Sarea josteko erregelamendua da

Interneteko erabiltzaileek sareko beren datuen gainean duten kontrola sendotzea du xede Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak. Ostiralean abiatu zuen Europako Batasunak; «indartu» egin du orain arteko araudia
Araudi berriak erabiltzaileen datuak zaintzera behartuko ditu Facebooken moduko multinazionalak. Mark Zuckerbergen enpresak eskandalu bati aurre egin behar izan dio berriki.
Araudi berriak erabiltzaileen datuak zaintzera behartuko ditu Facebooken moduko multinazionalak. Mark Zuckerbergen enpresak eskandalu bati aurre egin behar izan dio berriki. RITCHIE B. TONGO / EFE

Jon Ander De la Hoz -

2018ko maiatzak 30
Interneteko datuen ihesa amaitzea xede, sareko isurbideei estalki bat josi nahi die Europako Batasunak. Horretarako, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra jarri du martxan; iragan ostiralean sartu zen araudi berria indarrean, eta EB osatzen duten herrialde guztiei eragin die. Hiru dira legediaren gako nagusiak: sarean barreiatzen diren datu pertsonalen kontrol handiagoa izango dute erabiltzaileek; enpresek datu horiek erabili nahi izanez gero, abisua jasoko dute; eta haiek bestelakorik adierazi ezean pribatutasuna bermatzen duten aukerak lehenetsi beharko dituzte webguneek. Nahitaez betetzekoa izango da erregelamendu berria; EBk eta Europako Kontseiluak 2016ko apirilean onartu zuten, eta hura indarrean jarri arte prestatzen aritu dira herrialde bakoitzeko ordezkariak.

Araudi berriak segurtasun juridikoa «indartzen» duela azaldu du Datuak Babesteko Euskal Bulegoak, ohar bidez: «Pertsona guztientzat pareko babes maila bermatzen du, eta baita datu pertsonalen zirkulazio librea ere, EBko herrialde guztietan». Interneteko erabiltzaileek beren datuen gainean duten kontrola areagotzea da erregelamendu berriaren ezaugarri nagusia. Horretarako, zenbait eskubide berri onartu zaizkie, eta aurrez zeudenak «sendotu» egin dira. AZETA eskubideak dira lehendik indarrean zeudenetako batzuk: orain artean, datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezerezean uzteko eta datuei aurka egiteko ahalmena ematen zien erabiltzaileei. Aurreko ostiraletik, baina, datuak ezabatzeko, ahaztua izateko, datuak transferitzeko eta haien trataera mugatzeko aukera ematen die erregelamendu berriak. Trataera mugatzeko aukeren artean dago, esaterako, enpresei denbora muga bat jartzea norbere erabiltzailearen informazioa erabiltzeko.

Beste ertz bat ere badu araudi berriak; datu pertsonalei buruzko komunikazio eta informazio guztia «erraz ulertzeko moduan» eman beharko dela adierazi du Datuak Babesteko Euskal Bulegoak. Ez hori bakarrik; ostiralaz geroztik, ez du balio «isilbideko adostasuna» ontzat emateak: «Ez dira adostasuna adierazteko modu egokitzat joko isiltasuna eta aldez aurretik markatutako laukitxoak». Sarean dabiltzan enpresen informazioa jasotzea baimentzeko eta pribatutasun akordioak berresteko erabiltzen dira gehien halako klausulak.

Europako Batasunak betebehar gehiago ere ezarri dizkie erakunde publiko eta pribatuei. Horien artean nabarmenenetako bat da webguneen diseinuak lehenetsi egin beharko duela erabiltzaileen datuen babesa. Datuei emango zaien trataeraren erregistro bat ere izan beharko dute; horrez gain, arriskuen araberako segurtasun neurriak hartzera eta datu babesaren gaineko eragina neurtzera behartzen ditu erakundeak: «Arrisku handia ekar baitiezaiekete pertsona fisikoen eskubide eta askatasunei», nabarmendu du euskal agentziak.

Muturreko kasuei, zigorrak

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak dio erregelamendu berriak «gogortu» egin duela orain arteko zehapen erregimena, arauak hausten dituenarentzat isun handiagoak ezartzea aurreikusi baitu. «Muturreko kasuetarako» aurreikusita daude zigor horiek; besteak beste, datu bolumen handiak erabiltzen dituzten multinazionalei eragingo diete. Azkenaldian, zenbait kasu esanguratsuk astindu egin dituzte Interneten gehien erabiltzen diren konpainia multinazionaletako batzuk. Cambridge Analytica auziak lurrikara politikoa sortu zuen AEBetan eta Erresuma Batuan. Facebook sare sozialeko 87 milioi erabiltzaileren datuak bildu zituen enpresak.

The New York Times eta The Guardian egunkarien ikerketa batek eman zuen kasuaren berri. Jakinarazi zutenez, AEBetako 2016ko presidentetzarako bozen emaitza baldintzatzea zuen helburu datu bilketak. Gerora, zabaldu da enpresak harremana izan zuela brexit-aren aldeko talde batekin, eta horrek zalantzak sortu ditu enpresak eraginik izan ote zuen Europako Batasunetik ateratzeko erreferendumean ere. Kasu hori dela eta, azalpenak eman behar izan zituen Mark Zuckerberg Facebookeko buruak AEBetako Kongresuan eta Europako Parlamentuan. Bere enpresak «oker jokatu» zuela onartu zuen Zuckerbergek bi ganberetan, eta konpontzeko bidea aurkituko duela adierazi. Horretarako gida osatu dio EBk.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna