Bi aukeren artean estu hartuta

Merkelek Netanyahuri berretsi dio Irango itun nuklearrarekiko konpromisoa. Teheranek, berriz, ohartarazi die Berlini, Parisi eta Londresi euren esku dagoela akordioaren geroa

ander perez zala
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea konbentzitzea lortu zuen herrialdea Irango akordio nuklearretik ateratzeko, eta orain Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua, itunaren europar sinatzaileak, konbentzitu nahi ditu Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. «Hitzarmenaren aurkako presioa mantendu behar dugu. Orain ez dut estatuen onespenik, baina uste dut denbora pasatu ahala ados jarriko garela», adierazi zuen, atzo goizean, Europarako bidea hartu aurretik. Netanyahuren helburua argia da: akordio nuklearra behin betiko lurperatzea, eta Iranek Ekialde Hurbilean duen eragina murriztea. Baina bidaiako lehen geltokian ez zuen esperotakoa lortu, ez behintzat agintariek publikoki esandakoaren arabera, Alemaniako kantziler Angela Merkelek berretsi egin baitzion itunarekiko konpromisoa.

Netanyahuk gaur izango du bilera Frantziako presidente Emmanuel Macronekin, eta bihar Erresuma Batuko lehen ministro Theresa Mayrekin, hiru eguneko bidaia motzean hiru agintari bisitatzeko. Merkelek, Macronek eta Mayk sutsuki defendatu dute 2015ean adosturiko akordioa, baina Netanyahuk nahi du hiru herrialdeek eman dezatela AEBen pauso bera, eta helburu horri begira dago kontinente zaharrean. Dena den, Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak interes ekonomiko eta estrategiko asko dituzte jokoan hitzarmen horren inguruan, eta ez dute kolokan jarri nahi urteotako oreka, are gutxiago AEBen erabakiaren ostean.

Beraz, testuinguru horri begira, Israelgo lehen ministroak zaila izanen du hiru estatuburuak konbentzitzea, baina beste taktika bat erabil lezake: hitzarmen nuklearra aldatzea beharrezkoa dela eta Irani mezu hori helarazi behar lioketela behin eta berriz ohartaraztea Europako agintariei. Frantziako presidentearekin gaur izango duen bileran geratuko da agerian estrategia horri eutsiko ote dion; Macronekin harreman hobea du, eta beste irtenbide batzuk proposatzeko behar adina konfiantza.

Beste aldeak, Teheranek, «bermeak» eskatu zizkien europar aliatuei Iranek itunean jarrai dezan, eta iragan hilaren amaiera finkatu zuen epemuga gisa. Oraingoz, ez da berritasunik izan bi aldeen artean, eta akordioaren iraupena zalantzan dago. Hain justu, Trumpek ere erreformak eskatu zizkien gainontzeko sinatzaileei —Errusiari eta Txinari ere— AEBek itunean jarrai zezaten, baina ez zituzten Trumpen eskariak bete, eta horren ostean eman zuen AEBetako presidenteak bere erabakiaren berri.

Iragarpen horrez geroztik, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak birritan berretsi du Iran hitzarmenean finkaturikoa errespetatzen eta betetzen ari dela, baina Tel Avivek kontrakoa dio, eta hori frogatzen duten ustezko probak aurkeztu izan ditu, nahiz eta nazioartean sinesgarritasun gutxi izan. Horrez gain,AEBen Israelgo enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera mugitu izana, Trumpek zein Netanyahuk bi estatuen irtenbideari bizkarra eman izana, eta batez ere maiatzaren 14an Gazan ikusitako hilketek are gehiago zaildu dute estatuen arteko harremana.

Iranen presioa

Netanyahuren nahiei ez ezik, Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak Iranen hitzei begira ere jarraitzen dute, eta atzo Bahram Qasemi Atzerri Ministerioaren bozeramaileak egindako adierazpenek egoera zailean jarri dituzte Europako estatuak. «2015eko akordioaren etorkizuna Europaren araberakoa da, eta eurek hartuko dituzten neurrien araberakoa».

Hilabeteotan egin bezala, neurriak eskatu zizkien Qasemik Merkeli, Macroni eta Mayri: «Hitzez, europarrak oso serioak dira akordioan jarraitzearen inguruan, baina hitz egitea ez da nahikoa, neurri praktikoak behar ditugu. Europako Batasunak badaki denbora gutxi dagoela; ahalik eta azkarrena bidali behar digu bere proposamena». Presioa areagotzen ari da Iran, eta, aspaldian lehenengoz, hitzez gain ekintzak agindu ditu: herrialdeko lider gorenak, Ali Khamenei aiatolak, agindu dio Irango Energia Atomikoaren Erakundeari gaurtik abia ditzala, betiere «akordioaren barruan», uranioa 190.000 SWUra aberasteko prestakuntzak —prozesaturiko uranio masaren eta aberastuko den graduaren araberako neurria da—.

Itunean finkaturiko mugetan jarraitzen duen arren, erabaki hori ohartarazpen gisa interpreta daiteke, Qasemik esandakoarekin batera. Dena den, Qasemi baikorra da: «Kezkak daude, bai, eta aukera gutxi ere, baina ez dago ezkorrak izateko arrazoirik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.