Albistea entzun

Katalunia. Euskal Herriko erreakzioak

Konstituzioa jarri du estatutuaren erreformarako muga gisa PSE-EEk

Mendiak dio «bizikidetzarako tresna» dela autogobernua eta ez «konfrontazioa eragitekoa». Uste du Katalunian hauteskundeak egiteak 155. artikulua aplikatzea geldiaraz dezakeela
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, sozialistek Bilboko Olabeaga moilan eginiko ekitaldian, atzo.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, sozialistek Bilboko Olabeaga moilan eginiko ekitaldian, atzo. L. JAUREGIALTZO / ARP

Iñaki Lasa Etura -

2017ko urriak 26

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako autogobernuari gorazarre egin dio PSE-EEk Gernikako Estatutuaren 38. urteurrenean. «Bera gabe [Gernikako Estatutua] ez genituzkeen berreskuratuko udalak, batzarrak, foru aldundiak, Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza. Bera gabe ezin izango genukeen Euskadi aurrera eraman», azaldu zuen Idoia Mendia idazkari nagusiak, alderdiak Bilboko Olabeaga moilan eginiko ekitaldian. «Erantzukizun, elkartasun eta bizikidetza itun» gisa ulertzen dute autogobernua sozialistek: herritarren «benetako arazoei» arreta jartzeko tresna.

Ia lau hamarkadako bidea egin duen estatutua erreformatzearen alde daude sozialistak: «herria modernizatzeko eta barne aniztasuna indartzeko, ez abertzaleak asetzeko». Muga zehatza jarri diote, baina, estatutuaren eguneratzeari: Espainiako Konstituzioa. PSE-EErentzat garrantzitsua da autogobernua, Espaini- ako legedia auzitan jartzen ez duen bitartean betiere. «Prest gaude egungo estatutua osoki betetzea eta autogobernua berritzea geldiarazteko aitzakiarik ez bilatzeko», azaldu du Mendiak. Hori bai, «indarrean dagoen legeriaren barruan». Espainia plural eta Europa batu baten barnean indartuko den autogobernua nahi du.

Estatutuaren erreformarako «lidergoa» eta «erantzukizuna» hartzeko asmoa agertu dute sozialistek, bizikidetzaren izenean. Konfrontazioa saihestu nahi dute: «Ez dugu gizartea segurtasunik ezara eta konfrontaziora eraman nahi. Ez dugu onartuko Euskadin historia errepikatzea. Ez gara honaino iritsi bizikidetza pikutara bidaltzeko 38 urte geroago».

Kataluniako egoeraz aritu da Mendia. Pozik dago azken egunotako bilakaerarekin, «gero eta ahots gehiagok» defendatzen baitute alderdi sozialistaren ikuspuntua: «legezkotasunera itzultzea». Katalunian hauteskunde orokorretara deitzeak Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua bezalako ezohiko neurriak aplikatzea galaraziko lukeela uste du. Hori litzateke «hordagoak eta inposizioak elkarrizketaren eta akordioen alde» ordezkatzeko modua, PSE-EEko idazkari nagusiaren iritziz.

Estatutuaren aldeko ekitaldia Gernikan egin beharrean Bilbon egitea erabaki zuen PSE-EEk, eta sinbolismoa eman diote erabakiari. Euskal Autonomia Erkidegoaren bilakaeraren eredu gisa aurkeztu dute Olabeaga eta Bilboko itsasadarra. «Autogobernua intentsitatearekin eta anbizioarekin erabiltzeak egin du posible bilakaera», adierazi du Mendiak. PSE-EEren ustez, urriaren 25a ez da egutegiko egun soil bat, euskal gizartea «bere patuaren erantzule» bilakatu zena baizik.

Ahal Dugu-k, hausturarik ez

Ahal Dugu-k ere hitz egin du EAEko autogobernuaren inguruan. «Hausturarik gabeko» erreforma «sakon» baten alde egin du alderdiak. Konfrontazioa saihestuko duen ereduaren garrantzia azpimarratzeko garaian Kataluniaren egungo egoera aipatu dute. Gernikako Estatutuaren urteurrenaren harira plazaratutako ohar baten baten bitartez egin du gogoeta alderdiak.

Estatutuak «alde onak» izan dituela aitortu arren, nabarmendu dute urteotako «berrinterpretazio eta ez betetze arrastoa». Horrek estatutuaren «akordio izpirituaren» berezko izaera aldatu du, alderdiaren iritziz. EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko «truke txanpon» bihurtzeak ahuldu du gehien.

Erreformaren beharra iradoki dute. Nazio izaera onartu eta euskal gizartearen pluraltasuna nabarmenduko dute proposamenean. Autogobernu Lantaldean aurkeztu zuten bezala, «bide bikoitzaren» aldekoak dira. Hala, aldi berean landu nahi dituzte «egungo lege esparruaren aukera guztiak» aztertuko dituen estatutu berria eta alderdien arteko «argitasun ituna». Azaldu dute nolakoa den nahi duten eredua: «Gizartearen gehiengo plurala batuko duen eredu federala eta konfederala; gure autogobernua blindatuko duen subiranotasun partekatua izango duena».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alfredo de Miguel, artxiboko irudi batean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Epaileak ez ditu onartu De Miguelen alegazioak, eta kartzelan sartzeko agindu du

Irati Urdalleta Lete

Erabakia oraindik ez da behin betikoa, eta aukera du erregu helegitea ipintzeko. Iñaki San Juanek ez du kartzelan sartu beharko
Rocio Vitero, Gasteizko hauteskundeak irabazi ostean. ©DAVID AGUILAR / EFE

Viterok irabazi badu ere, itunek alkatetza ken diezaiokete

Jone Arruabarrena

Gasteizen EH Bilduk lortu du boto gehien, baina ezin izango du berak bakarrik gobernatu

Aldaketa sakonik ez eta dena airean

Joxerra Senar

Nafarroako Gobernuko hiru bazkideek behera egin dute boto kopuruan, batik bat Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. PP eta UPN Navarra Sumaren lorpenetik urrun geratu dira
<b>PSN.</b> Maria Txibite, Ramon Alzorriz eta Elma Saiz, igande gauean, emaitzak jakin ondotik. ©JESUS DIGES / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.