Ekialde Hurbila. Palestinaren onarpena nazioartean

Eskua eskaini eta besoa ukatu

Ekialde Hurbileko tentsioa gori eta bake negoziazioetarako aukerak geldirik daudela, Palestinako Estatua onartzeko asmoa erakutsi dute EBko hainbat herrialdek.

Palestinar askok ez dute bi estatuko irtenbidea nahi

Samara Velte -

2014ko azaroak 19
Duela hogei urtetik baino gehiagotik dago idatzita Ekialde Hurbileko lurralde gatazka konponduko duen agiria: Yasser Arafat Palestina Askatzeko Erakundeko buruak eta Yitzhak Rabin Israelgo lehen ministroak sinatu zuten Osloko Ituna; hain zuzen ere, Washingtonen, AEBetako Gobernuaren bitartekaritzarekin. Itun hark bi estatu sortzeko proposamena zekarren, 1967ko mugetan oinarrituta: Gazan, Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean ezarriko zen Palestinako Estatua; eta gainerakoan, Israelgoa.

Ordutik, irtenbide hori babestu dute nazioarteko erakunde nagusiek, eta hogei urteotako bake negoziazio guztietan mahai gainean egon da. Praktikan, ordea, ez dira sekula ailegatu Lurralde Okupatuetan estatu bat eraikitzera; horren ordez, Israelen menpeko autonomia moduko bat gobernatu du PAN Palestinako Aginte Nazionalak gaurdaino.

Munduko 130 herrialdek baino gehiagok ez dute arazorik izan Palestinako Estatua onartzeko. Besterik da, ordea, Mendebaldeko potentzia ahaltsuekin. Nazio Batuen Erakundeak iaz onartu zuen Palestina estatu behatzaile gisa, baina Europako Batasuneko herrialde gehienek oraindik ere ez dute egin inolako onarpenik. Hilabete hauetan, ordea, egoera hori aldatzen ari litekeen seinale batzuk eman dituzte hainbat erakundek: Suediako Gobernuak urri amaieran onartu zuen ofizialki Palestinako Estatua; Erresuma Batuko Parlamentuak ere aldeko ebazpen bat onartu zuen handik gutxira —Irlandakoak eginda zeukan lehendik—; atzo Espainiako Kongresuak izan zuen hizpide, eta Frantziako Alderdi Sozialista ere prestatzen ari da antzeko proposamen bat. Hilaren 28an bozkatuko dute Asanblea Nazionalean, eta abenduan Senatuan.

Mendebaldeak bere unean uneko kontzientzia historikoaren arabera aldatzen du Ekialde Hurbilarekiko jarrera. Oro har, gobernu kontserbadoreenak Palestina onartzearen aurka agertu ohi dira, eta batzuek zailtasun bereziak dauzkate Israelen aurkakotzat har litekeen ezer egiteko. Alemaniako Gobernuak, esaterako, nekez onartuko du Tel Aviven onespenik ez daukan neurririk; eta Israelgo Gobernua, orain arte, Palestinarekiko onarpen guztien aurka agertu da.

2014an, ordea, mugara heldu da Europa mendebaldearen pazientzia. Isilik begiratu dio Israeli, hark bere koloniak zigor gabe hedatzen zituen bitartean. Udan, Gazaren aurkako erasoak —urteotako gogorrenak— protestak eragin zituen mundu guztiko hirietan, baina maila politikoan apenas hartu zuten neurririk Tel Aviv zigortzeko. Areago: gaur egun, eskuz esku dihardute Mendebaldeko eta Israelgo enpresek, gerratik suntsitutako lurraldea berreraikitzen.

Orain, giroa aspaldiko gaiztoen dago, eta bake elkarrizketak, hautsita. Europako Batasuneko Atzerri Gaietarako ordezkari berriak ere Palestina datorren urterako onartzeko asmoa azaldu du, PANi nolabaiteko boterea emate aldera. Federica Mogheriniren ustez —eta onarpena eman dioten Mendebaldeko gainerako estatuen argudioa ere horixe da—, beharrezkoa da Palestina eta Israel maila berean ipintzea, negoziazioek emaitza bidezkoa izan dezaten.

48ko lurrak, galduta

Israelek muzin egin die Suediari eta Palestina onartzearen alde bozkatu dutenei, argudiatuz horrek kalte egiten diola edozein akordio posibleri: Stockholmen erabakiari iseka ere egin zion Israelgo Atzerri ministroak, esanez Ekialde Hurbileko egoera ulertzea «Ikeako altzari bat muntatzea baino konplikatuagoa» dela.

Palestinarren artean ere oso gutxi dira bi estatuko akordioa nahi duten herritarrak. Osloko Itunak Israelen esku uzten ditu Palestina historikoaren lurren hiru laurden. Haietatik 800.000 palestinar ebatzi zituzten 1948ko Nakban —palestinarrentzat, «hondamendia»; israeldarrentzat, «independentzia gerra»—. Familia horietako gehienak errefuxiatuak dira ordutik, eta ez dute jatorrizko herrira itzultzeko eskubiderik. 1967ko mugetan oinarrituta banatutako bi estatu egongo balira, betirako galduko lukete aukera.

Bi estatuen irtenbidea ukatuta, Palestinako gizarte zibileko ahots kritikoenek estatu bakarra eskatzen dute. «Ez badigute estatua eman nahi, bizi gaitezen estatu demokratiko bakarrean», zioen Jamal Juma Stop The Wall erakundeko buruak joan den astean BERRIAn: «Pertsona bakoitzak boto bat izan dezala, beste lekuetan bezala».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna