Katalunia. Elkarrizketa. Toni Comin. Osasun kontseilari erbesteratua

«Bruselan egingo dugu Katalunian ezin dena egin»

Kontseilariak uste du «Bruselan gobernu bat egotea nahi ez dutenen estrategia» dela Puigdemontek eta Cominek parlamentuko jarlekuak uztea; ez du uste Belgikak euroagindurik onartuko duenik. Bideoa, elkarrizketaren amaieran.

MARTXELO OTAMENDI

Martxelo Otamendi -

2018ko martxoak 21

Piano jotzailea izateko bokazioa eduki zuen 20 urte bete zituen arte, baina inguruan ikusten zituen arazoen konponbidean konprometitzeari eman zion lehentasuna. Mendearen hasieran altermundialisten mugimenduan sartu zen buru-belarri, eta han ezagutu zituen Ada Colau eta Jaume Assens bezala gaur Kataluniako politikaren lehen lerroan dauden asko. Aitaren aldetik datorkio politikarako grina, Alfonso Carlos Cominengandik, PSUC eta PCEko buruzagia izan baitzen; txikitan ezagutu zituen Carrillo, Camacho, Gutierrez...

Jesulagunen ESADE enpresarien fakultate elitistako irakasle zela, soziologia sailean, Ernest Maragalli babes soziala emateko sortu zen Ciutadans pel Canvi plataforman sartu zen arte, Maragallek berak eskatuta. 1999an sortu zen elkarte hori, eta PSCrekin osatu zuen koalizioa; Comin 2003an sartu zen. Koalizio horretako parlamentaria izan zen 2003-2006ko eta 2006-2010eko legegintzaldietan. 2010eko hauteskundeetan ez zuen lortu eserlekua, eta ESADera itzuli zen lanera. PSCn afiliatu zen 2011n, barrutik aldatuko zuelakoan; urtebete eskas iraun zuen.

Urte batzuetara, Oriol Junquerasek Europako Parlamentuko hauteskundeetara ERCk eta CiUk osatu nahi zuten zerrenda independentziazalearen lehena izatea eskaini zion. Ezezkoa eman zion ez zuelako une hartan bere burua ikusten CiUrekin batera. Azkenean ez zen zerrenda bateraturik izan, eta Ernest Maragall joan zen zerrendaburu ERCrekin. Ondoren, 2015ean ERCk eta CiUk Junts pel Si zerrenda bateratua osatu zutenean berriro eskaini zion Junquerasek zerrendan joatea. Estrategikoki zerrenda bateratuaren aurka egon arren, onartu zuen eskaintza, eta Osasun kontseilaria izan zen 2016an; aurrenekoa Generalitatearen historian medikua ez dena. 2017ko urriaren 21ean, 155.aren aplikazioaz, Rajoyk Kataluniako Gobernua eta Parlamentua bertan behera utzi ondorengo hauteskundeetan, abenduaren 21ekoetan, diputatu aukeratu zuten. Gaur egun diputatu da. [Elkarrizketa herenegun egina dago, eta atzo gaurkotua Jordi Sanchezen erabakia jakin eta gero].

Nola baloratzen duzu Sanchezek uko egitea parlamentari eta lehendakarigai izateari?

Errespetu guztiarekin hartzen dudan erabakia da; seguru nago asko kosta zaiola hartzea. Jordik nire miresmen eta nire elkartasun osoa dauzka; duintasun adibide bat da. Hautagai izateko prest egonda, asko lagundu du parlamentuaren gainetik jarri nahi duen epaile prebarikatzailearen jarrera salatzeko orduan.

Sanchezek eserlekua utzi eta gero, hirugarren bat bilatu beharko da.

Bai, beste batengan pentsatu beharko dugu.

Zer fasetan zaudete oraintxe?

Lehendakaria Genevan da, eta hementxe geratu gara jardunean. Akordioaren bila segitzen dugu, Espainiako Gorenaren hesiak ahal bezala saihesten. Eta bestalde, negoziazioa CUPekin.

CUP ez da derrigorrezkoa zuek parlamentari izateari uzten badiozue.

Oso garrantzitsua da Puigdemontek segitzea diputatu, lege aldaketak egiten ditugunerako, lehendakarigai izaten segitzeko. Puigdemonten izendapenaren zauria irekita eduki beharra dago. Hori da modu bakarra Rajoyren gehiegikeriak agerian uzteko mundu guztiaren aurrean.

Bi lehendakari?

Bai, bat Bartzelonan, etorkizun hurbilean, eta gero Puigdemont. Gure bi eserlekuei eustea bezain garrantzitsua da CUP gehiengoarekin batera egotea, oso osagai beharrezkoak direlako legegintzaldi honek joan behar duen bidetik joateko. CUPekin zaila dago, baina ez ezinezko, beharrezkoa da, eta behar den denbora hartu behar dugu, Legebiltzarraren erlojua geldirik dagoelako.

Baina gehiengoa errazago dago zuek biok, Puigdemontek eta zuk, eserlekuari uko eginez gero.

Hori prozesua ahultzeko estrategia da, Bruselan gobernu bat ez egotea nahi dutenen estrategia, gobernu autonomiko huts bat nahi dutenena. Horixe nahi du Rajoyk, gobernu autonomiko bat, 155.a indargabetu eta EAJri deitu aurrekontuak onar diezazkion.

Nola uste duzu ikusten dutela alderdien arteko ezin adostu hori hamarkada osoan batasunean egon diren herritarrek?

Disgustuarekin seguru, suminduta egongo dira. Ez dute utziko independentziazaletasuna horregatik, baina biktimak daudenean bi aldeetan, jendeak ezin du eraman biktimek borroka egitea elkarren artean. Jendeak itxaron lezake, baina ezin du batasun falta onartu.

Zer jarreratan zaude zu? ERCren zerrendetan joan zinen, eta ERCk presa adierazi du gobernu eraginkor bat osatzeko. Beste estrategia batean zaude?

Askotan esan dut bi hanka behar ditugula, bi hanka instituzional, gobernu bat bi aurpegirekin. Bat Bartzelonan eta beste bat Bruselan, azken horrek jarraipena emateko urriaren 1eko aginduari. Bruselako esparru libre honetan, askatasunez hitz egin dezakegu, lanean segi autodeterminazio eskubidea onar diezaguten.

Beraz. 155.a indargabetu beharra dago.

Bai, Katalunian gobernua osatu beharra dago horretarako, baina hori bezain garrantzitsua da Bruselako gobernuari eustea. Bartzelonako gobernuak defentsiban jardun beharko du, autogobernuari eusteko. Ez jardun defentsibo hutsean, baina Madrili begira jardun beharko du. Bruselakoak jokabide ofentsiboa eduki beharko du, baketsua, baina politikoki ofentsiboa.

Sintonian zaude horretan ERCrekin?

Sinistu nahi dut, ERCk onartu duen akordioan Errepublikaren Kontseiluaz hitz egiten delako.

Ulertzen duzu Legebiltzarreko lehendakari Torrenten jokabidea justiziak ikertuen zerrendan jende gehiago sar ez dezan?

Bai, oso ondo ulertzen dut, Bruselako estrategiarekin osatzen bada. Katalunian ezin dena egin Bruselan egingo dugu.

Nola egiten da lan hori Bruselatik?

Hainbat frontetan: politikoan, juridikoan, Nazio Batuen Erakundean...

Segi dezagun auzitegien esparruan. Espainiako Gorenak halako batean euroagindua jarriko du indarrean, Belgikak zuek Espainiaren esku uzteko.

Ez du horren erraza izango. Gure defentsak hiru lerro dauzka. Akusazio bikoitza, immunitatea eta bermerik gabeko epaiketa. Lehenean, garbi dago, delituek bi herrien zerrendan egon behar dute. Immunitatea, bigarrena, oso garrantzitsua da Belgikan, guri lepora diezaguketen delitua gobernu kide jardunean politika egitea izan da, eta immunitateak balio handia dauka Belgikako justiziarentzat, baita gure abokatuentzat ere. Belgikan, Suitzan eta Erresuma Batuan kontsultatu ditugun abokatuek esan digute oso zaila daukala Espainiako justiziak.

Delituak leporatuko dizkizue epaileak.

Independentziaren adierazpena ez da delitua; izan liteke ez-konstituzionala, baina ez da delitua. Gertatu ez zen biolentziarekin jantzi nahi dute.

Iragarri dute Llarena epaileak aurki egingo duela Espainiaratzeko eskaera.

Ikusiko dugu zer delitu leporatzen digun.

Matxinada eta sedizio delituak alde batera utzita, talde kriminala osatu izanaren delituagatik eska lezake. Dezente urte gutxiago dira, baina nahikoa urte batzuk kartzelan igarotzeko.

Eta zer logika juridiko erabiliko du kartzelan daudenei matxinada eta sedizioa leporatzeko, eta denon buruari, Puigdemonti, bakarrik talde kriminaleko kide izatea? Euroaginduaren erabilera makurra litzateke.

Epaileak daukan beste aukera bat Prozedura Kriminaleko Legearen 384 bis artikulua erabiltzea litzateke, behin auzipetze autoa kaleratzen duenean. Zuri eta Puigdemonti kargu publikoa eten egingo lizuekete automatikoki, alegia, parlamentari izateari utzi beharko zeniokete.

Ezin dute egin, eta egiten badute ilegala litzateke, eta erabili egingo genuke gure defentsan nazioarteko auzitegietan.

Prozesua martxan jarritakoan espero zenuten estatuaren horrelako erantzun gogorra?

Arduragatik eta zorroztasunagatik, jokaleku desberdinak aurreikusi behar dituzu. Gertatu dena horietako bat zen, eta beste gauza bat da zer probabilitate eman diozun aukera bakoitzari.

Zergatik alde egin zenuten batzuek, eta besteek ez?

Erabaki pertsonalak izan ziren. Batzuek balio handia eman genion deserritik egin genezakeen lanari. Denok baloratu genuen ihes egitea, kartzelara joatea... Faktore pertsonalak daude tartean, batean edo bestean pasatuko duzun denboraren kalkulua...

Ez da egia, beraz, argitaratu dena, kontseilari batzuek ez zutela jakin alde egin behar zenutela.

Hori ez da egia. Guk larunbat eta igandean alde egin genuen; Bartzelonan geratu zirenek aukera eduki zuten astelehenean, atxilotzeko agindua baino lehenago hona abiatzeko, eta asteartean denon artean eduki genuen azken komunikazio bat, oraindik aukera zegoelako Bruselara etortzeko, epailearen agindua astearte arratsaldean iritsi zelako.

Nolakoa izan zen harreman hori?

Larunbatean eta igandean denok egon ginen Ipar Katalunian, bi kenduta: Junqueras eta beste kontseilari bat.

Errazkeria izan da ondorioak jendeari azaltzean? Dena erraz joango zela, lege propioek indargabetu egingo zituztela Espainiako Gobernuaren eta auzitegietako erabakiak...

Independentziazaleen kontakizunean, Espainiako Estatuaren erantzuna ez genuen nahiko argi azaldu, eta, era berean, ez zen hori herritarrek gehien entzun nahi zutena. Karta magikoak erabili genituelako.

Zer dira karta magikoak?

Esatea estatu batzuk onartu egingo zutela gure independentzia adierazte hutsagatik. Beste karta magiko bat, lurraldearen kontrola, konponbide hau mossoen esku balego bezala.

Lehia nortzuen artean planteatu behar da?

Ezin da planteatu Kataluniako eta Espainiako erakundeen artean; hor, galtzaile gara. Kataluniako gizartearen eta Espainiako erakundeen artean planteatzen badugu, irabaz dezakegu.

Eta nazioartea?

Zaila dago Trump, Putin... Ea zer gertatzen den orain Italian... Ikusi dugu Espainiari ez diola batere axola erreputazioa galtzeak.

Egokia izan da prozesua botoen % 47,80rekin abiatzea?

Emaitzarekin ez genuen nahiko legitimitate; horregatik, nahiz eta hauteskunde programan ez egon, martxan jarri genuen urriaren 1eko erreferenduma.

Abenduaren 21eko hauteskundeetako emaitzak onak dira, %47,49, urriaren 1eko erasoen eta 155.aren ondoren, batzuk kartzelara eta besteak exiliora?

Emaitza arrakasta handia da, Rajoyren asmoa zapuztu genuelako.

Sabaia jo duzue fase honetan?

Hautetsontziak jartzen ditugun aldiro, 100.000 lagun gehiago biltzen dira independentziara. 1.800.000 azaroaren 9ko galdeketan [2014an]. 1.966.508 irailaren 27ko hauteskundeetan [2015]. 2.000.000 urriaren 1eko erreferendumean, eta 2.079.340 abenduaren 21eko azken hauteskundeetan. Hazkunde iraunkorra dago, progresiboa, baina ez esponentziala.

Faltan botatzen duzu fase honetan Pasqual Maragall, osasun arazoengatik, ez egotea aktibo politikan?

Ilusio handia egin zidan azken Eguberri egunean, Belgikan nengoela, Pasqualek egin zidan deiak. Espainiako alderdi handien miopia politikoak zapuztu izan ez balu Maragallen erreforma federalaren proiektua, federalismo plurinazionala eta asimetrikoarekin, independentziazaletasunak ez zukeen lekukoa hartuko. Gutxitan kontatu dut hau: 2006an, estatutu berria erreferendumean onartu eta gero, biok Palaun egindako afari batean, Pasqualek esan zidan federalismoak porrot egingo zuela eta katalanismoak independentziaren bidea hartuko zuela.

Maragallen analisia falta zaizu orain.

Ez naiz nor esateko zer esan eta egingo zukeen, baina haren anaia Ernest, ni neroni eta haren inguruko asko independentziaren aldekoak gara orain.

Nola egiten da jauzi azkar hori PSCtik independentziara?

Ez da horren azkarra izan. Ni ezkerrekoa naiz, eta federalismoa tresna bat zen guretzat, berdintasuna lortzeko, justizia soziala... Independentzia ere tresna bat da hori bera lortzeko. Federalismoak huts egin du, ezinezkoa da; beraz, independentzia.

Zein faktorek azkartzen du prozesu hori?

Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 2010eko erabaki murriztaileak. Nagusiki hori. Urte gutxitan independentziazaleak %20tik %50era pasatu ziren. Sententzia horrekin itxi zen 2003-2010eko aldia, Maragallen federalismoaren aldia. Orain, beste aldi bat iragan da, 2010-2017koa, independentziarako prozesuan.

Sententziak edukiak kendu zizkion estatutuari.

Hori baino okerragoa izan zen metodoa. Herritarrek estatutuaren alde bozkatu zuten, eta, gero, Konstituzio Auzitegiak murriztu egin zuen. Esan ziguten katalanek ez geneukala azken hitza.

Espainian ez zegoen federalistarik...

Bagenekien ez zeudela, baina uste izan genuen konbentzituko genituela. Huts egin genuen...

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna