«Altsasuko epaia krudela da»

Iñaki Lasagabaster eta Sonia Ontorio juristen arabera, epaimahaiak karguak pilatu eta astungarriak ezarri ditu gertaera berberengatik, auzipetuei «zigorrak gogortu asmoz»

Sonia Ontorio eta Iñaki Lasagabaster, atzo, Nafarroako Parlamentuko batzordean. UPNko eta PPko parlamentarien eserlekuak, hutsik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Etsaiaren zigor zuzenbidearen «adibide berri bat da» Altsasuko auzia. Zuzenbide arloko profesionalen plataformako kide gisa, atzo, Iñaki Lasagabaster juristak eta Sonia Ontorio abokatuak ozen aldarrikatu zuten ezin dela bilatu justiziaren arbitrariotasuna argiago azalduko duen beste kasurik. Azpimarratu dute «krudelkeriaz eta mendeku gosez» aritu direla instrukzio fasean eta auzi saioan parte hartu duten erakunde publikoak. «Epaiak legearen aplikazio juridiko krudela egin du», nabarmendu zuen Ontoriok: «Justiziaren izenean krudelkeria ezartzen denean, herritarrek antzematen dute arduradunek borrero gisa jardun dutela, apetaz eta larderiaz. Ala inork uste al du herritarrek ulertuko dituztela auzi honen sustatzaileak eta onuradunak, euren mendeku gosea ase ostean?».

Auzitegi Nazionalak ekainaren 1ean kaleratu zuen epaia, eta zortzi auzipetutik zazpiri bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri zizkien. Iaz, zuzenbide arloko 200 jurista eta abokatuk agiri bat kaleratu zuten auziaren bidegabekeria salatu asmoz, eta, epaia kaleratuta, iragan astean, laukoak agiri horretako sinatzaileen agerraldia eskatu zuen. Atzo, Iñaki Lasagabasterrek eta Sonia Ontoriok parte hartu zuten batzordean, baina hutsune nabarmenak izan ziren: UPNko eta PPko parlamentariak ez ziren bertaratu.

Ontorioren eta Lasagabasterren arabera, fiskaltzak eta Carmen Lamela instrukzio epaileak erabaki «desegokiak eta neurrigabeak» hartu zituzten hasieratik, eta terrorismo deliturantz zuzendu zuten auzia, «susmoetan eta arrazoirik gabeko aztarnetan oinarrituta».

Auzian, hainbat irregulartasun atzeman dituzte. Adibidez, Iñaki Abaden bideoa ez zen onartu epaiketan azken unera arte. Bertan, Guardia Zibileko sarjentuak alkandora «zuria eta orbanik gabea» zuela antzematen zen, baina gertaerak izan eta bi egunera, foruzainen aurrean guardia zibilek emandako alkandorak zapaten markak zituen.

Argazki identifikazioetan, berriz, epaimahaiak ez zituen defentsaren adituen txostenak onartu; bertan, zalantzan jartzen zen nola egin ziren identifikazioak. «25 erasotzaile baino gehiago zeudela esan zuten zauritutakoek, baina akusatuak bakarrik identifikatu zituzten: eurei soilik erreparatu zieten, ala euren artean ados jarri ziren horretarako?», galdetu zuen Ontoriok. Era berean, nortasun agirietako argazkietan soilik ezagutu zituzten akusatuetako batzuk, baina argazki berriagoetan ez zituzten identifikatu, nahiz eta irudiok antz handiagoa izan gazteen orduko itxurarekin

Auzipetzeko autoan ere, zaurituen bertsioa soilik hartu zen kontuan, eta azken epaian ere joera hori ez da aldatu. Frogatutzat jotzen diren gertaeren kontakizunean «ez da esaten nork eragiten dituen lesioak, eta are gutxiago, ez da esaten nork jotzen duen nor», Lasagabasterren arabera. Hala, haren ustez, zalantzan jar daiteke guardia zibilen zein haien bikotekideen kontakizuna. «Azaldutako lesioak ez dira bateragarriak 25 pertsonak indarkeriaz egindako erasoaren kontakizunarekin: ez dago hortz, bekain, sudur apurturik, ezta ubeldurarik ere, buruan kolpe ugari jaso zituztela baieztatu arren. Ez dago begi handiturik ere», aipatu zuen.

Irakurketa juridikoa

Larritzat jotzen dute, halaber, guardia zibilei eraso egiteagatik epaimahaiak gorroto delituaren astungarri figura juridikoa aplikatu izana, «legeak dioenetik harago joanez». Ontorioren ustez, inongo zigor kodetan ez da aurreikusten estatuaren menpeko kolektibo bat babesteko gorroto delituaren erabilerarik. Alderantziz, norbanakoen oinarrizko eskubideen defentsa jokoan denean aplikatu ohi da astungarri figura, batik bat arrazakeria kasuetan. «Ez da halakorik egin estatuko erakundeak babesteko»

Epaimahaiak terrorismo kalifikazioa atzera bota du azkenean, baina Lasagabasterrek azaldu zuen tipifikazioak «pilatu» egin dituela. «Borondate hori dago: gertaera berberengatik karguak gehitu dituzte, eta astungarriak ezarri, eta zigor urteak handitzea lortu». Adibidez, desordena publikoa egotzi diete, baina, Lasagabasterren ustez, delitu horrek«erasoa antolatzea» eskatzen du, eta Altsasun ez zen hori bete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.