Erdem Gul. Kazetaria

«Kontrako kritika oro itotzen ari da Erdogan»

«Turkiak ezin du horrela jarraitu», Gulen ustez, Ankarako gobernua inoizko errepresio handiena ezartzen ari delako. Europako Batasunaren jarrera «lotsagarria» salatu du.

NECATI SAVAS.
Istanbul
2016ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Epaiketa hasi baino ordu batzuk lehenago urduri dago Erden Gul (Giresun, Turkia, 1967). 1991tik ari da lanean, baina kazetaritzan inoiz izan duen egoera larrienari aurre egin beharko dio. 2015eko ekainaren 12an ateratako albisteagatik «amesgaiztoan» bizi da, baina bere eginbeharra kazetaria den aldetik hori dela nabarmendu du. 2010etik ari da Cumhuriyet-en, gobernuari eta haren alderdi AKPri buruzko albisteak idazten. 2014tik egunkari horren Ankarako delegazioburua da.

Kazetaritzan 25 urte daramatzazu. Izan duzu beste epaiketarik?

Hainbat auzi izan ditut 2009an eta 2010ean, gobernuaren ustelkeriari buruzko albisteak idazteagatik. Adibidez, Adapazari probintzian gobernadore zibila eta gobernuaren alderdi AKPko diputatu batzuk nahasturik zeudela atera nuen. Baina deklaratzera joan behar izan dudan arren, epaiketek ez dute aurrera egin.

Herri honetan ez dago inor horrenbeste urte daramatzana eta auzibiderik ezagutu ez duena.

Bai, tristea da, baina halaxe da.

Zer gertatu da epaiketa abiatzeko?

2015ean albistea argitaratutakoan Istanbuleko fiskal nagusiak esan zuen ikerketa judiziala abiatuko zuela, eta egun berean Recep Tayyip Erdoganek esan zuen albistearen arduradunek ordainduko zutela. Hurrengo astean, ekainaren 7an, hauteskundeak izan ziren, eta Erdoganek %40ko jaitsiera izan zuen, alegia, ezin bakarrik gobernatu geratu zen, eta ekainaren 12an trailer horien jerdarmeriatik gertaeraren txosten kriminala filtratu zidaten. Nik txosten horri buruzko albistea ere idatzi nuen, eta azalean atera genuen.

Zer zioen jendarmeriako txostenak?

Esaten zuen ibilgailu horien zamak pertsonentzat kaltegarriak ziren armak eta munizioa zeramatzala. Eta gero jakin nuen gertaera horren auzibideetako sumarioan zegoela txosten hori. Gaur egun hainbat auzibide zabalik dauzka trailerren aferak, Adanan eta Auzitegi Gorenean.

Esaten ari zara zerbitzu sekretuetako hainbat trailer Siriara armak eramaten ari zirela eta fiskal batek geldiarazi zuela.

Bai, hori ulertzeko atzera egin behar da. 2013ko abenduaren 17tik 25era gertatutakoak errepresio aro berri bat zabaldu zuen Turkian. Roza Saraf irandarrak ustez AKPko lau ministro erosi zituen. Ikerketaren arabera, zapata kaxa bete diru iristen zitzaien etxera ministro haiei. Ministroen semeak atxilotu zituzten, eta ministroek dimisioa eman zuten [Saraf duela egun batzuk atxilotu zuten AEBetan, eta datorren asteartean epaituko dute]. Erdoganek, orduan, lehen ministro zela, ustelkeria operazioa estatu kolpe saiakeratzat jo zuen, eta atxilotuak libre utzi zituen. Hortik aurrera, akabo. Fetullah Gulen komunitatea [Opus Deiren antzekoa] erakunde terroristatzat jo zuten, eta teorian desegiten hasi ziren. Erdoganek esan zuen segurtasun eta justizia instituzioak bereganatu zituztela, eta bere kontra zeudela. Ehunka polizia bota zituzten, fiskalak, epaileak... Eta nahasmen horretan geldiarazi zituen fiskalak MITeko trailerrak, estatuko poliziez eta jendarmeez. Auzia zabaldu zuten, eta gutxira fiskala bota egin zuten, eta operazio hartan parte hartu zutenetako asko atxilotu eta beste batzuk bota egin zituzten. Urte eta erdira argitaratu genituen Siriara zihoan kargan zeramatenari buruzko dokumentua.

Fetullah talde terroristako parte izatea leporatu dizuete, eta gobernuak esan zuen gertaera bere kontrako bigarren estatu kolpe saiakera dela.

Bai. Can Dundar eta biok oso akusazio larriak dauzkagu gure gain. MITeko ibilgailuei buruzko albisteak argitaratzeagatik ari gara jasaten epaiketa hau, irudiak eta txostenak ateratzeagatik.

Argitaratzerakoan pentsatu zenuen epaitzeko arriskua izan zenezakeela?

Ez. Azken bi urte eta erdian gobernua sekulako errepresioa ezartzen ari da, eta batek ez daki zer gerta dakiokeen eta zer ez. Oso azkar gertatu da dena. Gobernuak bere lehen urteetan egindako demokratizazio urratsetan atzera egin du. Guk aurrerapauso horiek babestu genituen, baina azken urteotan askatasuna, arlo guztietan, murriztu egin da. Gobernuari aurre egiten dioten guztien kontra egin dute, eta gu aurre egiten dioten horien artean gaude.

Esan daiteke zuen egunkari Cumhuriyet dela gaur egun Erdoganen gobernuarekin kritikoen agertzen dena.

Zalantzarik gabe. Nola ez gara kritiko izango horrelako gobernu batekin? Kurduen auzian elkarrizketa prozesu bat zegoen, eta hautsi egin zuen ekaineko hauteskundeak baino lehen. Segurtasunaren politikara itzuli da, EI Estatu Islamikoaren hilketak egon dira denbora horretan guztian, eta PKK borroka armatura itzuli da su-etena hautsi ostean. Hiri kurdu askotan setio egoeran daude. Tentsioa maila guztietan handitzen ari da. Horrelako giro batean, azaroaren 1ean hauteskundeak errepikatu eta gehiengoa atera zuen AKPk, %50. Hilabete horretako 26an deklaratzera deitu gintuzten, eta espetxean sartu. Ikusten denez, gobernua bakarrik osatzera itxoin zuten horretarako, eta ez zuten epaitu soilik. Espioitza leporatu digute, eta Fetullah talde terroristaren apologia egitea. Bizi guztiko kartzela zigor larri bat, arrunt bat, eta 30 urteko kartzela zigorreko beste bat eskatzen dute guretzat. Zer iruditzen zaizu?

Nahiago dut iritzirik ez eman. Beste zehaztasun bati buruz galdetu nahi dizut. Aydinlik egunkariak MITen armei buruzko informazioa kaleratu zuen zuek egin aurretik, eta hark ez du epaiketarik izan.

Horixe. Aydinlik-ek argitaratu zuen albistea argazki eta guzti, azalean jarri zuen, eta ez da ezer gertatu. Esaten ari gara guk argitaratu aurretik kalean zegoela albiste hori. Adarjotze bat da.

Nola dago prozesua?

Espetxera sartu gintuztenean deklarazioa hartu ziguten, eta joan den astean sekretupean jarri zuten sumarioa, eta Erdogan eta MIT prozesuko parte gisara onartu zituen epaileak. Gauza bat argitu nahi dut. Estatuko botereen artean [gobernua eta Fetullah sekta] borroka izugarria dute, baina guri bost axola. Guk lortzen dugun baliozko informazioa argitaratzen dugu, eta horixe egin genuen. Guk, kazetari garen aldetik, ez dugu parte hartzen borroka horretan. Esango nuke horrelako informazio bat ez argitaratzea litzatekeela delitua.

Bigarren akusazioari dagokionez, Fetullah Gulen sektaren apologia egitea, Can Dundar eta egunkaria bera Kemalista gisara dira ezagunak, hau da, laiko erradikal gisara. Zentzurik ba al du horrek guztiak?

Ez, noski. Gobernuaren lehen hamar urteetan, koalizio perfektua zegoen Fetullah taldearen eta gobernuaren artean, eta Cumhuriyet eta talde islamista horren artean borroka oso gogorra zegoen, eta guk etengabe egiten genion kritika gobernuari talde horri nahi zuena egiten uzten ari zitzaiolako, estatuaren instituzioetan sekta sendotzen uzten ari zelako. Gobernuak ukatu egin zuen beti, 2013ko abenduaren 17ko ustelkeria kasuak gertatu arte. Ordutik aurrera, berak hori guztia eragin izan ez balu bezala, sektari buruz gu esaten ari ginena leporatzen hasi zitzaion, eta orain guri zaku berean sartzea ez da sinesgarria. Baina begiratu zein den egoera: gobernuak bere prentsa dauka [Hurriyet, telebista katea eta CNN turkiarra, besteak beste], eta errepresalien beldur ia ez dituzte albisteak egiten. Gobernuarekin kritiko diren guztiak bota dituzte. Eta komunikabideetan dagoen egoera handituz doan autoritarismoaren isla da.

Islamismoan aditua zara. Hogei urte baino gehiago daramatzazu alderdi islamistei buruz idazten, AKP eta haren hamalau urteko gobernuari buruz. Zer esan dezakezu haiei buruz?

Kazetaritza ikasten ari nintzenean, giza eskubideak eta askatasuna defendatzen zituzten. Baina boterean dena ahaztu dute, batez ere azken urteotan. Beraiek bezala pentsatzen ez duten guztien kontra daude. AKP boterearen alderdia bilakatu da, eta boterea galtzen badu ez zaio ezer geratuko. Hori beraiek ere badakite, horregatik dira gero eta krudelagoak. Gobernuak bere kontrako kritika oro, bere kontra dauden guztiak ito egiten ditu. Baina jendeak kontra egiten jarraitzen du; nik nire albisteekin egiten dut, kazetaria naizelako, kazetaritza askatasunez egin behar delako.

Orain errefuxiatu siriarren aferak on egin dio. Erdoganek errefuxiatuen zama kentzen dien bitartean, Europako Batasunak beste aldera begiratuko du. Oker al nago?

Arrazoi duzu. Erdoganen praktikak jada ez dira beste alde batera begiratzeko modukoak, baina Europako Batasuna hori egiten ari da, Turkia behar duelako. Uste dut gogoeta egiten hasia dela, baina harrapatuta dago, epe laburrera dauzkan arazoak konpondu nahian, horretarako errefuxiatuen auzian jarrera lotsagarria izan behar badu ere, Turkiarekinari den bezala negoziatzen. Europaren izaera auzitan jartzeko prest daude, baina luzarora kontra etorriko zaie.

Zer espero duzu epaiketaz?

Edozer gauza gerta daiteke.

Zer aipatuko zenuke zerbait itxaropentsua esateko eskatuko banizu?

Nik ez dut esperantza galdu. Turkiak ezin du horrela jarraitu. Askatasunaren beharra ura eta airea bezain ezinbestekoa da. Eta nik ez dut uste jende guztia etxera erretiratuko denik airerik gabeko bizitza bat egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.