Lau guardia zibilek deklaratuko dute bihar, tortura salaketengatik

Eneko Compainsen tortura salaketaren harira deklaratuko dute, ikertu gisa, Iruñean. Kasua artxibatu egin zuten, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berriz irekiarazi du

Eneko Compains eta Sandra Barrenetxea, iazko martxoan, Bilbon, torturaren kontrako manifestazioan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Eneko Compainsek torturak salatu zituenetik ia zortzi urte igaro direla, lehen aldiz eseriko dira lau guardia zibil Iruñeko Auzitegiko aulkian ikertu gisa. Bihar izango da hori (09:30). Compains 2010eko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak, beste bederatzi lagunekin batera. Seik salatu zituzten torturak, baina Sandra Barrenetxearen kasua bakarrik iritsi zen epaitegietara. Orduan, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak absolbitu egin zituen aulkian eseritako lau guardia zibilak. Compainsena, berriz, Iruñeko lehen instrukzioko auzitegiak artxibatu zuen.

2010eko irailean atxilotu zuten egun Sortuko kide dena, Cariñenan (Aragoi, Espainia), haien ustez «Ekineko kide izanda ETAren komisario politiko izateagatik». Bai hark, bai harekin batera atxilotuek inkomunikazio aldian «tortura basatiak» jasan izana adierazi zuten Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaskaren aurrean, hark espetxeratze agindua eman aurretik. Besteak beste, buruan poltsa jarri zieten, biluzi egin zituzten, kolpeak eman zizkieten eta mehatxuak jasan zituzten, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak orduan jakinarazi zuenez.

Beste zortzi kiderekin batera epaitu zuten Compains, eta bederatzi eta hamabost urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak. Halere, akordio bat lortu ostean, denak kalera irten ziren, bi urte inguruko espetxe zigorrekin, jada behin-behinean beteak.

Jada espetxean zela, 2010eko urrian jarri zuen salaketa Compainsek. Orduan, hari testigantza hartzeko eskatu zuen haren abokatuak, baina idatziz eman behar izan zuen testigantza. Bi urte geroago, epaileak aske utzi zuen, beste zazpi lagunekin batera, bost mila eta bederatzi mila euro arteko bermeak ordainduta.

Compainsen kasua artxibatu egin zuen Iruñeko lehen instrukzioko auzitegiak, «inongo diligentziarik ireki gabe», salatzailearen esanetan. Iazko maiatzaren hasieran, ordea, kasua berriz ikertzeko agindu zion Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, ikerketa «sakon eta eraginkorrik» egon ez zela arrazoituta. Izan ere, Konstituzionaleko epaimahaiaren ustez, konkordantzia dago salaketan azaldutako gertaeren, azterketa mediko-forentseko datuen eta deklarazioak eman ziren daten artean. Beraz, horiek ez lirateke bateraezinak izango tratu txarrekin edo torturekin. Gauzak horrela, Compainsi berari, auzi medikuari, ofiziozko abokatuari edo guardia zibilei deklarazioa hartu beharra azpimarratu zuen auzitegiak. Iruñeko auzi medikuak eta Compainsek emana dute deklarazioa, eta gauza bera egingo dute ikertutako guardia zibilek.

2008. urtetik, 40 bat aldiz jo du Torturaren Aurkako Taldeak Espainiako Auzitegi Konstituzionalera, eta zortzi kasutan agindu du auzitegiak tortura salaketak berriz ikertzeko: Alberto Biedma, Mikel Soto, Patxi Ruiz (2008), Sara Majarenas (2010), Ruben Villa (2012), Mikel Beunza (2013), Garazi Rodriguez, Irati Mujika (2016) eta Eneko Compains (2017).

Istanbulgo Protokoloa

Compainsek 2017ko maiatzaren 18an deklaratu zuen lehen aldiz epailearen aurrean. «Atxilotuta egon nintzen lau egunetan egin zidaten guztia kontatu dut. Torturak Iruñetik atera bezain laster hasi ziren, eta Madrilen jarraitu», adierazi zuen orduan. Deklaratzea berri ontzat hartu zuen orduan, baina garbi utzita ez duela «batere konfiantzarik» auzitegietan: «Milaka eta milaka tortura salaketa egon dira, eta absoluzioekin bukatu dira %99, eta, bestela, indultuekin».

Kasua epaitegira iritsi aurretik, Nazio Batuen Erakundeak onartutako Istanbulgo Protokoloa ere pasatu zuen Compainsek, duela hiru urte. Adituen arabera, hark esanikoak egia izateko «zantzu guztiak» ditu. Protokoloa, ordea, ez zen ofizioz aplikatu. Izan ere, 2012an espetxetik atera, eta auzi psikologo batengana eraman zuten, eta Compainsek azaldu zuen hark adierazi ziola ez dagoela «torturatu baten testigantza egiazkoa ote den ebazteko bitartekorik».

Compainsena Paco Etxebarria forentse ezagunak ikertutako kasuetako bat da, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Kriminologia Institutuaren artean argitaratutako lanaren barruan, non 1960. eta 2014. urteen arteko tortura kasuak aztertzen diren. Izan ere, auzia Iruñekoa zen, baina, atxilotu zutenean, Compains Donostian bizi zen.

Barrenetxearen kasua

Compainsekin batera atxilotu zituztenen artean, Barrenetxearena izan da orain arte epailearen aurrera iritsi den kasu bakarra. Lau guardia zibil eseri ziren akusatuen aulkian, eta, eginiko testigantzarekin batera, akusatuetako hiru identifikatu zituen. Akusazioak bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu zuen bakoitzarentzat, tortura, sexu eraso eta lesio delituengatik. Halere, Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaimahaiak guztiak kargugabetu zituen, salaketa berresteko «elementu periferikorik» ez dagoela argudiatuta: «Froga moduan, [Barrenetxearen] deklarazioak ez du nahikoa pisu».

Epaimahaiak balio handiagoa eman zien inkomunikazio aldian ikusi zuen auzi medikuaren txosten eta deklarazioei. Barrenetxeak honela deskribatu zuen auzi medikuarekin izaniko tratua: «Haren jarrera lotsagarria zen: momentu oro zalantzan jartzen zuen nik esandakoa, eta galderak egiten zizkidan ni kontraesanetan harrapatzeko. Ez ninduen aztertzen. Nik eskatu behar nion tentsioa hartzeko, eta esan zidan: 'Zertarako?'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.