Katalunia

Amore eman gabe erasoari aurre egitera deitu du subiranismoak

Junts Pel Sirentzat, «hutsengindako estatu bat» da Espainia, gaur egun. PPk eta PSOEk botere banaketa defendatu dute. Europak ez du gertatutakoa baloratu nahi izan

Jendea negarrez, atzo, Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean. Erdian Teresa Jorda (ERC), eta atzean Gabriel Rufian eta Joan Tarda alderdi berekoak. MARISCAL / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Generalitateko zortzi kontseilarirentzat baldintzarik gabeko espetxeratzea agindu zuen Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak atzo, eta CUPek, txio baten bidez, laburbildu zuen Kataluniako alderdi subiranisten sentipena: «78ko erregimenaren eraso bat jasan dugu gaur. Errepublika defendatuz bakarrik aurre egin ahalko diogu». Alfred Bosch Bartzelonako Udaleko ERCren buruak zehaztu zuen nola defendatu: «Sendotasunez, era baketsuan».

Kataluniako alderdi subiranistek azpimarratu zuten Espainia ez dela zuzenbide estatu bat, eta ez etsitzera eta modu baketsuan mobilizatzera deitu zituzten herritarrak. Marta Rovira Junts Pel Siko bozeramaileak ezin izan zion negarrari eutsi: «Hutsegindako estatu bat da Espainia gaur, behea jo duena». Espainiako «demokratak» ohartarazi zituen, pentsatzen duelako Espainiako Estatuak «jazarri» dezakeela «bizi duen gizartea aldatu nahi duen oro». Lur jota ez geratzera deitu zuen: «Ez dugu amore emango. Errespetuz, baina jarraituko dugu borrokan herrialde duin eta justu batean bizi ahal izateko». Gabriela Serra CUPeko diputatuak ere Espainiako herritarrak izan zituen gogoan, Lamelaren erabakia baloratzerakoan: «Hemen piztutako sugar hau Espainiako eta Europako beste herri batzuetara hedatuko da». EB Europako Batasuna kritikatu zuen, gainera: «EB honek ezikusiarena egiten du». Eta ondokoa jakinarazi nahi izan zion Madrili: «Espainiako Gobernuak pentsatuko du garaitu egin gaituela, baina ez digu irabazi». Mireia Boya CUPekoarentzat, «estatu faxista» da Espainia. Albano Dante-Fachin Podemeko liderrak, beste askok bezala, txio baten bidez erreakzionatu zuen: «Kartzelatutako gobernu hau kritikatu dudan indar berarekin lan egingo dut aska ditzaten. Ez dira pasatuko».

PSCk lau puntuko komunikatu baten bidez jakinarazi zuen bere jarrera. «Justiziaren independentzia» errespetatzen dutela eta haren ebazpenei «men» egiten dietela diote sozialista katalanek aurrenekoa puntuan. «Desproportzionatua» iruditzen zaie kartzelatzeko erabakia, eta Puigdemonti leporatzen diote Bruselatik ez itzuli izana. Baina ez da giro PSCren barruan, eta atzo, esaterako, Jordi Ballartek, Terrasako alkateak, jakinarazi zuen alderdiko kide izateari utziko diola. PSC Kataluniako auzian edukitzen ari den jarrera dela eta, azken hilabeteetan gauza bera egin dute alderdiko beste kide batzuek.

Antzeko iritzia dute Ines Arrimadas Ciutadanseko buruak eta Xavier Garcia Albiol PPCkoak. «Demokrata gisa» erabaki judizialak errespetatzen dituztela esan zuen Arrimadasek, eta nabarmendu haiek urte asko daramatzatela «gertatu zitekeena» ohartarazten. Albiolek ere epailearen erabakia errespetatzen du, eta gaineratu nahi izan zuen Espainiako Estatuan botereak banatuta daudela: «Justiziaren erabakiak ez dira gurutzatzen erabaki politikoekin. Bakoitzak bere bidea du».

Oscar Puente zuzendaritza federalako bozeramaileak adierazitakoagatik, PSOEk ere berdin pentsatzen du: «Politikariak politikara, eta epaileak justiziara». Ez zuen baloraziorik egin, baina gehitu zuen espetxeratzea «gerta zitekeela». Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesiasek, ordea, Espainiarengatik «lotsa» sentitzen du.«Ez dugu Kataluniaren independentzia nahi, baina esan beharra dago: askatasuna preso politikoentzat».

EBko instituzioek ez zuten gertatutakoa baloratu nahi izan. Johannes Bahrke Europako Batzordeko bozeramaileak emailez erantzun zien ACN Kataluniako agentziaren galderei, eta esan zuen ez zegoela posizioa argitu beharrik, Jean Claude Juncker batzordeko presidenteak askotan esan duela Espainiaren «barne arazo bat» dela. Nicola Sturgeon Eskoziako presidenteak, ordea, espetxeratzeak arbuiatu zituen, eta Kataluniaren etorkizuna «demokratikoki» erabakitzera deitu. Geert Bourgeois Flandriako ministro-presidenteak ere argi dauka: «Demokratikoki aukeratutako gobernu bateko buruak kartzelatzea urrutiegi joatea da».

Hedabideen manifestua

Espetxeratutakoen askatasuna aldarrikatuz, Kataluniako 22 komunikabidek editorial bateratu bat kaleratu dute, kartzelatzeak salatzeko. Nazioarteari eskatu diote esku hartzeko, eta kontuan hartzeko Katalunia «nazio bat» dela, ez «asmakizun bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.