Erantzuna haizean dago

Urakanek, uda honetan, gutxitan ikusitako indarra hartu dute Karibe aldean. Baina lotura zuzena al du horrek eta Euskal Herrian udan egin duen eguraldiak klima aldaketarekin?
Erreniegako mendateko (nafarroa) erromesen omenezko eskultura, abuztuaren 7ko ekaitzan.
Erreniegako mendateko (nafarroa) erromesen omenezko eskultura, abuztuaren 7ko ekaitzan. JESÚS DIGES / EFE

Edu Lartzanguren

2017ko irailak 16
Zaila izan da Irma urakana neurtzea, horretarako erabiltzen den eskala txiki utzi duelako. Karibeko bazterrak suntsitu ditu Irma-k irailaren lehen asteetan: 80 pertsona baino gehiago hil ditu, eta 60.000 milioi euro inguruko kalteak eragin ditu. Bitartean, Asian, montzoi sasoia gogorra izan da. Indian, Bangladeshen eta Nepalen 1.200 pertsona baino gehiago hil dira uholdeen eraginez, eta hondamendiak 40 milioi pertsonari eragin dio. Klima aldaketa iragarri zuten zientzialariek aspaldi esan zuten Lurra berotzearen eraginez muturreko fenomenoak indartuko zirela. Askok korrika eta presaka atera dituzte kontuak, eta amaitzear dagoen uda honetako fenomeno ikusgarriak prozesu horrekin lotu dituzte. Eta baita Euskal Herrian izan den uda ere, dela bero handiarengatik, dela Nafarroan gertaturiko ekaitz handiengatik, dela herrialdearen hegoaldean izaniko euriarengatik.

Betiko arazoarekin egiten da topo hemen: askotan nahasten da eguraldia eta klima. Klima epe luzeko gauza bat da. Eguraldiak hamarkadetan edo mendeetan dituen gorabeherak dira klima, NASAren definizioaren arabera. Une batean tenperaturak edo euriak egoera ohikoa ez dela pentsarazi arren, epe luzeko datuek erakuts dezakete normaltasunaren barruan daudela.

Ganix Esnaola atmosferaren fisikaria da, eta ez du epe motzeko tartea ikertzen (eguraldia), ez eta epe luzekoa (klima), baizik eta epe ertainekoa. Horregatik da pertsona egokia klima aldaketak uda bateko eguraldian isla izan ote duen argitzeko.

Sateliteetako datuekin egiten du lan Esnaolak, eta uda Norvegian pasatu du. Batez ere, orbitatik gailuok neurtzen duten itsasoko azaleko tenperatura aztertzen du, eta hiru bat hamarkadatako datuak lantzen ditu. «Klima aldatzen ari dela inor gutxik jartzen du zalantzan. Intuizioak esaten digu gizakiak sorturikoa dela, baina, gutxienez, beroaldi gehiago dituen 30 urteko epe esanguratsua beharko dugu zientifikoki guztiz baieztatzeko», adierazi du.

Izan ere, klimaren ziklo asko ez dira ezagutzen, batez ere ozeanoei dagokienez. Zientzialariek hobeto ezagutzen dute lehorrean edo atmosferan zer gertatzen ari den, baina, oraindik ere, ziurgabetasun handia dago ozeanoan gertatzen ari denaren inguruan: «Nola berotzen ari da goiko geruza? Zenbat CO2 ari da xurgatzen ozeanoa? %90eko ziurtasunez ari gara hitz egiten, ez dugulako datu asko, ozeanoa ahaztua dugulako oraindik».

Urakanen motorra

Azken 30 urteotako datuak hartuta, begi bistakoa da ozeanoak berotzen ari direla. Horrek lotura zuzena du urakanak indartzearekin. Izan ere, ozeanoaren uraren beroa da zikloi tropikal hauen motorra, horrek ematen dio ekaitz bati urakan bihurtzeko indarra. Halakoetan, uraren azalak 26 gradukoa edo beroagoa behar du izan. Ur horrek bere gaineko airea berotzen du, eta aire beroa arinagoa denez, gora egiten du. Horrek presio gutxiko gunea sortzen du azpian, eta igotzen ari den aireak eta haren lekua hartzera heltzen den aire hotzagoaren mugimenduak zurrunbiloa sortzen du. Gero eta beroagoa airea, orduan eta azkarrago igoko da, eta, ondorioz, haize bortitzagoak sortuko ditu. «Errealitate gordina da: itsasoa berotzen bada, urakanek indar handiagoa izango dute», esan du Esnaolak. Sarriago gertatuko ote diren baieztatzea zailagoa da, fisikariaren arabera.

Baina «kontuz ibili behar da: klimaz hitz egiten da gauza estatikoa balitz, baina oso gauza dinamikoa da». Esaterako, neguko depresio fronte guztiak leku beretik datoz Euskal Herrira, meteorologoek ekaitzen bidea deitzen dioten horretatik, haize nagusiek bultzatuta. Bizkaiko golkotik iparrera dago bide hori, eta horregatik ipar-mendebaldeko haizeak ekartzen du euria Euskal Herrira. «Klima aldaketaren berotzeagatik bide hori lekuz aldatuko balitz, apur bat iparralderago, esaterako, orain etortzen zaizkigun fronteak pasatzeari utziko liokete, eta horrek sekulako aldaketa ekarriko luke gurera», esan du Esnaolak. Baina adibide hori erreala ote den, hau da, benetan gerta daitekeen galdetuta, «erantzutea oso zaila eta arriskutsua» dela erantzun du fisikariak. Sistema dinamikoa eta konplexua denez, berotze orokorrak eragin dezake gune bat hoztea, paradoxa ematen badu ere. Nazioarteko aurreikuspenen ereduak hartzea eta Euskal Herrian zer espero den proiektatzea oso zaila da, zientzialariaren arabera.

Bizkaiko golkoko itsasoko tenperatura ere berotzen ari dela nabarmena da, Esnaolak aztertu dituen sateliteko datuak aztertuz gero. Itsas gainazalean eta lehenengo metroetan ari da gehien berotzen; hortik behera, gutxiago, baina berotzen betiere. Lapurdiko kostaldean nabariagoa da berotzea, fisikariaren datuen arabera ura ez delako horren sakona.

Euskal uda

Udaberria «lehor eta oso lehor artean» izan zen Nafarroaren iparraldean, baina normal eta heze artean hegoaldean, Nafarroako Gobernuak argitaraturiko txostenaren arabera. Horri esker, urtegiak %71raino bete ziren sasoia amaitu zenerako. Tenperaturari dagokionez, udaberria oso beroa izan zen. Batezbestekoa baino bat eta bi gradu artean beroago. Normaltasunetik gehien urrundu ziren tenperaturak Goñiko eta Fiteroko estazio meteorologikoetan hartu zituzten: batezbestekoa baino 2,3 eta 2,1 gradu beroagoak, hurrenez hurren. Markak hautsi zituzten uztaileko ekaitzek: Vianan 72,3 litro jaso zituzten, inoiz 24 orduan han botatako gehien. Hilabete beroa izan zen leku gehienetan: batezbestekoaren gainetik 0-1 gradu artean, oro har. Nekazaritzarako, uztail lehorra eta beroa izan da, batez ere Andosilla, Lerin eta Faltzes inguruan. «Luzaideko behatokian bakarrik izan da nekazaritza urte normala», idatzi dute txostenean.

Abuztuko ekaitzek ohi baino askoz ur gehiago bota zuten Nafarroako Erdialdean eta Erriberan. Buñuelen 67 litro jaso zituzten 24 orduan abuztuaren 29an. Meteorologoek nabarmendu egin dute abuztuaren 7ko ekaitza: Zangoza, Ledea eta Esa inguruan txingorrak kalteak eragin zituen. Leiren inoiz neurturiko abuzturik hezeena izan da aurtengoa. Nekazarientzat oso hezea izan da urtea Nafarroaren hegoaldean, baina iparraldean, paradoxa, lehorra izan da. Uztailean, bezala, bakarrik Luzaiden izan da normala nekazaritza urtea, tenperaturen aldetik.

«Uda Euskal Herrian, oro har, normaltzat har daiteke, tenperaturen aldetik, eta hezetzat edo normaltzat, euri aldetik», esan du Joseba Areitio fisikari eta Amillena Meteorologia elkarteko buruak. Salbuespena Araban jarri du doktoreak, uda han lehorra izan delako, ekialdean izan ezik. Beste salbuespena: lehen aipaturiko Nafarroa hegoaldeko uda oso hezea.

Ekaina beroa izan bazen ere, hilaren amaiera hotza izan zen, eta datozen egunetarako iragarpenak kontuan hartuta, «uda normalean baino apur bat hotzagoa eta hezeagoa geratuko da». Udako beroaren inguruko pertzepzioa oso subjektiboa izan daiteke, baina datuak ez. Izan ziren, bai, 40 gradu inguruko bero boladak, baina baita aste hotz batzuk ere. Meteorologoak gogoratu duenez, Otxandion bi graduko minimoak jaso zituzten termometroek. «Ez da ohikoa, baina gerta daiteke abuztuan eta leku garaietan».

Esnaolak esandakoa berretsi du Areitiok: uda batean gertatzen denak ez du ezer esan nahi. Uda sail askoz luzeagoa hartu behar da kontuan ondorioak ateratzeko.

Klima aldaketaren eta muturreko fenomenoen arteko harremanaz «eztabaidatzeko asko» dagoela esan du fisikariak. Gogoratu duenez, klimatologoek Izotz Aro Txikia deiturikoan (1600-1850 artean, gutxi gorabehera) orain baino giro askoz hotzagoa egin zuen, eta, hala ere, muturreko fenomeno asko gertatu ziren.

Planeta berotuz gero ere, ipar poloa ere berotzen bada, tenperatura kontraste gutxiago egongo da, eta, azken batean, kontraste horiek dira fenomeno gogorrak eragiten dituztenak gurean.

«Ez du ematen klima aldaketa azkartzen ari denik», esan du Areitiok. Gaineratu duenez, zertxobait egonkortu egin da, eta duela 20 urte aurreikusitakoa baino txikiagoa da joera. «Laster gara 2020an, eta ez da inongo hondamendirik gertatu».

Beraz, ez dira klima aldaketaren zantzuak leku okerrean bilatu behar: Karibe aldean bai, urakanak zuzenean daudelako lotuta itsasoaren tenperaturarekin. Baina Euskal Herriko uda gorabeheratsuetan ez. Zientzialarien arabera, 0,12 gradu inguru ari da berotzen planeta hamarkada bakoitzean. «Beraz, hamarkadak beharko dira, eragina nabaritzeko».

Pesimistenen aurreikuspenen arabera, lau gradu igoko da tenperatura mende honetan; optimistenen aburuz, gradu bat. Arrazoia nork? Erantzuna haizean dago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna