Albistea entzun

Solanak oraindik aukera ikusten du zerrenda bakarra negoziatzeko

Oposiziora bildu da Ezkerra, eta bide eman dio zerrenda bakarra eragozteko proposamen bati. Solanak aitortu du proposamenak aurrera eginez gero legea bete egin beharko dela

Garikoitz Goikoetxea -

2017ko azaroak 29

Beste pitzadura bat sortu da Nafarroako Gobernuko laukotean hizkuntza oinarri duen gai batekin. Gehiengo sindikalaren babesarekin, gobernuak asmoa azaldua du hezkuntzan zerrenda bakarra jartzeko, gaur egungo ereduarekin irakasle elebidunek bi hizkuntza arloetako bat hautatu behar baitute. Laukoteko indar bat, ordea, Ezkerra, oposizioarekin lerratu da, eta zerrenda bakarra eragozteko bidea hasi du parlamentuan. Hezkuntza Departamentuari dagokio zerrenda bakarraz erabakitzea —horretarako bidea aztertzen ari da—, baina oposizioak lege proposamen bat aurkeztu du legebiltzarrean, aukera hori trabatzeko. Tramiterako onartu dute, Ezkerraren aldeko botoarekin. Argudiotzat, Ezkerrak adierazi du «gardentasun falta» izan duela gobernuak gai horretan. Ukatu egin du hori Hezkuntza kontseilariak, Maria Solanak, eta berretsi du negoziatzeko aukera badagoela «proposamena bozkatu arte».

Joan den astean bildu zen hezkuntzako mahai sektoriala, eta gobernuak han jakinarazi zuen aurrera joko duela zerrenda bakarrarekin. Gehiengo sindikalaren babesa du horretarako: ELA, LAB eta Steilas. Solana kontseilaria maiz agertu da zerrenda bakarraren alde, «aukera berdintasuna» bermatzeko. Orain, izan ere, irakasle elebidunek, euskaraz eta gaztelaniaz dakitenek, hautatu egin behar dute euskarazko edo gaztelaniazko zerrendetan sartu, nahiz eta bietan aritzeko gai izan. Bi hizkuntza ofizial dituzten inguruko herrialdeetan ez da horrelakorik gertatzen. Joan den asteko iragarpena txalotu egin zuen gehiengo sindikalak; Kontseiluak nabarmendu zuen «euskaldunen diskriminazioa» bukatzea ekarriko zuela eredua aldatzeak.

Bi azterketa egin beharra

Ez daude denak ados, ordea. Oposizioak «diskriminazioa» ikusten du zerrenda bakarrean: «aukera berdintasuna» urratzen duela, elebidunek erdal elebakarrek baino aukera gehiago luketela eta.

PSNk lege proposamen bat eraman du parlamentura, zerrenda bakarra eragozteko: erdarazko eta euskarazko epaimahaiak bereiztea proposatu du. UPNk eta PPk ez ezik, Ezkerrak ere bat egin du planteamendu horrekin. «Ez du eragozten gobernuak bi azterketa egun desberdin antolatzea». Alegia, Ezkerraren proposamena da euskarazko eta gaztelaniazko azterketak egun desberdinetan jartzea, eta, hartara, elebidunek aukera izatea bietara aurkezteko. Bi aldiz erakutsi beharko lukete gaitasuna kasu horretan. Solanak gogorarazi du iaztik martxan dela eredu hori. «Bi aukerako eredua deitzen diote batzuek; beste batzuek, zigor bikoitza. Ez du zerikusirik zerrenda bakarrarekin, beste planteamendu bat da hori».

Ezkerrako ordezkari Jose Miguel Nuinek adierazi du «aukerarik» ez dutela izan gaiari buruz gobernuarekin hitz egiteko, eta hori ukatu egin du Solanak. «Ez dut argudio hori onartuko. Nire jarrera beti izan da proposamena egitea eta eztabaidarako jartzea».

Parlamentuak proposamena onartzen badu, bete egin beharko du gobernuak. «Zerrenda bereiziaren sistemari eustea ezartzen badu, ez da legea bete beste erremediorik geratuko, jakina». Ezkerraren aldeko botoarekin, badu horretarako gehiengoa oposizioak. Ahal Dugu-k, berriz, ez du babestu PSNren proposamena aintzat hartzea, baina zerrenda bakarrari buruzko iritzia hurrengo Herritar Kontseiluan hartuko du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza

«Espero dut orain sendaezinak diren gaixotasunak sendatzen ikustea»

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza

Familiatik jaso du neurologiaren inguruko interesa Itxaso Martik, aita eta ama profesional entzutetsuak izandakoak baititu. Maite du bere lanbidea, nahiz eta aitortu une zail asko tokatzen zaizkiola.

Ertzaintzaren helikopteroa erreskate lanetan, gaur, Aralarren. ©BERRIA

Berrobiko mendizale bat hil da Balerdi mendian, Aralarren

Berria

39 urteko mendizalea 50 metrotik behera erori da. Ertzaintzaren helikopteroaren laguntzarekin erreskatatu dute gorpua.

Atzo Jon Rodriguez omendu zuten milaka lagunak, errepidean. ©Urtzi Urkizu

Furgoneta gidari bat atxilotu dute, txirrindulari bat nahita harrapatzeagatik Hondarribian

Berria

Mendelu auzoko kamerei esker identifikatu dute ibilgailua, eta gendarmeek atxilotu dute gidaria. 69 urteko txirrindularia ospitaleratu egin dute. Eztabaida bat izan zuten aurretik.

Atzoko ekitaldia: jendea txistuaren eta danbolinaren erritmoan dantzan, Txillardegiren omenezko horma irudiaren aurrean. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Zauria orbaintzeko» eskea

Julen Aperribai

Txillardegi oroitu dute Antiguan, eta Donostiako Udal Liburutegiari haren izena jartzeko eskaera ozendu. Ia 1.500 sinadura jasoak dituzte hala eskatzeko. Horma irudi berritua ere aurkeztu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.