Bakea eta bizikidetza. Euskal presoak

Sortu: «Ekinbide hutsala da»

Pernando Barrenak uste du proposamenak ez duela aurrera egingo horretarako «babes legalik» ez duelako.Salatu du Jaurlaritzak ez duela inorekin hitz egin planari buruz

Erredakzioa
Donostia
2014ko urriaren 3a
00:00
Entzun
«Hutsala». Inora ez daraman proposamena. Interesdunekin «kontrastatu gabea». «Arreta desbideratzeko ahalegina». Halakoa omen da, Sorturen arabera, euskal presoak «gizarteratzeko» Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak aurkeztu duen programa: Hitzeman.

Horren inguruan gogor mintzatu da Pernando Barrena alderdiko bozeramailea, Jaurlaritzak zirriborroa jendaurrean aurkeztu eta ordu gutxira eginiko agerraldi batean. Haren iritzian, proposamenak «ezinezkoa» du aurrera egitea, batetik, Eusko Jaurlaritzak horretarako«eskumenik ez» duelako, eta, bestetik, gaur gaurkoz, beste inoren babesik ez duelako, presoena bereziki.

Hamahiru puntuko ohar bat irakurri du Barrenak, eta horietako askotan ideia bera nabarmendu du: planak ez du «helduleku legal edota estatutariorik»; beraz, ez da «eraginkorra». Sortuko bozeramailearen arabera, Jaurlaritzak ez du «inongo eskumenik» mahaigaineratutako helburuak betetzeko. «Eta oinarri horretatik abiatu gabe legezko bide bat proposatzea zentzurik ez dauka». «Ezin liteke legala denik esan, ez baitu inongo babes legal edota estatutariorik», azpimarratu du.

Sortuko kidearen ustez, horretarako beharrezkoa izango litzateke Espetxe Zaintzako eskumena, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoaren esku egotea, Gernikako Estatuak jasotzen duen moduan. Baina hori, gaur egun, Madrilgo Gobernuak dauka, programak hori eskatzea aurreikusten duen arren. «Orain artean, Gasteizko Gobernuak ez ditu espetxe zaintza eremuari dagozkion eskuduntzak jaso, eta, beraz, ezinezkoa du preso edota ihesean diren pertsonen gizarteratzerako inongo esparru legalik ezarri».

Barrenak azpimarratu duenez, EH Bilduk ere bat egiten du espetxe eskumenak EAE eta Nafarroara transferitzeko eskaerekin, baina bere jarrera «argitzeko» eskatu dio EAJri, eta gogoratu «orain dela gutxi» horri buruz bozkatu zutela Eusko Legebiltzarrean eta EAJk ez zuela bat egin koalizioaren proposamenarekin.

Horrekin batera, Barrenarentzat, «aparteko komentarioa» merezi du plangintza egiteko erabili den metodologiak. «Hitzeman planaren edukiak gobernuko alderdiarenak dira eta kito», salatu du. Fernandezek atzo argi utzi nahi izan zuen, baina, aurkeztutako txostena zirriborro bat baino ez dela eta datozen aste eta hilabeteetan alderdi eta presoen eskubideen defentsarako eragileekin bilduko dela haien balorazio eta ekarpenak jasotzeko.

Horren harira, Sortukoak azpimarratu du, baina, gisa horretako proposamen batek aurrez adostua eta kontrastatua izan beharko lukeela, eta salatu du ez dela horrela izan, ez«inongo eragile politikorekin» eta ezEPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin ere. Bai, ordea, Barrenaren iritzian, Espainia Gobernuarekin. «Ulermen maila handia behar duen gai honen lanketa gaur arte Rajoyk bakarrik ezagutzen zuen proposamen batekin hasi da. Ezer onik ez; hasiera txarra, beraz», ohartarazi du.

Horiek hala, Sortuko kideakadierazi du Urkullu eta Fernandez «ostrukarena» egiten ari direla, eta ohartarazi du Madrilek presoen kontra darabilen «eskubide urraketa politikatik» arreta desbideratzeko «ahaleginetan» ari direla. «Eskubideez hitz egiten ari gara; horiekiko errespetua aldez aurretikoa da, eta inongo baldintzarik gabea», azpimarratu du. Horri aurre egiteko, Barrenarentzat gakoa litzateke eskubide urraketa horiek guztiak amaitzeko estrategia adostea, «ahalik eta presio sozial eta instituzionalik handiena antolatuz».

Etxerat, bileraren zain

Sortu, beraz, Fernandezen planaren aurka agertu da, lehen balorazio egiteko orduan. Nolanahi ere, oharraren azken puntuak dio alderdia prest dagoela proposamena berriz aztertzeko eta, bereziki, interesdunen —presoen eta haien senideen kolektiboen— iritzia entzuteko. «Uste dugu haiei dagokiela hori guztia aztertu eta iritzi bat ematea; eta guk iritzi hori arreta handiz entzunen dugu», esan du Barrenak.

Horren harira, Etxerat-ek BERRIAri adierazi dio proposamena jaso, aztertu eta eztabaidatu ostean emango duela bere iritziaren berri, eta bilduko dela Fernandezekin, elkarteko kideen balorazio eta ekarpenen berri emateko. Gauza bera egiteko asmoa agertu du Sarek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.