Kataluniako erreferenduma. Kanpaina amaierako ekitaldia

Geroa erabakitzeko eskubidearen aldarria egin dute Bartzelonan

Erreferendumeko kanpainaren azken ekitaldia izan da atzokoa, bozkatzearen alde agertu diren alderdiek eta jendeak protagonizatua. Askatasuna eta demokrazia eskatu dituzte

Jendetza bildu zen atzo iluntzean Bartzelonan baietzaren aldeko kanpainaren amaierako ekitaldian. ALBERTO ESTÉVEZ / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Bartzelona
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Ostegun gau euritsua zen Tarragonan: hilaren 14a, kanpainako lehen ekitaldi nazionala egin zenean. Azken unera arte, Madrilek debekatu egingo zuelako mehatxua egon zen, legez kanpoko lehen ekitaldia bilakatuz, baina halere, Tarraco Arena bete egin zuten, independentziaren aldeko aldarria bilakatuz, ohartarazpenen beldurrik gabe, eta kanpoan geratu behar izan zuen Herrialde Katalanetako txoko guztietatik gerturatutako jende askok. Lehen egun hark iragarri zuen kanpaina intentsoa eta tentsoa izango zela, baina atzora arteko zurrunbiloa inork gutxik aurreikusi zuen —bai ordea Generalitateak—: Madrilen mehatxuak, webguneen itxierak, fiskalen agindu arbitrarioak, atxiloketak, miaketak, polizien porturatzea... Errepresioari, baina, egunero erantzun diote herritarrek, eragileek eta politikariek, denek bat eginez, azken txanpara arte. Eta jai giroan, alai, eta era baketsuan, probokazioan erori gabe. Atzo Montjuicen magalean milaka herritar bildu zituen festa, hamabost egun horien amaiera festa izan zen, handia, jendetzak protagonizatua, eta besteak beste, Pirat's Sound Sistema, Erik Vinaixa, Gertrudis eta Oques Grasses taldeek berotua hasieran, baina unerik gorena Lluis Llach kantaria oholtzara igo zenean hasi zen: L'Estaca mitikoak jende guztia abesten jarri zuen, Francoren diktaduraren egiturak sustraietatik eta denok elkarrekin ateratzeko beharra baitago gaurere. 1976ko Llachen irudiak jarri zituzten, eta gero, oraingoak, oholtzan zegoela: «41 urte geroago, hemen gaude, baina herrialde justuagoa eta askeagoa egingo dugu. Irabaziko dugu». Jendearen oihuak oholtza azpitik: «Irabaziko dugu, bozkatuko dugu».

Hamabost egunotan gertatutakoak gogoratu zituzten PSC, PPC eta Ciutadansekoak ez beste alderdietako ordezkari guztiek, erreferenduma babesten dutenek. Independentzia aukera bat izateaz gainera,demokrazia eta duintasun ariketa bat ere dela gogoratu zuten, askatasun ariketa bat, errepresioaren aurrean.

Albano Dante Fachin (Podem) izan zen oholtzara igotzen lehenetakoa. Espainiako Gobernua eta hedabideak kritikatu zituen, «gezurra, gezurra eta gezurra» esaten dutela oihukatuz. «Gu herri bat gara, oso batua, irekia, eta igandean baietz, ezetz edo zuri bozkatuko dugu, baina bozkatu egingo dugu».

Mireia Boya CUPeko legebiltzarkideak, berriz, Comu-koei egin zien ohartarazpena, ez dezatela sortu den mugimendua baliatu euren alde. «Ez dezagun ahantzi. Hau independentziari buruzko ereferenduma da, eta hori da negoziatu behar den gauza bakarra, ereferendumak bete beharrekoa izan behar du. Ez didazue behartuko nahi ez dudan gauza bat egitera. 48 ordutara independentzia aldarrikatu behar dugu, bestela, fartsak jarraituko du». Indar okupatzaileei, berriz, alde egiteko agindu zien: «Hemen ez duzue lekurik».

Inprimatzaileak ere atera ziren «adierazpen askatasuna» aldarrikatzera, suhiltzaileak «jendearekin» daudela esatera, webguneen arduradunak «demokraziari kaixo, eta zentsurari agur»egitera, nekazariak «lurraldea» goratzera, ikasleak, «geletatik kalera eta kaletatik erepublikara» oihukatzera, abokatuak «justiziaren alde» eta egunotan protagonistak izan diren jende guztiek osatu zuten Erreferenduma demokrazia da leloa.

Europari begira

Mundu osoa Kataluniara begira zegoen atzo, «egunotan bezala», aurkezleek gogoratu zutenez: «Nola herri bakezale bat mobilizatzen ari den bere etorkizunaren alde», eta munduan sostengua erakutsi duten politikari, aktore eta eragileen hitzak ekarri zituzten pantaila erraldoira, eskoziarren ordezkariak ere bai.

Oriol Junqueras presidenteordearen eta Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen azken hitzaldi beroen ostean, Au Die Freude Beethovenen bederatzigarren sinfonian oinarritutako ereserkia kantatu zuen abesbatzak, Europako hereserkia, europarrak direlako, eta Europako Batasun justuago bat eraiki nahi dutelako Kataluniako errepublikatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.