Sektore kritikoa altxatu da

Nafarroako Ahal Dugu-n Orain Mugituz taldea sortu da. Kezkatuta daude alderdiaren bilakaerarekin. Kritiko agertu dira Santosen ildo ofizialarekin eta Espainiako Podemosekin

Laura Perez, Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi ohia, parlamentuko saio batean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2017ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Txingarrak ez dira itzali. Iragan maiatzaren 21ean Eduardo Santos Laura Perezi gailendu zitzaion oso gutxigatik Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi izateko hauteskunde primarioetan. 28 botok erabaki zuten lehia. Sei hilabete geroago, Laura Perezen gidaritzapean, sektore kritikoa berriro altxatu da, eta Orain Mugituz adierazpena aurkeztu zuten aurreko astean. Nafarroako alderdiaren ildo ofizialarekin eta Espainiako Podemosen ibilbidearekin kritiko agertu dira. «Erakundeetara dena aldatzeko asmoarekin heldu ginen. Hala ere, ezer ez aldatzeko sortua izan den makineria burokratikoak irentsiko gaitu, gure oinarrietatik, kaletik eta beharrezko mobilizazio sozialetik aldenduz», dio agiriak.

Kataluniako prozesu subiranistak hauspotu du neurri handi batean itzalpean eta itzalita zirudien gatazka. Izan ere, Podemosek hartutako jarrerak alderdi barruan tentsioak sortu ditu. Baita Nafarroan ere. Egungo idazkari nagusiak, Eduardo Santosek, Pablo Iglesiasen bide beretik jo du, eta defenditu du lurralde mailako gatazka politikoari eman dakiokeen «irtenbide bakarra»dela «estatuaren esparruan hitzarmena lortu nahi izatea». Santosen arabera, nafarrek asko dakite konponbide mota horri buruz:«Estatua nafartu behar da gatazka politikoak hitz egiten konpontzen direla ulertarazteko». Irmo mintzatu da proces-aren aurka ere, «legez kanpokoa» delako eta ez duelako zilegitasunik: «Ikusten ari garen bezala, kale itsu batera besterik ez darama».

Desadostasunak barruan

Alta, diskurtso ofizial horrekin ez daude ados zenbait militante eta ez dute erreparorik izan kritika horiek argitara ateratzeko. Quo Vadis Podemos izenburupean, Irene Otal Nafarroako Ahal Dugu-ko Herritarren Kontseiluko kideak eta alderdiko beste kide batzuk jendaurrean kritikatu zuten Madrilgo zuzendaritza Kataluniako alderdian esku hartu nahi izatea. Hango militantziaren iritzia kontuan izan gabe, goitik behera irizpideak inposatzea eta Podem-eko hainbat agintariren aurkako jazarpena zuzentzea aurpegiratu diote Iglesiasi. Era berean, kezkatuta agertu dira Nafarroako alderdiak hartutako jarreraren aurrean: «Zalantzak ditugu orain Nafarroako Ahal Dugu-ren autonomia benetan defendituko ote duen egoera horretara helduz gero».

Gaitzespen hori Orain Mugituz agiriaren aurrekaria izan zen. Dokumentu horren egileek lehen agerraldi publikoa egin zuten iragan astean Katakrak-en, eta horretarako aukeratutako gaia Kataluniako egoerari eta haren ondorioei buruzko hitzaldia izan zen. Han, Joan Giner Podem Catalunya-ko diputatuak eta Laura Perezek parte hartu zuten. Diskurtso ofizialaren aurre eginez, Perezek zein Orain Mugituz agiriaren babesleek aldarrikatzen dute Nafarroa «erabakitzeko eskubidea duen subjektu politikoa» dela.

Era berean, estatu krisiak prozesu konstituziogile bat abiarazteko balio behar lukeela azpimarratu dute: «Etorkizun politiko hurbilean prozesu konstituziogile berriak irekitzen direla irudikatu nahi dugu. Behetik gorako prozesu parte-hartzaileak sortu behar dira, lurraldeetan oinarrituak eta kultura, gizarte zein udal arloko aliantzak lortu». Agirian, egungo egoera politikoa ez onartzeko deia egiten diote militanteei. «Ezin dugu onartu krisi politikoa, ekonomikoa, soziala eta lurralde arlokoa inposatutako errealitate gisa aurkeztea».

Alde horretatik, Orain Mugituz ildoak uste du sistemak irensteko arriskua duela Podemosek, M-15eko mugimenduaren gerizpean jaio zen alderdiak demokrazia erradikalari eta parte hartzaileari muzin egin diolako «bai erakunde barruan, bai kanpoan». Horri aurre egiteko, elkar topatzeko eremu «ireki, jator eta feminista» gisa jaio da Orain Mugituz.

Oraingoz, urrats gutxi egin ditu sektore kritiko horrek. Agiria ezagutarazi egin dute, Kataluniako egoerari buruzko hitzaldia eman dute, eta sare sozialetan kontuak ireki dituzte. Orain ikusi beharko da nola gauzatzen dituzten hurrengo mugimenduak. Printzipioz, iragan maiatzaren 21eko hauteskundeek erdibitutako alderdia islatu bazuten ere, Eduardo Santosek eta Ainhoa Aznarezek alderdiaren organo gorena, Herritarren Kontseilua, kontrolatzen dute; edo bederen, 29 kideetatik hamazazpi euren taldekoak dira.

Iragan udaberrian, idazkaritza nagusira heltzeko lehian, Santosek zein Aznarezek alderdiaren barne antolakuntzarekin ahaztea aurpegiratu zioten Perezi. Santosek promes egin zuen bere lehentasunetako bat izango dela alderdiaren barne organoak biziberritzea. Orain modu argiagoan Herritarren Kontseiluak erabakitzen ditu alderdiaren irizpide politikoak. Dena den, parlamentu taldean desadostasunak azaleratu dira. Udan, Carlos Cousok, Tere Saezek eta Ruben Velascok zuzendaritzarekin «desadostasun txikiak» zituztela onartu zuten.

Ezegonkortasun horrek ez dio Nafarroako Gobernuaren egonkortasun politikoari gehiegi eragin. Alderditik behin eta berriz errepikatu dute hori, nahiz eta era berean, autonomia politikoa defenditu. Dena den, gobernua sostengatu eta norbere profil politikoari eusteko oreka zailean, Ahal Dugu Ezkerra baino leialago azaldu da. UPNk «nazionalisten menpe» egotea aurpegiratzen die, eta mezu horrek akaso bere eragina du.

Izan ere, inkestek beheranzko joera adierazten dute Nafarroan. Indar handiz sartu ziren parlamentuan 2015ean, eta haien zazpi parlamentariak erabakigarriak izan ziren aldaketa gauzatzeko. Haatik, 2019ra begira, ikusi beharko da barne tentsio horiek zer -nolako bilakaera duten eta norantz zuzentzen den alderdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.