Batera, bide ezberdinetatik

Madrilen «birzentralizazio» neurrien kontra bat egitea adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta Generalitateak.

Estrategiak ezberdinak izanda ere, elkar errespetatuko dutela diote
Lehen Jaurlaritza eratu zen eguneko —1936ko urriaren 8a— <em>Euzkadi</em> egunkariaren ale faksimile bat oparitu zion Urkulluk Masi herenegungo bileran,.
Lehen Jaurlaritza eratu zen eguneko —1936ko urriaren 8a— Euzkadi egunkariaren ale faksimile bat oparitu zion Urkulluk Masi herenegungo bileran,. D. A. / EFE

Jokin Sagarzazu -

2014ko abenduak 30
Diagnostikoan bat datoz, baina bide ezberdinak hautatu dituzte horri aurre egiteko. Hala izanik ere, elkar babesteko konpromisoa hartu dute, aurkari berbera dutelakoan: Espainiako Gobernua. Aurreko bi egunetan, Eusko Jaurlaritzako eta Kataluniako Generalitateko lehendakariek eta EAJko eta CDCko buruek izan dituzten bileretan hori ondorioztatu dute bi aldeek komunikabideetara igorri dituzten oharretan. Batzuen eta besteen idatzietan dauden xehetasunak gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Kataluniako lehendakariek —eta baita haien alderdietako buruek ere— adostu dute batera jardutea Espainiako Gobernuaren «estrategia birzentralizatzailearen» aurka; nola egingo duten ez dute zehaztu, baina bai hautatutako estrategiek elkar errespetatuko dutela.

Igandean, ia bi orduz bilduta egon ziren bi autonomia erkidegoetako presidenteak, Ajuria Enean, Gasteizen. Bileran hitz egindakoari buruz, bi gobernuetako komunikazio kabineteek igorritakoa baino ez da zabaldu komunikabideetara. Oinarrian, ideia berbera azpimarratzen da batzuen eta besteen oharretan. Kezkatuta azaldu dira bi gobernuburuak Espainiako Gobernuaren «estrategia birzentralizatzailearekin», eta salatu dute Rajoyren gobernua bere kabuz hausten ari dela «duela hiru hamarkada lortutako oinarrizko adostasun politikoak». Hori dela eta, bi buruzagiek adostu dute elkarrekin jardutea, betiere bakoitza «autogobernua eguneratzeko» jorratzen ari den «eredu eta prozedura propioa» errespetatuta.

Hori da bi oharretan egiten den aipamen bakarra bi herrialdeen estatus politiko eta juridikoa aldatzeko aukerei buruz. Generalitateak kaleratutakoan, baina, adierazten da Masek Urkulluri azaldu diola Kataluniako «prozesu demokratikoa» zertan den eta bi agintariek bi prozesuen arteko ezberdintasunak aztertu dituztela. «Antzekotasunei» dagokienez, Kataluniako Gobernuak dio Eusko Jaurlaritzak bat egiten duela erabakitzeko eskubidearekin, «gizarte zibilizatu eta modernoetan desadostasunak konpontzeko mekanismo gisa». Lakuatik igorritako oharrean, baina, ez da erabakitzeko eskubideari buruzko aipamenik egiten.

«Ebaluazio fasean»

Bai, ordea, EAJk atzo igorritakoan. Ohar horretan alderdi jeltzaleak dio Euskal Herriaren eta Kataluniaren «gatazka nazionalen» irtenbidea etorriko dela bi gizarteei euren etorkizunaz erabakitzeko eskubidea aitortuta. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Josep Rull CDCko koordinatzaileak atzo goizean Bilbon Sabin Etxean eginiko bileraren harira kaleratu du oharra EAJk. Horrek ere badio Ortuzarrek Rulli azaldu diola zertan den EAJk EAErako nahi duen «estatus politiko berria». Horren harira, azaldu du proposamen hori «ebaluazio fasean» dagoela, Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean, eta 2015ean «beste proposamen fase bat» zabalduko dela batzorde horretan.

Oso bestelakoa da CDCren eta Masen estrategia, EAJk igorritako oharraren arabera. Horrek dio Rullek Ortuzarri azaldu diola independentziari buruzko erreferenduma egiteko Masen estrategia zertan den —funtsean azaroaren 25ean Bartzelonan eginiko konferentzia jendetsuan Kataluniako presidenteak azaldutako bide orria: plebiszitu hauteskundeak aurrena eta independentziari buruzko galdeketa gero—. Horri buruzko baloraziorik ez du egin alderdi jeltzaleak, baina horrekin lotuta «babes eta elkartasun mezua» helarazi die Masi berari, Joan Ortega Generalitateko presidenteordeari eta Irene Rigau Hezkuntza Kontseilariari, azaroaren 9ko prozesu parte hartzailean ustezko desobedientzia delitua egotzita haien aurkako kereila jarri baitu Espainiako Estatuko Fiskaltzak: «Herriari adierazteko eskubidea ematea ezin da inoiz auzipetuen eserlekuan jesartzeko arrazoi izan. Demokraziaren eta legearen artean, guk demokrazia aukeratuko dugu beti», azaldu du EAJk bere oharrean.

Horrez gain, Ortuzarrek eta Rullek, «puntuz puntu» bere egin dituzte Urkulluk eta Masek eginiko beste hausnarketa guztiak. Autogobernuaz gain, herenegungo bileran bi gobernuburuak kezkatuta azaldu ziren gizarteak alderdi politikoekin azaldu duen «mesfidantza» dela eta. Konfiantza falta hori finantza krisiarekin eta politikari lotutako ustelkeria kasuekin lotu zuten.

Igandean, aurtengo bigarren bilera izan zuten Urkulluk eta Masek. Maiatzean bildu ziren aurreneko aldiz, Ajuria Enean, modu diskretuan orduan ere, eta Europako hauteskundeen aurretik. Herenegungoa, komunikabiderik gabe egin zuten, baina testuingurua beste bat izan zen: Euskal Herriko eta Kataluniako futbol selekzioek partida jokatu zuten egun berean, eta San Mamesen izan ziren bi agintariak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna