Ahal Dugu-ko lau parlamentarik babesa agertu diote Laura Perezi

Cousok, «eskua luzatu», eta gogoeta egiteko eskatu dio zuzendaritzari, liskarrek alderdiari kalte egin diotela eta. Espedientea kendu ezean, ez dute baztertzen taldea uzteko aukera

Ikusmin handia piztu zuen atzoko agerraldiak. Mahaian, Laura Perez, Carlos Couso, Fanny Carrillo eta Ruben Velasco. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Urak harro daude Nafarroako Ahal Dugu-n. Iragan astean, Laura Perez parlamentariari eta idazkari nagusi ohiari espedientea ireki zion zuzendaritzak, eta bertan behera utzi zuen ordezkaritza kargu guztietatik. Geroztik, egoera ez da baretu. Atzo, Nafarroako Ahal Dugu-ko zazpi parlamentarietatik lauk babesa agertu zioten Perezi, eta gogoeta egiteko deia egin zioten zuzendaritzari. Horien izenean, Carlos Cousok onartu zuen egungo liskarrak ez dituztela gogoko. «Eskua luzatzen dugu bide ona har dezagun eta elkarrekin egin dezagun bidea». Ahal Dugu-ko parlamentariak «lasaitasuna eta neurritasuna» eskatu ditu, eta espero du zuzendaritzak mezu hori aintzat hartzea.

Atzo goizean, parlamentuan agerraldia egin zuten Carlos Cousok, Fanny Carrillok eta Ruben Velascok. Hiru parlamentari horiekin batera zegoen Laura Perez, auziko protagonista. Tere Saezek ere agertzeko asmoa zeukan, baina, ordu berean parlamentuko batzorde batean parte hartzen arizenez, ezin izan zen bertaratu.

Egoerarekin kezkatuta

Egungo dinamikarekin kezkatuta agertu zen Couso. «Egungo joera hau akaso ez da ez osasuntsuena ez komenigarriena urtebete barru aldaketa sostengatzeko funtsezko indarra izan dadin Ahal Dugu». Cousoren arabera, aldaketa ez dago arriskuan. Dena den, 2019ko foru hauteskundeei begira, «UPNren alternatiba izango den» gobernu baterako osagai garrantzitsu izatea izan behar luke helburua, baina Cousok uste du arriskua dagoela herritarrek egungo ildoa ez ulertzeko. Haren esanetan, esfortzu handiegia baliatu du Ahal Dugu-k barne liskarren berri ematera, eta, alderantziz, parlamentu taldearen «lan ona» gizarteratzeko arazoak ditu.

Etxe batekin alderatu du egungo egoera: «Nire ustez, etxe politiko batean, gela guztietako ateek ez lukete giltzarraporik behar; bainugelan, berriz, bai, gustu txarrekoa delako jendeak ezagutu nahi ez dituen gauza batzuk erakustea». Cousoren arabera, alderdi guztiek dituzte beren trapu zaharrak, baina «bainugelako atea itxia izateko sotiltasun nahikoa badute».

Zuzendaritzak Laura Perezi alderdiaren kode etikoa larri urratzea egotzi dio, eta jokabide horrekin alderdiaren «izen ona zikintzea eta proiektu politikoaren sinesgarritasuna kolokan jartzea» aurpegiratu dio. Azalpen hori «zentzugabea» iruditzenzaio Cousori. Horregatik, eskuzabaltasunez jokatzeko eta Laura Perezi beste aukera bat emateko eskatu dio zuzendaritzari.

Haren ustez, barne eztabaidek ez lukete ondorio pertsonalik eragin behar, eta akordioak egiteko gaitasuna erakutsi beharko luke barne demokrazian oinarritutako alderdi batek. Oraingo bidetik jarraituta, berriz, «min bikoitza» egin daitekeela gaineratu du: «Lehenik, aldez aurretik epaitu eta zigortu den pertsonari. Baina behin bere defentsa egin ostean errugabea dela frogatuz gero, zer egiten dugu hura epaitu dutenekin?». Horregatik, espedientea kentzeko eskatu du.

Cousok ez luke nahi zuzendaritzak mezua gaizki ulertzea. «Ez genuke nahi inork interpretatzea suari egurra botatzen ari garela». Egoera onbideratzeko itxaropena agertu du, baina, zuzendaritzak bereari eutsiz gero, zer egin aztertuko dute lau legebiltzarkideek. Parlamentu taldea utziko ote duten galdetuta, egoera horretara ez dutela heldu nahi erantzun du Cousok. Dena den, unea iritsiz gero, ez du baztertu.

Perezi jendaurrean babesa agertu ez dioten bi parlamentarietako bat Mikel Buil eleduna da. Azken egunetan harekin harremana «hoztu» dela onartu du Cousok. Bestalde, Fatima Andreok parlamentari akta utzi zuen 2016ko azaroan, Laura Perez idazkari nagusi zela. Oraingo egoerarekin alderatuta, Andreok sostengurik ez zuela jaso aipatu zioten kazetariek Cousori. Haren ustez, ez dira egoera bateragarriak, Andreori ez ziotelako espedienterik ireki.

Perezen azalpena

Perezek ez du dimisioa aurkezteko asmorik. «Espedientea ireki izana ere ez dut hartu eraso pertsonal gisa». Nabarmendu duenez, beti bete du alderdiaren diziplina «demokratikoki» hartutako erabakien aurrean. «Onartzen dut zuzendaritza organoen edo militantziaren bizkar hartzen diren eta programa urratzen duten erabaki oro zalantzan jartzen dudala».

Atzo kaleratutako iritzi artikulu batean, egungo zuzendaritzak Perezen aurka egindako jazarpena salatu du Ruben Velascok. Idatzian, kritikatu egin du Perez baliogabetu eta ikusezin bihurtu nahi izan dutela etorkizuneko zerrendatan arerio bat gainetik kentzeko asmoz. Horri buruz galdetu zitzaion atzo, eta Velascok erantzun zuen artikulua idaztea «pauso mingarria» izan dela. «Egin behar ez den kritika bat egin dut; badakit estatutuak ez ditudala bete, baina idaztera behartuta ikusi dut neure burua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.