AEBek sustatu koalizioak ez du lurreko troparik bidaliko Irakera

Estatu Islamikoaren aurkako nazioarteko taldearen «oinarria» NATOko zortzi kidek eta Australiak osatuko dute. BBCren arabera, Iranek AEBekin jarduteko erabakia hartu du

Mikel Rodriguez -

2014ko irailak 6
AEBek hamar herrialderi proposatu die IS Estatu Islamikoari erasotzeko koalizioan parte hartzea, John Kerry Estatu idazkariak jakinarazi duenez. Estrategia zein izanen den ere argi utzi du: Irakeko segurtasun indarrak eta «bertze eragile batzuk babestea». Koalizio horrek, beraz, ez du soldadurik bidaliko ISren aurka buruz buru borrokatzeko. «Argi eta garbi, uste dut hori dela marra gorria hemen gaudenontzat: ez da egonen lurreko troparik».

Galesko Newport hirian egin ditu adierazpen horiek Kerryk, NATOko bilkuraren harira, aliantza militarreko zortzi herrialdetako eta Australiako Atzerri ministroekin izandako bilera baten ondoren. Herrialde horiek osatuko dute koalizioaren «oinarria», Chuck Hagel Defentsa idazkariaren arabera. Erresuma Batua eta Frantzia daude horien artean, eta baita Turkia ere. «Estatu Islamikoari eraso behar diogu, lurralde gehiago har ez ditzan», adierazi du Kerryk. «Baliteke urtebete, bi edo hiru irautea, baina erabakia hartua dugu».

Barack Obama AEBetako presidentea ere mintzatu da ISri buruz, Newporten bertan, bilkuraren bukaeran. Bere gobernuko kideek baino zehaztapen gutxiago eman ditu eratu nahi duten koalizioari buruz, baina esan du espero duela Irakeko sunitak ere ISren aurkako borrokan elkartzea.

AEBek oraingoz aire erasoak eginez lagundu diete Irakeko armadari eta Kurdistango Eskualde Autonomoko peshmerga indarrei. Etxe Zuriak behin eta berriz argi utzi nahi izan du ez duela lurreko troparik bidali nahi, beraz, pentsatzekoa da Irakeko armada eta peshmergak indartu eta haien aire indarra bihurtzeko asmoa izanen duela nazioarteko koalizio horrek. Hain zuzen, Libian Muammar Gaddafiren aurkako matxinoekin egin zuten bezala duela hiru urte.

Estatu Islamikoarekin sortu den egoera, ordea, konplexuagoa da, eragile gehiago harrapatu baititu tartean. Horren eraginez, duela gutxi sinesteko zailak ziren aliantza taktikoen sorrera gerta daiteke. BBC Erresuma Batuko kateak Irango Gobernuko filtrazio anonimo bat aipatuta argitaratu duenez, Ali Khamenei Irango lider gorenak baimena eman die Iraultzaren Zaindariei AEBekin harreman militarrak izateko. BBCk dioenez, zehazki Iraultza Zaindarien eliteko Quds Indarraren buruzagi Qasem Soleimaniri eman dio baimena. Duela egun batzuk, Hassan Rohani Irango presidenteak ukatu egin zuen AEBekin elkarlanean ari direla ISren aurka. ISk ekainean erasoaldia hasi ondoren, Iranek Soleimani bidali zuen Bagdadera, milizia xiitak koordinatu eta hiriburuaren defentsa antolatzeko.

Peshmergen erasoaldia

Borrokei dagokienez, peshmergek jakinarazi dute Irakeko iparraldeko Mosul hiritik hamazazpi kilometrora erasoaldi bat hasi dutela eta ISko milizianoek gibelera egin dutela. AEBen aireko laguntza izan dutela erran du Gayaz al-Suryi PUK Kurdistango Batasun Patriotikoko bozeramaileak. Hain zuzen, Irakeko hedabideek zabaldu dutenez, AEBek Mosulen egindako eraso batean hil dute Abu Baxar Miteudi ISko buruzagi militar eta Abu Bakr al-Baghdadi buruzagi gorenaren hurbilekoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna