Erabakitzeko eskubideari buruz ere ariko dira Autogobernu Lantaldean

Eusko Legebiltzarreko batzordeak hurrengo urratsak finkatu ditu. Talde parlamentarioek hilabeteko epea izango dute egindako proposamenetan «adostasun puntuak» topatzeko
Autogobernu Batzordearen bilera bat, Gasteizko Legebiltzarrean.
Autogobernu Batzordearen bilera bat, Gasteizko Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla -

2017ko azaroak 14
Hilabeteko epean, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Batzordean lanean ari diren talde parlamentarioek adostasun puntuak bilatuko dituzte, orain arte aurkeztu dituzten proposamenak oinarri hartuta. Eta erabakitzeko eskubidea eztabaidagaietako bat izango da: izan ere, PPk eta PSE-EEk proposamena egin dute «adostasun nahikorik biltzen ez duten puntuak», eta bereziki erabakitzeko eskubidea, eztabaida horretatik ateratzeko, baina gainerako taldeek atzera bota dute hori.

Helburua da urtarrilaren amaierarako txosten bat prest edukitzea, taldeek babesten dituzten eta adostasun handiena bildu duten oinarriekin, eta horien inguruko boto partikularrekin, halakorik balego. Txosten hori izango litzateke autogobernua eguneratzeko eztabaidan erreminta nagusia.

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Batzordeak egindako bileran EAJk metodologia proposamen bat aurkeztu du, jeltzaleen ustez batzordeak egin beharko lituzkeen urratsekin. Proposamen hori izan da batzordearen eztabaidaren oinarria. Batzordeak erabaki du hurrengo bilera hilabete barru egingo duela, abenduaren 13an, eta denbora tarte horretan talde parlamentario bakoitzak gainerakoek aurkeztutako proposamenak aztertuko dituela, eta horietan ikusten dituen adostasun puntuak zerrendatuko dituztela.

Era berean, taldeek bilerak egingo dituzte, arlo bakoitzean topatzen dituzten adostasun puntu horiek proposamen bakar batzuetara ekartzerik ote dagoen aztertzeko. Bilera horiek bi talde parlamentarioren artekoak izan daitezke, edo bi talde baino gehiagoren artekoak, proposamen horiek ahalik eta adostasunik zabalena bil dezaten lortzeko helburuz. Autogobernu Batzordeko presidenteak jasoko ditu proposamenok, eta horiekin txostena egingo du.

Aurreikusita dago txosten hori «aitortutako ospea duen erakunde bati edo aditu talde bati» igorriko diotela, zortzi hilabeteko epean «prozesu dibulgatzaile eta parte hartzaile bat» abiarazteko. Prozesu hori amaitutakoan ateratzen den testua lege proposamen gisa aurkeztuko dute Eusko Legebiltzarrean harekin bat egiten duten talde parlamentarioek, eta han ohiko bidea egingo du, herri galdeketa baten bidez berretsi aurretik.

EH Bilduko legebiltzarkide Pello Urizarrek esan du Autogobernu Batzordeak hartutako erabakiarekin erabakitzeko eskubidea «eztabaidaren ardatz» izango dela oraindik ere. «Hiru talde parlamentario nagusiok [EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu] ikusten dugu erabakitzeko eskubidea eztabaidaren muinean dagoela», esan du, «eta hori oso garrantzitsua da, gutxieneko oinarri demokratikoa dagoelako norabide horretan aurrera egiteko».

Urizarren iritziz, «Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezarri duten alderdiak ahalegindu dira erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida baztertzen», baina gainerako alderdiek lortu dute «egon bazegoen arrisku hori uxatzea».

Horren inguruan, PSE-EEk esan du du proposamenak «indarrean dagoen lege esparrua» errespetatu behar duela, erabakitzeko eskubideak horretan ez duela «lekurik», eta eztabaidari eutsi nahi izateak «frustrazioa» ekar dezakeela.

Ebazpenik ez Kataluniaz

Azkenean, EH Bilduk erretiratu egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu asmo zuen ebazpena, Kataluniako Errepublika aitortzearen inguruan. Ebazpenak ez zuen gainerako taldeen adostasunik bildu, EAJk, Ahal Dugu-k eta PSE-EEk iragarriak zituzten nork bere aldetik bestelako ebazpen alternatiboak, eta, horiek ikusita, berea ez aurkeztea erabaki du EH Bilduk, Batzar Nagusiek Kataluniako Errepublikaren onarpenean «atzerapausorik» egin ez dezaten, EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok azaldu duenez.

Hortaz, indarrean jarraitzen du Gipuzkoako Batzar Nagusiek urriaren 11n hartutako erabakiak. Ebazpen horretan, Kataluniako Errepublika aitortu egin zuten Batzar Nagusiek.

EAJk kritikatu du EH Bilduk proposamena erretiratu izana, horrekin «eztabaidatzeko eta erabaki bat hartzeko aukera» galarazi dutelakoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna