Batasunari, sedukzio ahalmena

Aurreikuspenak betez, Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulira igaro dira Duque hautagai eskuindarrena (%39,15) eta Petro ezkerrekoena (%25,08)

Ivan Duque Zentroa Demokratikoa alderdiko presidentagaia, herenegun, lehen itzulian lortutako emaitza ospatzen. MAURICIO DUEÑAS CASTANEDA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ivan Duque uribismoaren ordezkariak lortu zuen boto gehien, herenegun, Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeetan. Bozetara aurkeztutako hautagai eskuindarrenak botoen %39,14 bereganatu zituen. Emaitza oso ona izan arren, ez zuen, ordea, %50aren langa gainditu, eta, beraz, hauteskundeen bigarren itzulia egingo dute ekainaren 17an. Buruz burukora igaro den beste hautagaia Gustavo Petro da, Kolonbia Humanokoa, presidentegai guztietan politika ezkerrekoenak proposatzen dituena. Botoen %25,08 atera ditu, Sergio Fajardo moderatuak baino 260.000 boto gehiago.

Aurreikuspenak bete dira, hortaz, gobernuaren eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak 2016an bake akordioa izenpetu zutenetik presidentetzarako egindako lehen hauteskundeetan. Behin emaitzen berri eduki eta gero, «batasuna» izan zuen hizpide Duquek, eta oraingoan botoa eman ez diotenak konbentzitzeko ahaleginean, «kolonbiar guztientzako» gobernatu nahi duela nabarmendu zuen. Petrok, berriz, buruz burukoan kontrario izan duenak oraingoan «goia» jo duela pentsatzen du, eta bere hautagaitzak, aldiz, ez duela sabairik. Beraz, hurrengo asteetarako zeregin bat jarri dio bere buruari: «Zalantzatiak seduzitzea».

Eta seduzitu beharko ditu, batez ere, Fajardoren bozkatzaileak. Ikusteko dago zer egingo duten herenegun German Vargas Llerasen alde egin zuten hautesleek (%7,28). Kolonbiako presidenteordea izan zen (2014-2017), eta Juan Manuel Santos jarduneko presidente kontserbadorearen alderdiaren babesa zuen. Bozkatzaileek bake prozesuan gobernuaren bueltan ibilitakoak zigortu dituzte, nolabait, bozetan. Izan ere, Humberto de la Calle negoziazioetan gobernuaren ordezkaritzaren buru izan zenak botoen %2,06 baino ez du atera.

Hain zuzen ere, Duque AEBetan ikasitako 41 urteko ekonomistak bake akordioa zalantzan jarri du, eta horretan oinarritu du bere kanpaina, joan den abenduaren 10ean Alvaro Uribe Kolonbiako presidente izandakoak (2002-2010) Zentro Demokratikoa alderdiko buru izateko oniritzia eman zionean. Auzitegi Konstituzionalak datozen hamabi urteetarako blindatu du bake akordioa, baina Duquek dio aldaketa batzuk egingo dituela Nariño etxera iristen baldin bada.

Kontuan hartu behar da uribismoak bake akordioen aurkako kanpaina egin zuela itunei buruzko 2016ko urriko plebiszituaren aurretik, kontsulta hartan ezezkoak irabazi zuela, eta Duque neoliberala Uriberen ordezkoa dela. 1994ko bozetan bi itzulitako sistema ezarri zutenetik, aurreneko itzulian boto gehien atera duen presidentegaia izan da Duque: 7,6 milioi boto —19,6k zuten bozkatzeko eskubidea—. «Atzerako ispiluan» begiratu beharrean, «aurrera» begiratu nahi du.

Bestelako politikak, ia-ia kontrakoak, proposatzen ditu Petrok. Hasteko, eta desberdintasun sozialak mugatzeko asmoz, iruditzen zaio herrialdearen ekonomian esku hartu beharko lukeela estatuak. Kolonbia «humanoago» bat, «ustelkeriarik gabekoa», aldarrikatu du kanpainan, eta, herenegun, hezkuntzan eta osasunean «hobetzeko» konpromisoa hartu zuen. Ekainaren 17ra bitartean aliantzak ehundu eta, beraz, Duqueri aurre egiteko «desberdintasuna biltzera» deitu du gaztetan M-19 taldeko gerrillaria izan zenak. Boto kopuru aipagarria atera du, ezkerrak inoiz lortutako handiena, 2006ko bozetan Carlos Gaviriak ateratako 2,6 milioi botoak bikoiztu baititu ia.

Eta hori guztia lortu du, eskuineko hautagaiek eta komunikabideek jopuntuan eduki arren. Azken hilabeteotan haren kontra egin dute etengabe, baita erabili ohi dituen zapatengatik ere. Bogota hiriburuko alkatea izan zen Petro 2012tik 2015era, eta han Fajardo izan du aurretik. Zenbait adituren arabera, Petrok ez du zer eginik Duqueren kontrako lehian. Zentro Demokratikoko presidentegaiak «goi mailako» kanpaina egin dezala eskatu dio.

Santos jarduneko presidenteak, berriz, ez du bigarren itzulira igaro diren bi presidentegaiei buruzko iritzirik eman, eta bakarrik nabarmendu du Kolonbian inoiz egin diren hauteskunde «seguruenak eta gardenenak» izan direla.

Iruzurraren beldur

Petrok joan den astean salatu zuen Vargas Lleraren alde egiteagatik gobernuak emaitzak informatikoki manipulatzeko asmoa zuela, eta «edonolako iruzurra» sakelakoekin grabatzera eta horiek sare sozialetan jartzera deitu zituen herenegun bozkatzaileak. «Makineria ustelen eta herritar askeen artekoa da hauteskunde eztabaida hau», azpimarratu zuen botoa eman zuenean. Halere, azkenean ez zien emaitzei eragozpenik jarri.

Bestalde, FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzaileak duela bizpahiru hilabete jakinarazi zuen ez zela bozetara aurkeztuko, argudiatuz ez zegoela baldintza egokirik beste alderdiekin berdintasunean lehiatzeko. Ez du inoren aldeko botorik eskatu, baina Rodrigo Londoño Timochenko gerrillarien burua zena, behintzat, botoa ematera joan zen herenegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.