten ditudanean, eta hori transmititzen dudala uste dut.

Une oro, edozein lekutan egin daitekeen zerbait da, gainera.

Kaleko argazkigintza ez da kalean soilik egiten; eguneroko bizitza irudikatzea da helburua. Beraz, etxean edo edozein lekutan egin dezakezu. Bizitza zer den argazkiekin harrapatzen duzu, eta horrekin asko gozatzen dut, eguneko ordu denetan egin dezakezun zerbait delako. Gauez taberna batean bazaude, eta eszena polit bat ikusiz gero, eguneroko bizitzaren erretratu eder bat atera dezakezu.

Argazki kazetaritzan, ordea, informazioa bilatzen da.

Nire prentsako lana oso kalekoa zen, egunero neukan albiste berri bat, eta hori gustatzen zitzaidan. Baina lan informatiboa egiten baduzu, mugatuta zaude. Nik nahiago dut albiste bat ilustratu baino, istorio hori bera argazkiaren bidez kontatzea. Prentsarako ateratzen dituzun argazkiak egun batean dira garrantzitsuak. Nik bizitza guztirako balio duten argazkiak atera nahi ditut, bizia bera kontatzen duten argazkiak. Hozkailuan jartzeko modukoak.

Kazetaritzan ibili zinen garaian ere halako argazkiak egiten zenituen?

Bai, albisteen argazkiak egiten ditudanean, argazkien bidez istorioa kontatzen saiatzen naiz. Kaleko argazkiak egiten ditudanean bezala da; argazkiak ez du testuaren azalpenik behar. Lurrikara batean, hildakoak daude, errepide puskatuak eta zubi eroriak. Albisteak egiten ditudanean, beraz, zerbait gehigarri egiten dut, eta argazkiaren barruan istorio osoa egon dadila nahi dut. San Frantziskoko lurrikararekin ere horrela izan zen. Ez nuen erakutsi nahi izan zubi bat erori zela, jendea kaltetuta zegoela eta hondamendi bat izan zela baizik.

Nola bizi izan zenuen 1989ko lurrikara hura?

Lurrikararen momentuan egunkariko bulegoan nengoen, nire nagusiarekin argazkiak errebelatzen. Lurrikara hasi, eta mahai azpira sartu ginen biok, eta berehala jabetu ginen hura handia izan zela. Nagusiak berehala bidali ninduen San Frantziskora, eta hiru astez egon nintzen han lanean, gau eta egun. Hirugarren astean, telebista pizteko esanez etorri zitzaidan nire nagusia. Orduan ikusi nuen Berlingo Harresia erortzen ari zela. Bi urtez bizi izan nintzen harresiaren atzean, eta berak bazekien hori. Etxera bidali ninduen maleta egitera.

Garai biziak pasatu izan zenituen urte hartan.

Bai, nik uste dut sei astean ez nuela ia lorik egin. Hala ere, zuzendaritzak iritzia aldatu zuen. Hasieran norbait bidali behar zutela esaten ari ziren, baina egunkariko zuzendariek ezetz esan zuten ondoren, Pulitzer saria irabazi nahi zutelako lurrikararekin, eta argazkilari denak bertan nahi gintuzten. Nik Berlinera joan nahi nuen, eta hara joateko azken txartela erosi nuen. New Yorketik nire nagusiari deitu nion Berlinerako bidean nengoela esanez. 30 segundoz isilik egon zen, eta barrez hasi zen ondoren. Aurrera egiteko esan zidan. Hiru aste pasatu nituen han, eta handik itzultzean erabaki nuen Europara itzuli nahi nuela. Nahiago nuen kaleko argazkigintza egin, nire prentsako lana oso kalekoa zen arren.

Harresia erori ondorengo Berlin hura, nola topatu zenuen?

Mundu guztiak uste zuen harresia betirako egongo zela. Gobernu biak hain zeuden egoskortuta, inork ez zuen halakorik pentsatzen. Ostegun iluntze batean hasi zen erortzen, eta ni larunbatean iritsi nintzen. Jendea harresia apurtzen saiatzen ari zen momentu horretan, oso momentu berezia izan zen. Jendeak ez zuen sinesten ikusten ari zena, iraganean harresira igoz gero hil egiten baitzintuzten. Bada, jendea eskailerekin ari zen harresi gainera igotzen, eta zaindariek ez zekiten zer egin.

Nolako argazkiak atera zenituen?

Beti izan dut damu bat. Egunez, orduak pasatu nituen jendea harresia apurtzen agertzen zen argazkiak ateratzen, eta gauez, San Frantziskora bidaltzen nituen argazki horiek, transmisore baten bidez. Baina Berlindik kanpora zihoazen lineak gainezka egiten zuten, eta ia gau osoa igarotzen nuen argazkiak bidaltzen. Beste argazkilari batzuek kontrara egin zuten, hiru astez argazkiak atera, eta gero bidali. Baina nik zerbait arriskatua egin nuela sentitzen nuenez, presio handia nuen. Gauzak ondo egin nitzakeela erakutsi nahi nien nire nagusiei. Beraz, ilustratzeko argazkiak atera nituen, eta ez niretzako argazkiak. Beraz, beti damutuko naiz egindako argazki denak egunkarirako izan zirelako.

Urte horretan, ordea, Pulitzer saria jaso zenuen San Frantziskoko lurrikaran egindako lanagatik.

Bai, baina niri fama ez zait interesatzen. Argazkiak egin nahi ditut, niretzat plazer bat delako. Garrantzia eman nion, noski; baina niretzat, plazera zerbait eder egitea da, jendeari gustatuko zaion zerbait egitea. Kaliforniara itzuli, eta jendeari ateratako erretratuak euren hozkailuan jarrita ikusten ditudanean, hor sentitzen dut zerbait berezi egin dudala beste norbaitentzat.

Horregatik hasi zinen argazkiak ateratzen?

Bai, 15 urterekin. Hiru urte lehenago zuhaitz bati ateratako argazki bat hartu nuen, eta konparatzera joan nintzen. Ikusi nuen ordurako zuhaitz hori ez zegoela, eta pentsatzen jarri nintzen: argazkia sekulakoa da, benetan existitu ez arren, argazkian badelako, dokumentatu dut. Hori 15 urterekin. Nire kamerarekin etxeko animaliei eta anaiei argazkiak ateratzera joan nintzen. Artxibo bat egin nuen, badaezpada, ezer aldatuko zelakoan. Ikastetxea eta nire ingurua erretratatu nituen horrela.

Zer-nolako argazkilaria zinen orduan?

Orain baino hobea [barreak]. Inozentzia horrekin argazki oso onak egin nituen, pentsatu gabe egiten bainituen. Unibertsitatean pentsatzen erakusten dute, baina batzuetan hobe da zentzuak dioena egitea.

Ez zinen argazkilari txarra izango, 22 urterekin National Geographic-en argitaratu baitzenituen zure lanak.

Bai. Haurra nintzela denek esaten zidaten: «Argazkilari izan nahi duzu? National Geographic-entzako egin nahi duzu lan orduan?». Beti baietz esaten nuen, baina kontrara pentsatzen nuen. Nik Life aldizkariarentzako egin nahi nuen lan. Zuri-beltzean ateratzen zituen argazkiak, eta jende errealarenak. Niretzat, National Geographic-en argazkiak hutsalagoak ziren. Beraz, horra iritsi nintzenean, mundu denak esaten zidan: «Lortu duzu!». Baina nik Life nahi nuen. Hura itxita zegoen, ordea. Hala ere, oso ondo zegoen National Geographic, nire estilora gerturatzen zelako, baina zerbait falta zitzaion.

Zer?

Argazkilariei baliabide denak ematen zizkioten nahi zutena egiteko. Baina ez baduzu euren estiloan barneratuko den argazkirik ateratzen, ez dute argitaratuko. Beraz, beti dago presio hori, euren estiloan lan egiteko. Orain hori aldatu da, eta askatasun handiagoa daukate argazkilariek.

Gustatuko litzaizuke berriz ere hara itzultzea?

Nik egin nahi dudana egiten uzten badidate, bai. [Barreak].

Argazki gehienak zuri-beltzean ateratzen dituzu. Zergatik?

Tira, kolorea egiten dut baita ere. Oso ezberdinak dira bi erregistroak, eta biak ditut gustuko. Hori bai, askotan analogikoan lan egiten jarraitzen dut. Gaur egun argazkiak atera, eta euskarri digitaletan gordetzen dira. Horiek izorratu daitezke, baina inprimatuta dagoenak ehun urte iraun dezake. Niri hori interesatzen zait, argazkigintza denbora harrapatzea delako.

Orain argazki kamera digitalekin denbora harrapatzen duen dokumentazio itzela dago...

Bai, baina etorkizuneko argazkien arazoa hori da. Argazki asko daude, baina ehun urte barru non topatuko dituzu argazki horiek? Euskarri digitalean hamar urtean desagertu daitezke.

Garrantzi gutxiago ematen zaio argazkiari?

Edonork egin dezake argazki eder bat; egia da demokratizatu egin dela. Nik nire ikasleei ariketa bat proposatu diet: har dezatela argazki sail bat, eta kutxa batean gorde ditzatela. Hamar urteren ondoren zabaldu dezatela, eta hor dokumentu erreal bat topatuko dute. Horren inguruan pentsatu dezatela nahi dut.

Zuk zure argazkiak ikusten dituzu?

Bai, gustatzen zait. Erakusketak ditudanean, nire dokumentazio fisiko eta digitala begiratzen dut, eta gustuko dut, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.