Familia, «instituzio sakratu» hori

'Santa Familia' komiki liburua osatu dute Eider Rodriguezek eta Julen Ribasek. 'Xabiroi' komiki aldizkariaren azken zenbakietan atalka argitaratutakoa bildu dute orain; molde horretan egindako hamargarren bilduma da

Umorez eta ironiaz erretratatu dituzte Rodriguezek eta Ribasek Sorkunde, Teodoro eta Nora pertsonaiak eta haien gorabeherak. IKASTOLEN ELKARTEA.
Maialen Unanue Irureta.
2017ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
«Familia da emanda datorren gauza bakarra. Ez lagunak, ez bizimodua, ez ingurua, familia baizik. Norak, ordea, arau horri ihes egingo dio. Sekretu bat gordetzen du. Bere sekretua. Baina hura kontatzeko ordua iritsi da, eta sakratua den instituzioa eztanda egiteko zorian dago. Jakina da, ordea, iraultza txikiak behar izaten direla gauzak bere onera ekartzeko». Horixe da Santa familia komiki liburuaren laburpena: Eider Rodriguez idazleak eta Julen Ribas marrazkilariak egin dute elkarrekin —Xabiroi aldizkariak argitaratu duen hamargarren bilduma da, azken zenbakietan atalka eman ostean—.

Sorkunde eta Teodoro gurasoak eta horien alaba Nora dira komikiko protagonistak: «Saiatu naiz gurasokeria aparte utzita sortzen pertsonaia bakoitza». Sorkunde euskal herritarra eta euskalduna da, dietista eta katekista, eta «puntu sadikoa ere badauka»; Teodoro, jatorriz ginearra, egozentrikoa, nartzisista, alferra eta hantustea da, idazlearen esanetan. «Baina biek ere, euren modura, onena nahi dute euren alabarentzat». Bere bizitzako garai zail batean dagoen nerabea da Nora: erabaki behar du zer forma ematen hasiko den bere bizitzari, eta erabakiak hartu beharko ditu ia-ia lehen aldiz, gurasoen erabakimenetik aparte. «Uste dut nerabezaroa dela gizakion garairik filosofikoena, eta hor kokatu dut pertsonaia: Nora izena du, eta izenean berean darama kondena; izenak berak markatzen dion ipar horretatik ihes egin ezinda dabil».

Liburua familiari «beste begi batzuekin begiratzeko talaia bat» da, Rodriguezen esanetan: hori izan dute abiapuntua. «Familia den gauza sakratu horretan, nerabezarora arte, jendeak pentsatzen du bere familia ona dela, eta ezin dela bere kontra egon: ez nerabea familiaren kontra, ez familia nerabearen kontra». Toki «goxo» hori, «kabia», ez da horrela izaten beti, idazlearen esanetan, edo ez du zertan. «Gauzak ez dira hain absolutuak askotan, erlatiboagoak dira: beraz, familiari askatasunez begiratzeko gonbidapen moduko bat dago abiapuntuan».

Familia da ardatza, eta, horrekin batera, gurasotasuna eta nerabezaroa dira bi gai nagusiak. «Niretzat katartikoa izan da horri buruz jardun ahal izatea, kasu honetan, komiki formatuan eta gai zentral gisa hartuta». Ez da lehenengo aldia gaia lantzen duena, baina «zeharka edo ertzetatik» egin izan du. «Zuzenean hartzea eta umorea egin ahal izatea, edo umorez egiten saiatzea, behintzat, ona izan da».

Umoretik egina

Izan ere, komikiak, zerbait badu, hori umorea da, ironia. Izenburua, elkarrizketak, marrazkiak: orri guztiak zipriztindu ditu. «Argi samar geneukan umoretik, ironiatik begiratu nahi geniola: daukagun denbora apurra, geure buruari kalte egiteko erabili beharrean, erabil dezagun barre pixka bat egiteko». Ez soilik familiaz: nork bere buruaz barre egiteko balio dezake komikiak, idazlearen ustez.

Aipatutakoez gain, gai gehiago ere jorratu dituzte egileek, besteak beste, jatorriaren araberako zapalkuntza, emakumeak beti eder eta gazte agertzeko inposizioa, ezarritako moldeetatik ateratzeko drama, amatasuna eta aitatasuna «aldaretik jaitsi eta desakralizatzeko gogoa» eta familia ereduei buruzko gogoeta.

Idatziak zituen lehenago komiki gidoi gehiago Xabiroi aldizkarirako, baina Santa familia orain arte egindako luzeena dela azaldu du Rodriguezek. Esperientzia «mundiala» izan da, haren esanetan. Ribasekin oso ondo moldatu dela dio: batak gidoiarekin, besteak irudiekin, elkar elikatu dutela. Rodriguezek zazpi-zortzi orri idatzi, eta hari pasatzen zizkion; bueltan jasotzen zituen zirriborroak lehenengo, eta irudi definitiboak gero. «Ribasen irudiek eragina izan dute hurrengo orrietan, nire gidoian neronek ikusi gabeko gauzak eransten zituelako, eta nik ere erabili egin ditut». Eztabaidak eztabaida, elkarlan «oso polita» izan da, eta oso ondo ulertu dute elkar.

Berdin sentitu da Dani Fano Xabiroi-ren zuzendariarekin ere: «Oso presente egoten da prozesu osoan, baina ez du esku hartzen, ez bada guk eskatzen diogulako, edo akats handi bat ikusten ez badu...». Ez dago ohituta halako elkarlanetara, eta «oso liberatzailea» izan dela azaldu du idazleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.