Putin: «Ukrainako gatazkaren konponbidea oso gertu dago»

Ekialdean erasoak gelditzeko plan bat proposatu dio Moskuk Kievi, baina hark nazioartea «engainatzeko» amarrutzat jo du.

Bihar elkartuko dira berriz alde guztiak, Minsken
Ukrainako armadaren tankeak, Sloviansk hiriaren kanpoaldean.
Ukrainako armadaren tankeak, Sloviansk hiriaren kanpoaldean. ROMAN PILIPEY / EFE

Samara Velte -

2014ko irailak 4
Ukraina ekialdeko gatazkaren konponbidea «oso gertu» dagoela uste du Vladimir Putin Errusiako presidenteak: baliteke Petro Poroxenkoren gobernuak eta Donetsk eta Luhanskeko miliziek bihar bertan lortzea akordioa, Minsken egingo duten bileran. Errusia bera eta Europako Batasuna arituko dira bitartekari.

Su-etenak funtzionatuko badu bete beharreko zazpi baldintza jarri dizkio Moskuk Kievi. Alde batetik, Ukrainako armadak hego-ekialdeko bi eskualdeotatik atera beharko du, eta aski distantzia hartu, «artilleria erasoak gertatzeko arriskurik egon ez dadin»; bestetik, zibilen aurkako aire erasoak gelditu behar ditu. Hartara, segurtasun eremu bat sortuko dute gatazkak gogorren jo dituen lekuetan, eta horrek giza korridoreak zabaltzeko aukera emango du. Su-etena nazioarteko ordezkariek behatzea nahi du Errusiak.

Kievek amarrutzat jo du proposamena. «Plan honekin nazioartea engainatu nahi dute NATOren goi bileraren bezperan; hartara, Europako Batasunak Errusiaren aurkako zigorrei buruz hitz egitea eragotzi nahi dute», esan du Arseni Jatseniuk lehen ministroak. «Aurreko akordio guztiak hautsi egin ditu Errusiak». Poroxenko leunago mintzatu da, eta esan du bake prozesua ostiraleko bileran hastea espero duela. «Jendeak ezin du hiltzen jarraitu, eta hori onartu beharra dago». Fusilamenduak eta azpiegituren suntsipena ere berehala amaitu behar direla nabarmendu du.

Telefonozko negoziazioak

Atzo, Putinek bere plana aurkeztu aurretik, nahasmena eragin zuten Ukrainako presidentearen bulegotik heldutako adierazpen batzuek. Poroxenkok eta Putinek goizean goiz telefonoz hitz egin zutela zioten, eta elkarrizketa hartan «bakea ezartzeko urratsak adostu» zituztela. Aurki zabaldu zen bi presidenteek su-eten iraunkorrerako akordioa egin zutela. Ekialdeko miliziek berehala egin zuten protesta: haiekin inork ez zuela hitz egin eta, beraz, izatekotan Kievena izango zela menia. Azkenean, Errusiako Gobernuak argitu zuen afera. «Ukrainako indar armatuen eta milizien arteko su-etena ahalbidetuko luketen urratsei buruz aritu dira Putin eta Poroxenko», azaldu zuen Dmitri Peskov eledunak: «Ezinezkoa da Errusiak su-etena adostea, ez baita gatazkaren parte».

Nolanahi ere, hainbat gaitan ados jarri ziren bi aldeak; esate baterako, Luhanskeko giza laguntza koordinatzeko. Kieveko armadak setiatuta dauzka ekialdeko hiri nagusiak, eta hango herritarrak argindarrik, elikagairik eta urik gabe gelditzen ari dira. Kievek apirilean operazio militarra abiatu zuenetik, denera 2.500 lagun baino gehiago hil dira gatazkaren ondorioz, eta milioi bat inguruk egin dute ihes etxetik. Itar-Tass berri agentziaren arabera, haietako batzuk etxera itzultzen hasi ziren atzo, erasoak amaitu gabe zeuden arren. Aireportuan istiluak gertatu ziren, baina Donetskeko beste gune garrantzitsu batzuk libre zeuden soldaduz.

Hiri horretan galera handia izaten ari da Kieveko armada. Hala frogatu asmo dute, behinik behin, Donetskeko Errepublikak eman berri dituen datuek: abuztuan, «hildako eta zaurituen artean, 3.600 tropa» galdu ditu gobernuak. Hamalau hegazkin militar, hamar drone eta berrehundik gora tanke ere suntsitu ei dituzte miliziek.

Putinek aurreko astean ere adierazi zuen Ukrainaren barneko gatazka bat dela eta ez dagokiola berari ezer konpontzea. «Su-etenari buruzko negoziazioek Kiev, Donetsk eta Luhansken artekoak izan behar dute. Ez da gure kontua». Hala ere, Etxe Zuriak Errusiari egotzi dio gatazkaren errua. Barack Obama presidentearen hitzetan, ezinezkoa da su-etena adostea Moskuk «milizianoz mozorrotutako tropak igortzen» eta matxinoak «finantzatzen, armatzen eta trebatzen» jarraitzen duen bitartean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna