Sekula baino aitorpen ofizialagoa

Eusko Legebiltzarrak omenaldia egin dio Brouardi, hil zuteneko 30. urteurrenean.

Lehen aldiz, talde guztietako ordezkariek parte hartu dute.

EAJ eta PSEko kideak ere izan dira Brouard eta Muguruzaren senideen ekitaldian
Eusko Legebiltzarreko kideak, Brouarden omenezko isilunea txaloz amaitzen, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria buru direla.
Eusko Legebiltzarreko kideak, Brouarden omenezko isilunea txaloz amaitzen, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria buru direla. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko azaroak 21
Aurreko astean egin zen Memoriaren Eguna ohi baino osatuagoa izan zen, eta inoiz baino zabalagoa izan da, halaber, Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko buruzagiak tiroz hil zituztenetik 30 eta 25 urte bete diren eguna ere. Jendaurrean sekula jaso ez duten errespetua, aitorpena eta omena jaso dute Brouardek eta Muguruzak. PSE-EEren idazkari nagusia bera ere izan da hildakoen senide eta lagunek Bilbon egindako ekitaldian. Krabelin gorria eskaini die, gainontzeko herritarrek bezala. Baita Ibone Bengoetxea Bilboko alkateorde jeltzaleak ere. Eusko Legebiltzarrak, bestalde, omen egin dio Brouardi lehen aldiz historian. Talde guztietako legebiltzarkideek parte hartu dute bost minutuko isilunean. Baita PPkoek eta UPDkoak ere.

Legebiltzarreko kanpoaldean indarkeriaren biktimei eskainitako Gauerdiko iparrorratza eskulturaren inguruan bildu dira legebiltzarkideak, Iñigo Urkullu lehendakaria eta sailburu guztiak zein Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidentea buru zirela. Talde politiko guzti-guztietako bozeramaileak ere izan dira lehen lerroan, eta, horien atzean, gainerako legebiltzarkideak. Bost minutu egin dituzte isilean Brouarden omenez, haren argazki handi baten eta su ontzi baten ondoan. Txaloz amaitu dute ekitaldia.

Eta ez da hor amaituko legebiltzarraren aitorpena. Hilaren 27an Brouarden omenezko plaka bat jarriko dute legebiltzarreko sarreran, gatazka politikoaren harira indarrez hil zituzten gainerako hiru legebiltzarkideen omenez daudenen ondoan. 1984an Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten Enrique Casas PSE-EEko legebiltzarkide zenak badu plaka legebiltzarrean; 1995ean ETAk hil zuen Gregorio Ordoñez PPko ordezkariak ere bai; baita ETAk 2000n hil zuen Fernando Buesa PSE-EEko kideak ere. GALek 1984an hil zuen Santi Brouard HBren ordezkaria da plakarik ez duen hildako legebiltzarkide bakarra, baina datorren astetik aurrera izango du. Hil zutenean, legebiltzarkide hautatu berri zuten Brouard; kargua hartu aurretik hil zuten, Bilboko kontsultan.

Espainiako Kongresuan

Josu Muguruza, atzo 25 urte Madrilen tiroz hila, berriz, diputatua zen Espainiako Kongresuan. Hain justu, diputatu akta jasotzera joan bezperan hil zuten, Kongresuko hitzartzea prestatzen ari zela. Espainiako Kongresuak ez dio inolako aitorpenik egin, baina atzoko saioan haren omenezko arrosa gorriak izan ziren hemizikloan.

Amaiurreko diputatuek ekarri zuten gogora Muguruzaren hilketa. Arrosa batekin egon zen bakoitza bere eserlekuan, eta Rafa Larreinak lorea eskuetan zuela egin zuen HBko buruzagia oroitzeko hitzartzea ere. Muguruza diputatu hautatu zuten arren 25 urteotan Kongresuak «isiltasuna» erakutsi izana aurpegiratu zien Larreinak diputatuei. Jarreraz aldatzeko eskatu eta biktima guztien egia, justizia eta erreparazioa lortzea galdegin zien. «Injustizia guztiak erreparatu behar dira, baldintzarik gabe», ohartarazi zien, horrek elkarbizitzan eta adiskidetzean aurrera egitea ekarriko lukeela gogoratuta.

Bilboko Ametzola parkean Brouarden eta Muguruzaren senide eta lagunek egindako ekitaldian ere, egia, justizia eta berdintasuna eskatu zituen Nagore Mujika Egiari Zor elkarteko kideak. «Jakin nahi dugu nork erail zituen eta aginduak nork eman zituen».

Baina haratago joan zen Mujika: «oraindik indarkeria erabiltzen dutenei» bide hori alboratzeko eskatu zien. «Noiz onartuko du Espainiako Gobernuak torturatu eta hil zutela, karea erabili zutela, gezurrean oinarritutako bertsio ofizialak osatu dituztela? Noiz hartuko dute konpromisoa egindakoa aitortzeko, mina erreparatzeko eta ez dela halakorik berriz gertatuko bermatzeko?».

Halere, onartu zuen pauso batzuk ematen ari direla, gogoratuta legebiltzarrak Brouarden omenezko plaka jarriko duela eta Bilboko Udalak omen egingo diola. Bide horretatik segitzeko deia egin eta laguntzeko prestasuna azaldu zuen. Udalak hilaren 26an omenduko du alkateorde zuena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna