Lehen harriak du azken hitza

Protesta artean inauguratu dituzte Zubietako errauste plantaren eraikuntza lanak. Egitasmo polemikoaren aurkako kritikei erreferentzia egin die Markel Olanok, «herritarren nahia» hauteskundeetan islatu zela esanez. Bideoa albistearen amaieran.

Jose Ignacio Asensio (PSE-EE) Ingurumen diputatua, Markel Olano (EAJ) ahaldun nagusia eta Carlos Abilio Urbaserreko burua, eraikuntza gunean.
Jose Ignacio Asensio (PSE-EE) Ingurumen diputatua, Markel Olano (EAJ) ahaldun nagusia eta Carlos Abilio Urbaserreko burua, eraikuntza gunean. J.C. RUIZ / ARP

Samara Velte -

2017ko maiatzak 11

Abian dira ofizialki Gipuzkoako erraustegia eraikitzeko lanak. Zubietako kirol instalazioen alboko mendi kaxko batzuen artean ezkutatutako zabalgune harritsuan antzeztu zuten atzo obren hasiera diputazioko eta enpresetako ordezkariek. Ez zuten lehenbiziko harririk ipini, hura duela sei urte jarri zutelako; gizartearen oposizioak eta lau urteko gobernu aldaketak geldiarazi zuten orduan proiektua.

Orain, berriro ekin diote asmoari. Euren buruarekin nabarmen pozik eta galdutako denborarekin haserre agertu ziren diputazioko ordezkariak. «Azkenean, aurrera atera gara debate amaigabeetatik», esan zuen Markel Olano ahaldun nagusiak. Errauste planta egungo foru gobernuaren oinordetza nagusia izango dela erantsi zuen: «Helburu honekin aurkeztu ginen hauteskundeetara, eta hemendik bi urtera, legealdi amaieran, martxan egongo da [errauste planta]». Gizarte zibilaren kezkei, aldiz, zeharkako erreferentzia baino ez zien egin: Olanoren ustez, 2015eko hauteskundeetan islatu zen gipuzkoarren nahia, eta haietan EAJk eta erraustegiak irabazi zuten. «Kaleak bi gauza eskatzen zizkigun: hondakinen arazoa konpontzeko, eta ahalik eta ingurumen baldintza onenetan egiteko».

Kalea, orduantxe, txistuka ari zen, obragunera daraman errepidean. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta, ehundik gora lagun ari ziren elkarretaratzea egiten, «errausketarik ez, osasuna bai» leloa ahotan. «Hondakinen kudeaketa enpresa pribatuen esku utziko dute hurrengo 35 urteetarako», salatu zuen Kepa Olaiz bozeramaileak: «Hamalau urte daramatzagu aurkako arrazoiak ematen: osasunekoak, ingurumenekoak, ekonomikoak... Baina politikariek ez digute entzun ere egin, ezta galdeketa bat bultzatu ere».

Nabarmena da gipuzkoar ugarik dauzkatela zalantzak erraustegiaren inguruan. Martxoan, lurraldeko 75 eragile agertu ziren publikoki haren aurka, tartean sindikatu nagusiak. Atzo, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k ere salatu zuten foru gobernuaren «inposaketa». Urteotan guztiotan, herri mugimendu sendoak sortu dira lurraldean, eta hainbat proposamen egin dituzte zaborra erraustu ordezko alternatibak bilatzeko; horren adierazpenetako bat izan zen Europan ere hedatzen ari den Zero Zabor mugimendua. «Hainbat herritako esperientziek frogatu dute Gipuzkoan %70 birziklatzeko gai garela», nabarmendu zuen Olaizek.

770 milioi euroko kontratua

Ekitaldian ez zioten aipamenik egin herritarrek egin dezaketen birziklapenari. Kutsadurari buruz, ordea, aritu ziren: Gipuzkoako Ingurumen Gunea deitu dioten azpiegiturak, 30 urtean, erraustegi arrunt batek baino hamar aldiz sufre dioxido gutxiago isuriko duela nabarmendu zuen Carlos Abilio Urbaserreko buruak, eraikuntzaz eta mantentze lanez arduratuko den enpresa taldearen izenean. Gainerako gai kimikoen isurietan, aldea txikiagoa da.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Ekondakin enpresa taldeari eman dio erraustegia eraiki eta 32 urtez kudeatzeko eskumena; planaren arabera, 2019ko irailerako martxan egongo da. Azpiegiturak hiru atal izango ditu: hondakin birziklagarriak bereizteko planta bat, atal biologikoak lehortzeko beste bat eta soberakinak erretzekoa. 160.000 tona hondakinetatik, %7,5 inguru birziklatuko dituzte; zaborraren erdia kanpotik etorriko da, «hemen azken urratsa egitera». Azpiegituraren finantzaketa 217 milioi euro da; eta, 35 urterako kontratu osoa, 770 milioi.

Errepidean elkartutako herritarrei itxaropen gutxi geratzen zaie, baina protestan jarraitzeko asmoz daude: maiatzaren 27rako, aldarrikapenerako «egun-pasa» antolatu dute Zubietan. «Obrak hasi dira, baina horrek ez du esan nahi amaituko direnik. Espero dugu Europatik aginduren bat iristea», esan zuen atzoko elkarretaratzera hurbildutako Josu Agirretxe lasartearrak, GuraSOS plataformak jarritako salaketei erreferentzia eginez. Harengandik metro gutxira, Arantxa eta Lourdes ama-alaba zubietarrek inpotentzia adierazten zuten hasperen batez: «Nahi dutena egingo dute, beti bezala». Eurak eta Agirretxe bezala, eskualdeko jendea ere bazegoen oro har protestan: «Zabor gehien Donostian sortzen dute, baina urrunen dagoen auzoan egin nahi dute erraustegia».

Bideoa: Ekitaldia eta protestak (Andoni Canellada eta Gorka Rubio / Argazki Press).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna