Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Lehen itzulia. Etienne Ollion. Soziologoa

«Presidenteari eta gobernuari botere izugarria emanen dien legebiltzar bat izanen da»

1970etik hona politikan izandako profesionalizazioa aztertu du Ollionek, diputatuen ibilbideak ikertuta. Hitzemandako berritze politikoa legebiltzarrarentzat kaltegarri izan daitekeela uste du.
- /

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko ekainak 11
Soziologia politikoan aditua da Etienne Ollion (Reims, Frantzia, 1980). Metier: depute (Lanbidea: diputatu) liburua idatzi berri du, beste batzuekin batera.

Lanbide bilakatua da diputatu izatea?

Badira seinale bat baino gehiago hori erakusteko aukera ematen dutenak, profesionalizazioari edo lanbideari ematen ahal zaizkion definizioen araberakoak. Lehena da anitz emendatu dela hautetsiek politikan daramaten denbora. Hori da gure ikerketan erakusten duguna, 1970eko eta 2012ko bi diputatu talde aztertu ondoren. 1970eko diputatuek 5-6 urte arteko ibilbide politikoa zuten diputatu bilakatu aitzin. 2012koek, aldiz, 12 urtetik gorako ibilbidea zuten aurretik. Bikoizte bat dago. Diputatu berriez ari naiz hor, legebiltzarrera iristen direnetaz; jadanik bertan zeudenek 20 urteko ibilbide politikoa zuten. Hau da, badira batzuk beren bizian besterik egin ez dutenak.

Adibiderik?

Manuel Valls (PS) eta Benoit Hamon (PS) izan ditzakegu gogoan. Politikatik baizik ez dira bizi izan. Haien kopurua begiratu dugu: 70eko hamarkadan %2 ziren; orain, %7. Hori baizik egin ez duen jendearen emendatze azkar bat ageri da. Profesionalizazioaren beste definizio bat da ibilbide tipiko batzuk marrazten direla. Horrek ez du erran nahi lehen aniztasun handia zegoela eta jendea leku guzietatik zetorrela, baina gaur egun badira ibilbide biziki definituak, politikara sartu nahi dutenentzat. Macronek Cursus Honorum deitzen duena da: kabinete batetik pasatzea —adibidez, ministerio batekoa, bera bezala—, parlamentari baten laguntzaile edo alderdi bateko permanente izatea... Ibilbide hori izan dutenen kopurua %15etik %34ra pasatu da 1970etik hona. Nahiko ibilbide argia marraztu da. François Fillon (LR) izan liteke gisa horretako adibide bat. Diputatu baten laguntzaile gisa hasi zen, bere segida hartu, eta ondotik igo zen. Valls kabineteetan hasi zen, Hamon MJSko (Gazte Sozialisten Mugimendua) buru izan zen... Horrelakoak andana bat dira.

Zerk eragin du bilakaera hori?

Politikaren eremua anitz zabaldu da, eta, gaur egun, jende gehiagok parte har dezake, politikatik bizita, baina ezinbestean hautetsi izan gabe. 70eko hamarkadan parlamentuko laguntzaileen figura sortu zen, eta ondotik izan den deszentralizazioak eskualdeko eta departamenduko kontseiluak sortu ditu, beren hautetsiekin eta, beraz, beren inguruan lanean ari diren laguntzaile guziekin. Era berean, bizi publikoaren finantzaketaren legearen bidez, alderdi politikoak egituratu dira, eta jende gehiago enplegatu dute. Hautetsien kopurua emendatu da, baina baita haien inguruan lanean ari diren eta politikan sartzeko aukera itxaroten ari direnena ere. Erresalbuko armada politikoa da, Marxi parafrasia egiteko. Badira jende anitz, laguntzaileak direnak, alderditik pasatzen direnak, karrera politikoa egiteko beren txandaren zain direnak, eta, batzuetan, anitz itxaron behar dutenak.

Erran daiteke gaur egun ibilbide tipikoa hori dela?

Ibilbide nagusia hori da, baina badira beste batzuk. Adibidez, tokian tokiko kargu politikoak biderkatu dituztenak. Baionako edo Miarritzeko oposizioko hautetsi izan daiteke eta lana atxiki, eta, pixkanaka, karguen metaketaren ondorioz lana utzi eta soilik politikara pasa.

Diputatuek beti azpimarratzen dute tokian tokiko sustraitzea. Alta, nazio mailako kargu bat da.

Interesgarria da, biak direlako. Estatutuetan, diputatua nazioaren ordezkaria da, baina baita lurraldeena ere; diputatuek bere tokiko lurraldeko informazioak igoko dituztela espero da.

Hori erakusten saiatzen dira diputatuak.

Beren burua ezagutarazten saiatzen dira, eta liburuan erakusten duguna da orain inoiz baino gehiago gertatzen dela, gehiago behar dutelako. Karrera bat egin nahi badute, zortearen gorabeheretatik babestuak izan behar dutelako. Maila nazionaleko ikusgarritasuna duena gehiago ezagutuko dute hautesleek, eta ondoko hauteskunde batzuetan bere lekua berreskuratzeko aukera gehiago izanen du; baita beste kargu proposamen bat lortzeko ere.

Teknika landuak dituzte agertzeko.

Gobernuari egindako galderen saioan telebistan agertzen saiatzen dira bat baino gehiago, hitza hartu behar duenaren gibelean ezarrita adibidez, edo kolore ikusgarriko jantziak ezarrita. Legebiltzar atarian kazetariak harrapatzen saiatzen direnak ere badira. Baina badira beren burua bestela ezagutarazten saiatzen direnak ere: emendakinak edo galdera idatziak eginez. Ondoren, sare sozialetan eta hautesleei bidaliko dien gutunean goraipatuko dute. Horrela esplikatzen da azken 30 urteetan egin izan diren lege emendakinen kopuruaren leherketa. Batzuek ehunka idazten dituzte. Ez dira gehiago legea ekoizteko edo hobetzeko tresnak bakarrik: komunikazio tresna bilakatuak dira. Neurgailu bat dira, bai, baina diputatuen jarduera neurtzeko baino gehiago, karrera politikoa egin nahi dutenak identifikatzeko.

Funtsean, lanean ari direla erakutsi nahi dute

Noski. Diputatuak biziki larrituak dira horrekin. Neurgailu horien araberako sailkapenak egiten hasi direnetik, zinezko gerla bat da ongi sailkatua izateko. Diputatu batek ministro izateko aukera badu, begiratuko den lehen gauza da, lan egin duen jakiteko. Alta, nire ustez, aski gaizki neurtzen du diputatuaren lana. Anitzetan, ez da saioan egongo, baina ondoko gela batean, txosten bat idazten, hitzordu batean. Legebiltzarreko talde politikoetan zatiketak daude, eta lana banatzen dute. Ez naiz segur diputatuen lana baloratzeko egokiena denik. Ehunka emendakin eta galdera idatzi proposatzen dituzten diputatuak baizik izango ez bagenitu, legebiltzarra are trabatuagoa litzateke, eta ez naiz segur lanaren kalitatea hobea litzatekeenik.

Diputatuen eskura den beste tresna bat erreserba parlamentarioa da, tresna klientelista gisa aurkeztua dena.

Hori erraten da. Urte guziz, diputatu bakoitzak 130.000 euro erabil ditzake bere lurraldeko elkarteak eta proiektuak diruztatzeko. Biziki prozedura arautua eta publikoa da. Baina diputatuak hautatzen du diru hori nori eman. Estrategia desberdinak daude. Batzuek 1.000 euroko 130 dohain- tza egiten dituzte, urtero elkarte ezberdinei emanez; fidelizazio bat lortzeko aukera da nolazpait ere, jendea oroitzen baita futboleko junior mailako taldearen furgoneta konpontzeko bere elkarteari dirua eman zion diputatuaz. Beste aukera bat, arraroagoa, erreserba bere osoan gauza bakarrerako erabiltzea: bere herriko elizan, herriko etxean edo herriko gelan obrak egiteko, adibidez. Klientelismoa egiteko beste modu bat da.

Noiztik dute tresna hori diputatuek?

Batzuek Napoleonen garaian kokatzen dute; besteek, III. errepublikaren garaian. Ez dugu sekula lortu zehazki jakiten. Baina legebiltzarrean horren inguruan izan den sekretua erakusten du. Orain dela urte batzuk, diputatu batzuek ez zekiten aukera hori zutenik ere. Horrek erran nahi du diputatu nagusiek, talde politikoetako buruek... diru zama handiagoak banatzen zituztela, eta beste batzuek ez zutela ezer ere. Printzipioz, François Bayrouren bizi politikoaren moralizazio lege proiektuan desagertu beharko luke aukera horrek. Sistema baten bukaera da, nik uste.

Diputatuei egiten zaien gardentasun eskaerak zer eragin du haien lanean?

Gardentasunerako agindu etengabe bat dago, hori ukaezina da. Ez da gauza berria, baina 2000ko hamarkadaren bukaeran anitz indartu da, eta lege aldetik ere aldaketak izan dira, kontrola areagotzeko. Alde batetik, lehenago jakinen ez genituen aferen ezagutaraztea lagundu du. Gardentasunak aukera ematen du desbideratzeak erakusteko eta diputatuei buruzko informazio gehiago ukaiteko. Diputatu batzuek diote biziki urrun eramana izan dela, eta hein batean arrazoia ematen ahal zaie: informazio horiek guziak bildu daitezke, publiko eta denen eskura eman gabe. Baikorra da herritarrak informazio guzia eskuragarri ukaitea, baina uler daiteke diputatu batzuentzat trabagarria izatea beren bikotekidearen izen-abizenak agertzea. Azken eragina sailkapen efektu hori da: datuak sarean jarri ahala, badira batzuk sailkapen horietan gora igotzen saiatzen direnak.

Berritze politikoa hitzeman dute batek baino gehiagok. Zer heinetakoa izanen da?

Zaila da erratea berritzea zenbaterainokoa izanen den, baina argi dena da legebiltzarrean aurpegi berriak eta hasiberriak izanen ditugula. Martxan mugimenduaren agerpena, Alderdi Sozialistaren gainbehera, Frantzia Intsumisoaren gorakada... Horrek guziak egiten du berri anitz izanen direla. Baina zehatzagoa izan behar da. Batetik, hautatuak izanen diren anitz goi mailako lan arduradunak izanen dira. Bestetik, gizarte zibileko gisa aurkezten diren anitzek ez dute orain arte kargu politikorik izan, baina kabineteetan eta beste aritu dira —eta hasieran erran dugu hori dela politikan sartzeko ibilbide nagusietakoa gaur egun—. Baina ez da dudarik legebiltzar desberdina izanen dela, adituak ez diren jendeekin, politikan karrera luze bat ez dutenekin, baina onerako eta txarrerako, oraingo hautetsiek dituzten formatatze, ezagutza eta zor politikoak gabe.

Zertan da ona eta zertan txarra?

Askatasun espazioak irekiko ditu, kodeak eta arauak aldatuko ditu; segurrenik ona izanen da. Baina erran behar da, era berean, presidente hautatu berri bati dena zor dien hasiberri batzuen legebiltzarra ez dela izanen biziki legebiltzar ihardukitzailea; presidente karismatiko baten itzalpean iritsiak izanen dira, eta ez dituzte ihardukitzeko tresnak ezagutuko. Frantziakoa bezala hertsiki presidentzialista den sistema batean, kontrabotere izateko gaitasun apala izanen duen jendea da. Frantzian berez kontraboterea oso apala dela kontuan hartuta, presidenteari eta gobernuari botere izugarria emanen dien legebiltzar bat izanen da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna