UDAKO SERIEA. Gatazka ahaztuak (eta VI). Karabakh Garaia

Auziak izoztuta jarraitzen du

Adrian Garcia -

2014ko uztailak 27
Sobietar Batasuna desagertzearekin piztu zen gerra. 1994tik 'de facto' herrialde independentea da Karabakh Garaia, Armeniak babestuta Azerbaijan militarki garaitu ondotik. Ordutik egoerak ez du ez atzera ez aurrera egin.

Kaukasoko gatazka izoztua dago. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak iraun zuen urteetan nolabait bare mantendu zen Karabakh Garaiko auzia. Sobietar Errepublikaren azken urteetan, baina, Moskuko agintearen ahuleziak eraginda, gatazkak eztanda egin zuen. Egun de facto herrialde independentea da Karabakh Garaia, 1991ko Azerbaijanen aurkako gerraren ondotik. Armeniarrak dira errepublika menditsu horretako biztanle gehienak, eta Armeniako armada dute babesle. Erevanek eta Bakuk su-etena hitzartu zuten 1994an, nahiz eta urtero liskar ugari izan mugan. Azken urteotan auziari buruz eztabaidatzeko hainbatetan bildu dira bi herrialdeak. Hala eta guztiz ere, gatazkak urte luzez izoztuta jarraitzeko arriskua du.

Sobietarrek 1924an Azerbaijango Errepublikaren eremupean lotu zuten Karabakh, eskualde autonomo gisa. Garai horretan, sobietarren datuen arabera, eskualdeko 131.500 biztanleetatik %94 ziren armeniarrak. Azerbaijango Errepublikaren menpe, kopuru horrek behera egin zuen: 1979an %76 ziren jatorri horretakoak. Bakuren agindupean, armeniarrek haien hizkuntza eta kulturaren bazterketa salatu zuten. Nahiz eta, oro har, Azerbaijango beste eskualdeetako herritarrek baino bizi-kalitate hobea izan, ez ziren Armeniako Errepublikaren parera iristen. Azerbaijandarrei leporatu zizkieten haien kultura eta gizarte arazoak, eta askok azerbaijanera ikasteari uko egin eta errusiera hartu zuten bigarren hizkuntzatzat. 1960ko hamarkadaren hasieran hainbat liskar izan ziren bi etnien artean, eta Karabakh Armeniako Errepublikan sartzeko eskatu zioten ofizialki Moskuri.

1980ko hamarkadaren amaieran, Mikhail Gorbatxovek politikan egindako aldaketek askatasun zabalagoa eskaini zuen, eta armeniarrek manifestazio jendetsuak antolatu zituzten eskualdea Erevanen esku gera zedila eskatzeko. 1988ko otsailaren 20an Karabakheko Batzar Nazionalak —eskualdeko legebiltzarrak— Armeniari batzearen alde bozkatu zuen. Bi komunitateen arteko borrokak eragin zituen horrek. Azerbaijango armeniarren aurka erasoak izan ziren, baita alderantziz ere, Armenian bizi ziren azerbaijandarren aurkakoak. Errefuxiatu uholdea sortu zuten jazarpenek; etnia bakoitza gehiengoa zen herrialdera egin zuen ihes. Azerbaijandar gehienek utzi zuten Karabakh.

Gatazka baretze aldera, Moskuk autonomia handiagoa eskaini zion Karabakh eskualdeari, baina horrek ez zituen aldeak asebete. Ez armeniarrak, ez azerbaijandarrak. 1989ko azaroan, aldeak adiskidetu ezin zirela ikusita, SEBSek autonomia eskumenak kendu zizkion eskualdeari, eta Bakuren aginte zuzenpean utzi zuen. Armeniarren erantzuna luze gabe iritsi zen: Karabakheko Biltzar Nazionalak eta Armeniako Sobiet Gorenak aldarrikatu zuten eskualdea eta Armenia bat zirela.

1991ko abenduko erreferendumean estatu independente bat sortzea adostu zuten Karabakhen, eta nazioartean aitortza eskatu zuten, nahiz eta aitortza hori ez iritsi. Independentzia aldarrikapenarekin batera etorri zen gerra. Azerbaijango armada kanporatu zuten eskualdetik, Armeniako soldaduen laguntzarekin. Berez, Karabakhek eta Armeniak ez dute muga partekatzen, Azerbaijanen lurraldea baitago tartean. Eremu hori ere hartu zuten armeniarrek, segurtasun neurri gisa, Bakuren erasoengatik babesteko eta Karabakh Armeniarekin lotzeko. Karabakhetik mendebaleragoko lur eremuak ere Armeniako armadaren esku daude.

Aliatuen eragina

Azerbaijanek salatu du haren lurraldearen %20 inguru hartu duela Armeniako armadak. Borroketan 30.000 lagun inguru hil zituzten, eta beste milioi bat lagunek etxeak utzi behar izan zituzten. Gatazka piztu zenetik iheslariak ezin izan dira etxera itzuli. Errusiak bultzatuta, 1994an su-etena adostu zuten.

Armeniarren eta azerbaijandarren arteko gatazka izan arren, batzuen zein besteen aliatuek eragin handia izan dute auzian. Turkia eta Errusia dira eskualdeko bi herrialde boteretsuenak, eta euren interesen arabera lerratu dira gatazkan.

Ankarak Azerbaijanen alde egin du, hark Armeniari ezarritako blokeoa eraginkorra eginez. Ankara eta Erevan etsaituta daude, eta partekatzen duten muga itxirik daukate. Besteak beste, Ankarak ez du onartzen Otomandar Inperioaren armeniarren genozidioa. Bestalde, Errusiak ez du Kaukason Ankararen eragina puzterik nahi, eta Erevanen alde egin du eragin horren aurka egiteko, auzia baketze aldera nazioarteko bitartekaritza taldean aritu arren. Gasez hornitu du Armenia Bakuren blokeoari aurre egin diezaion. Horretaz gain, handia da armeniarren diaspora. Horietako asko AEBetara emigratu zuten, eta, herrialdera dirua bidali ez ezik, Etxe Zuriak Erevanen aldeko jarrera har dezan presioa egin dezakete.

2006. urtean beste erreferendum bat egin zuten Karabakhen, eta alde handiz onartu zuten konstituzioa. Azerbaijanek salatu du, baina, nazioarteko legeen arabera ez duela zilegitasunik. Bi herrialdeen arteko harremanak ugaritu egin dira azken urteetan; bi estatuburuak bildu dira, eta auzia elkarrizketa bidez eta nazioarteko legeak errespetatuz konpontzea adostu dute. Erevanek ondo deritzo Karabakh inguruan hartutako lurraldea itzultzeari, Bakuren partetik ez erasotzeko konpromisoa lortuko balu. Halere, mugaldean ohikoak izan ohi dira bi armaden arteko borrokak. Bi herrialdeetako iritzi publikoak, gainera, ez dirudi amore emateko prest daudenik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna