Katalunia. A-9ko prozesu parte hartzailea

Etxez etxe, maratoia osatu arte

Espainiako Gobernuaren mehatxuek geroz eta izu gutxiago eragiten dute Katalunian.

Galdeketari eusteko erabakia hartuta, helburu nagusi bat dute orain indar subiranistek: bozketa ahalik eta arrakastatsuena izatea
Bi egunetan 250.000 dei egin dituzte Omnium-en Bartzelonako egoitzatik.
Bi egunetan 250.000 dei egin dituzte Omnium-en Bartzelonako egoitzatik. SAMARA VELTE

Samara Velte, Berriemaile berezia -

2014ko azaroak 7
«Arratsalde on, Laia izena dut, eta azaroaren 9ko galdeketarako boluntarioa naiz. Badakizu jada non eman dezakezun botoa?». Galdera horri erantzungo diote egunotan milaka herritarrek Katalunia osoan. ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek sustatutako Ara es l'hora kanpainak telefonozko maratoia antolatu du independentziari buruzko galdeketarako azken txanpan, A-9an inor ez dadin etxean geratu. «Bakoitzak hamar lagun ekartzen baditugu, izugarria izango da», adierazi du Oriol Soler kanpainako buruak. Helburua: igandeko bozketan gutxienez bi milioi lagunek parte hartzea, irailaren 11ko manifestazioan bildutakoak bezainbeste.

Interes gehien dutenek dagoeneko begiratu dute Interneten zein den euren bozkalekua. Gainerakoen arreta lortu nahi dute telefonoz: Internetik edo interesik ez dutenena. «... zera esateko zen, igandean botoa emateko leku bat prestatu dizula Generalitateak», azaldu dio emakume gazte batek telefonoz bestalde daukanari, errespetuzko gaztelanian. Isilunea. «Hara. Ulertzen dut. Bada, nik esan diezazuket non egin dezakezun, zeuk 'ez' handi hori ipin dezazun».

Kasu gehienak ez dira hain etsigarriak. Bada elkarrizketa luzeak ere izaten dituenik: «Begira, andrea, gure ama ere Andaluziakoa da, eta baietz bozkatuko du», dio, irribarrez, gizon batek: «Bai, jakina, printzipioz guztiok gara munduko hiritarrak, baina batzuk besteak baino gehiago... Ez, ez dizut esan nahi zer bozkatu behar duzun!». Aretoaren beste muturrean, emakume bat algaraka: «Hara, neu ere Manresakoa naiz! Zein familiatakoa zara?».

Hainbat pertsona ezagunek ere hartu dute parte maratoian; besteak beste, ANCko eta Omnium-eko buruek, alderdietako kideek eta kultur munduko erreferenteek. «Jendea telefonoan geratzen da izen ezagun bat entzuten duenean: 'Kontxo, nik zu telebistan ikusi zaitut!'», azaldu du Santi Arisa jazz musikariak. ANCko kidea ere bada bera, eta igandean mahai batean egongo da bozketa zaintzen. «Joan, joango gara botoa ematera. Nik, behintzat, hantxe egon behar dut zortzietarako. Hortik aurrera, galdera da Poliziak zer egiten duen». Mossoek ez dute asko kezkatzen 67 urteko musikaria: «Etortzen badira, zer egingo dugu, haiei oldartu? Ni ez behintzat. Eta zer egingo gaituzte, jo? Tiro bat eman? Horrek guztiak ez dauka zentzurik. Eta, kanpora begira, irudi txarra emango luke Espainiako Gobernuaz».

Funtzionarioak, boluntario

Madrilen mehatxuek gero eta zalaparta txikiagoa eragiten dute Katalunian. Atzo, esperotako erantzuna eman zion Espainiako Auzitegi Gorenak Generalitatearen eskariari, eta ez zuen atzera bota Auzitegi Konstituzionalean Madrilek igandeko galdeketaren aurka jarritako helegitea. Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkari Maria de los Llanos de Lunak, bestalde, gutun bana igorri die Joana Ortega presidenteordeari eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilariari, Auzitegi Konstituzionalaren debekua ez urratzeko ohartaraziz.

Kataluniako Gobernuak eutsi egin dio asmoari. Hezkuntza zentroetan prest daude botoa emateko paperak; boluntario bakoitzak badaki zein den bere funtzioa. Hainbat langile publiko ere prest agertu dira galdeketan parte hartzeko. Haietako bat da Ana Rodet; institutu bateko langilea da, eta mahaian ordezko izatea egokitu zaio. «Itxura batean, dena oso normal doa, hauteskunde arruntak balira bezala». Botoa emateko lekuak, ordea, ohi baino gutxiago dira: «Zentro bakoitzak erabaki du parte hartu edo ez, eta hainbat zuzendarik idatzizko berme bat eskatu diote Generalitateari, ardurak zehazteko».

Rodetek zalantzak ditu igandean eskolarik zabaltzen utziko duten, baina lasai dago: «Funtzionariook ere boluntario gisa gaude hemen». Igandekoa, batez ere, protesta eguna izango dela dio: «Debekuekin, independentistak sortzeko makina bat jarri dute martxan. Bozkatu nahi ez zuten asko botoa ematera joango dira».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna