«Etorkizuneko EHU» abian da

Zentroen berrantolaketa babes handiarekin onartu du unibertsitateak: 28 boto aldeko izan dira, eta lau kontra.

Orain 31 zentrotan antolatuta dago EHU, eta hogeitan bilduko dituzte

Garikoitz Goikoetxea

2014ko azaroak 28
Ezustekorik ez da izan: zentroak berrantolatzeko proposamenari baietza eman dio EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Errektore taldearen proposamenak aise pasatu du gobernu kontseiluko azterketa: 28 boto jaso ditu alde, lau aurka, eta hiru abstentzio. Iñaki Goirizelaia errektoreak «historikotzat» jo du urratsa: «Etorkizuneko unibertsitatea hemendik antolatuko dugu». Zentroen antolaketa berria ezinbestekoa dela errepikatu du errektoreak azken hilabeteetan, eta, behin hori lortuta, argi utzi du lehen pausoa soilik dela: «Asko dago egiteko».

Unibertsitate publikoa 31 ikastegitan antolaturik dago orain, eta egitura aldaketarekin hemeretzitan bilduko dituzte. Nolanahi ere, denera hogei zentro izango dira, Master eta Doktorego Eskola gehituta. 2016-17ko ikasturtean izango da martxan egitura berria.

Maiatzean aurkeztu zuen proposamena errektoretzak, eta eztabaidan murgilduta egon da unibertsitatea harrezkero. Aldaketak dituzten zentroetan nabaritu da batez ere. Aurkako txostenak egin zituzten bederatzik, eta lau zuzenketa iritsi ziren atzo gobernu kontseilura; ez bateratzeko eskatu zuten lau fakultatek. Atzera bota zituzten denak, alde handiz.

Atzokoaren ostean, hiru pauso falta dira: fakultateak batuta sortu dituzten ikastegien izenak zehaztea, EHUko Gizarte Kontseiluak onartzea, eta Eusko Jaurlaritzak behin betiko baietza ematea.

Ikastegi sendoagoak

Planteamenduari eutsi dio Goirizelaiak: zentro handiagotan bildu behar da unibertsitatea. Argudioak: «masa kritikoa» behar da ikerketarako, ikastegiek «erreferente» izan behar dute, eta nazioartekotu beharra dago. «Oraingo egiturarekin, arazoak dauzkagu».

Prozesuan apenas azaldu duen arrazoi bat ere zeharka aipatu du errektoreak: legea. Hala esan du: «Beharrezkoa da karrerak segurtasunez egin ahal izatea». Madrilek iragarria du doktore portzentajeak ezarriko dituela fakultateentzat, eta kopuru horiek betetzeko arazoak dauzkate EHUko zenbait zentrok; doktore portzentajea izan da zein zentro elkartu erabakitzeko irizpideetako bat.

Berrantolaketa pauso bat dela agerian utzi du Goirizelaiak. Egiaz zer asmo ote duen, susmo batzuk hedatu dira unibertsitatean. Bat, langileak gutxituko ote dituzten. «Berrantolaketak ez du eraginik izango lanpostuetan», erantzun du errektoreak. Hori bermatzeko, akordioa egin du LAB, EILAS eta UGT sindikatuekin. Nabarmendu du gastuak jaistea ez dela asmoa, nahiz eta aginte postuak gutxituko diren. ELAk ez du sinatu, eta salatu du benetako parte hartzerik gabe egin dela prozesua. Beste susmoa, ikasketen antolaketa. «Eskaintza akademikoan ez du eragingo», esan du Goirizelaiak. Aitortu du, hala ere, urte batzuk barru alda daitekeela eskaintza, «gizartearen beharren arabera».

Adostasun handia izan dela nabarmendu du errektoreak, eta indartuta atera dela EHU. Baina bidean gorabehera batzuk izan direla ere agerian utzi du. «Guztia ongi taxutu beharko dugu orain».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna