Mugitzeko mobilizazioa

'Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude' lelopean manifestazio handi bat izango da gaur arratsaldean, Bilbon, Sarek deituta. Espainiako Gobernuaren ordezkariak ETAtik aldentzeko eskatu die presoei

Enekoitz Esnaola

2018ko urtarrilak 13
Sei urte pasatu dira ETAk jarduera armatua bukatutzat eman zuenetik, eta bederatzi hilabete igaro dira erakundea armagabetu zenetik, baina Espainiako eta Frantziako estatuek espetxe politika aldatu gabe jarraitzen dute, eta gaur milaka euskal herritar berriz ere bestelako politika baten alde mobilizatuko dira, Bilbon, Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude lelopean, Sare plataformak antolatuta. 17:30ean hasiko da manifestazioa, Casillatik. «Milaka pertsona elkartu dituen leloa da, eta guztiok helburu baten inguruan elkartu gara: giza eskubideak, konponbidea eta bakea», esan du Sarek aste honetan.

EH Bilduk, EH Baik, ELAk, LABek eta hainbat eragile sozialek atxikimendua agertu diote martxari, eta bertan parte hartzeko eskatu dute. Gaur egungo espetxe politikaren aurka egon arren, EAJ, Geroa Bai, Ahal Dugu, Ezker Anitza edota Ezkerra ez dira Bilbon izango; EAEko eta Nafarroako Ahal Dugu-k euren kideen esku utzi dute joateko erabakia.

Sarek nabarmendu du iazko manifestaziotik hona Euskal Herrian «indar metaketari dagokionez urrats handiak» egin direla —EAEko eta Nafarroako legebiltzarretan, sindikatuetan, Ipar Euskal Herrian...—, baina haren bozeramaile Joseba Azkarragak asteon gogoratu du Espainiako Estatuan eragiteko oraindik ere akordioak lortu beharko direla Hego Euskal Herrian. Foro Sozial Iraunkorrak iragarri du alderdi politikoen arteko bide orri bat osatzeko ahalegina egingo duela ondorengo hilabeteetan.

Gaur-gaurkoz, lehen neurri gisa, bi eskaera nagusi daude espetxe arloan: gaixorik larri dauden presoen askatasuna eta presoen urruntze politikaren amaiera. Etxerat elkarteak emandako datuen arabera, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen %90 Euskal Herritik 400 kilometro baino gehiagora dauzkate kartzelan. Kolektiboko bi lagun baino ez daude Euskal Herrian preso —beste hiru etxean dira, atxiloaldi arinduan—. Espainiako Estatuan EPPK-ko beste 232 kide daude, Frantziakoan 61, eta Brasilen eta Portugalen bana. Guztira, 300 euskal preso. Aspaldiko gutxien. Azkenaldian ere libre geratutako ia den-denak zigorra osorik beteta atera dira.

Egitarau zabala osatu du Sarek gaurko, Bilbon. 11:30ean hasiko dute, Bolsa eraikinean: Gizarte zibilaren parte hartzea gatazka ezberdinen konponbidean. Eguerdi partetik aurrera, Areatzako gunean eta parte zaharrean, hainbat ekitaldi izango da.

De Andresen exijentziak

Javier de Andres Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariaren ustez, euskal presoen «etorkizuna aldatzeko» ez da aski izango ETAk halako batean jakinaraztea desegin egin dela; «beharrezkoa litzateke ETAko preso bakoitza erakunde kriminal horretatik aldentzea. Hau da, preso bakoitzaren erabaki pertsonala izan beharko litzateke, ez baita nahikoa agian Belgikan edo Alemanian dagoen bozeramaile batek esatea ETA desegin dela. ETArekiko lotura eza hori litzateke erakundearen benetako desegitea».

De Andresek adierazi du «kartzela barruan» dagoela ETA, «kanpoan kasik ez baita ezer geratzen», eta, ondorioz, euskal presoei zuzendu die mezua, Bilbon emandako prentsaurreko batean —beste gai bati buruz zuen agerraldia, eta kazetarien galderen ondoren aitatu du presoen auzia—. Espetxe politika «presoek alda dezakete», Madrilen ordezkariaren esanetan, «gizarteratzeko» onuren politika norbanakoei eta ez erakundeei zuzenduta dagoela jota.

Presoei ETAtik aldentzeko eskatzeaz gain, De Andresek galdegin die onar dezatela egin zutena gaizki egindakoa izan zela.

ETAk azaroan ohar batean zioen berak ez duela gidatzen EPPK, eta aste honetan jakin da kolektibokoak hasiak direla Espainiako Estatuan lege eskaerak egiten: espetxean lanak egiteko eskaera eta lehen gradutik bigarrengora pasatzekoa. Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epailea gradu aldaketa ukatzen ari zaie, EPPK-ko kideak «erakunde terrorista» bateko kideak direlakoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna