Hungaria. Parlamenturako hauteskundeak

Begira izanen du Brusela

Viktor Orban Hungariako lehen ministroak hirugarren agintaldi bat jarraian hasteko behar adinako babesa lortuko duela espero da etziko bozetan. EBri kritika gogorrak egin dizkio kanpaina osoan

Begira izanen du Brusela.
mikel rodriguez
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Hagitz ezuste handia litzateke igande arratsean, bozkalekuak itxi ondoren, Viktor Orban ez balitz agertuko Budapesten parlamenturako hauteskundeetako bertze garaipen handi bat ospatzen. Inkesten arabera, batez bertze gutxienez botoen %40 jasoko ditu etzi. Ehuneko hori berretsiko balitz, Orbanen babesa higatzen ari dela erran nahiko luke, 2010ean haren Fidesz alderdiak botoen %52,7 lortu baitzituen, eta 2014an, berriz, %44. Dena den, behar bertzeko kopurua izanen luke parlamentuan gehiengo zabal bat lortzeko. EB Europako Batasunean ere Hungariaren ordezkari gorena azken zortzi urteotako berbera izanen delakoan daude. Batasuneko agintariei buruko min eta buruhauste gehien ematen dien liderra izatearen ospea hartu du Orbanek, baina Bruselako zenbait ordezkarirekin duen etsaitasun horrek praktikan ondorio gutxi dituelakoan daude lehen ministroaren arerioak. «Europar Kontseiluak 2010-2011 artean nabarmen egin zuen eskuinera, eta horrek lagundu dio Orbani nahi duena egiten», adierazi zuen atzo Laszlo Andor MSZP Hungariako Alderdi Sozialistako kide eta Europako Batzordeko enplegu ordezkari ohiak.

Eztabaida eta errieta anitz izan ditu Orbanek EBko ordezkariekin. 2010ean, Fidesz alderdiak parlamentuko ordezkarien bi heren lortu zituen, KDNP alderdi demokristauarekin elkartuta, eta konstituzioa aldatu zuen. Bruselatik haren erreformak kritikatu zituzten, bertzeak bertze, prentsa askatasuna murriztu zutelako, eta Mendebaldeko hedabide handietan lider autoritariotzat irudikatzen hasi ziren Orban. Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak egoera txantxetarako hartzeko beta eduki zuen, 2016ko goi bilera batean EBko estatuetako agintari gorenak banan-banan agurtzen ari zenean Orbani «diktadore!» erranda eman baitzion eskua.

Popularren babesa Europan

EBko agintarien eta migrazioaren aurkako jarrera izan dira azken urteotan Orbanen arrazoi nagusiak. George Soros hungariar jatorriko magnate estatubatuarraren aurkako kanpainak ere garrantzi berezia izan du lehen ministroaren mezuetan —gobernuak Sorosen aurkako panelak eta guzti paratu ditu karriketan—, leporatzen baitio Hungariako politikan esku hartzea. Anitzetan, hiru mezuak bateratu ditu: «Kanpoko indarrek eta nazioarteko botereek hau [immigrazioa] hartzera behartu nahi gaituzte, Hungarian dituzten morroien laguntzarekin, eta datozen hauteskundeak aukera on gisa ikusten dituzte», erran zion Fideszek joan den martxoaren 15ean Budapesten antolatu zuen ekitaldian bildu zen jendetzari —1848ko iraultzaren 170. urteurrena zen—.

Ekitaldi horretara Polonian agintean dagoen PiS Justizia eta Legea alderdiko kideak gonbidatu zituzten, elkartasun keinu gisa, bi gobernuak baitaude Bruselako ordezkariekin haserretuta. Andor Europako Batzordeko enplegu ordezkari ohiaren arabera, ordea, ezberdintasun handi bat dago Fideszen eta PiSen artean, eta horrek azalduko luke Bruselak ez diela berdin presio egiten Hungariari eta Poloniari: Fidesz EPP Europako Alderdi Popularreko kidea da, baina PiS, ez.

EPPko kideak dira, bertzeak bertze, Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren CDU alderdia, haren bazkide CSU Bavariako alderdia, eta Juncker bera. Frank Engel Junckerren alderdikide eta europarlamentariak Europako eskuindarren talde nagusitik kanporatu nahi du Fidesz, baina kexu da EPPn ez duelako inork babesten. «Gauzak serio paratzen direnean, badirudi babesleak dauzkala, horietako anitz Alemanian, eta horietako anitz Bavarian», adierazi dio The Guardian egunkariari. Hauteskundeetarako azken txanpan dago Orban. Etzi, Bruselatik hagitz adi egonen dira Budapestera begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.