Biek dute zerbait jokoan

Realak Espainiako Koparako sailkatzea du buruan bihar, eta Athleticek, hirugarren postua. Derbi parekatua espero dute bi entrenatzaileek

Realeko eta Athleticeko jokalariak, nor baino nor gehiago, lehen itzuliko partidan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Festa giroa izango da nagusi bihar Anoetan. Realeko eta Athleticeko jokalariei horretaz disfrutatzea egokitzen zaie. Baina, aldi berean, ezin dute galdu arreta. Biek dute zerbait jokoan sasoiko azken jardunaldi honetan: Realak, Espainiako Koparako sailkatzea; Athleticek, sasoia hirugarren postuan amaitzea.

Puntu batekin, Realak ziurtatua luke Kopa jokatzea. Gainontzean, zain egon beharko du, Levantek, Madrilek eta Sporting Huelvak zer egiten duten. Itxura batean, Levantek du partidarik zailena: Bartzelona hartuko du etxean. Kataluniarrak bigarren dira sailkapenean, eta liga irabaztea dute jokoan. Horretarako, garaipena behar dute, eta Atletico Madrilek Zaragozan (Espainia) ez irabaztea. Madrilek derbia jokatu du Rayoren zelaian. Etxekoek ez dute ezer jokoan. Antzera dago Sporting Huelva, maila galdu duen Santa Teresa hartuko baitu.

Jokalariak bezala, Gonzalo Arkonada entrenatzailea bera ere irrikan da partida noiz iritsiko. «Emakumezkoen futbolean egin den lana aitortzea da. Ez genioke barkatuko geure buruari Anoetan jokatzeko aukerak ihes egitea». Azaldu du jokalariak «emozionatuta» daudela, baina zehaztu du sinetsita dagoela ondo lehiatuko direla. Argi du, era berean, «xehetasunek» erabakiko dutela neurketa.

Ilusioz dira zuri-gorriak ere

Athleticek hirugarren postuan eman du sasoiaren zati handi bat. Bederatzi puntuko errenta ere izan zuen. Baina hainbat partidatan estropezu egin, eta sailkapena estutuz joan zen. Hala, duela bi jardunaldi Zaragozaren aurka galdu ostean, Granadilla bi puntura jarri zitzaion. Horrenbestez, irabazi beharra dauka hirugarren postua ziurtatzeko. Gainontzean, Granadillak Espanyolen zelaian zer egiten duen, horren menpe egon beharko du.

Joseba Agirre Athleticeko entrenatzaileak «ondo» ikusten du taldea: «Jokalariak ilusio eta gogo handiarekin daude, Anoetan jokatu eta hirugarren postu hori lortzeko. Biak pizgarri handiak dira. Are gehiago, derbia izanda». Anoetan jokatzeak ez du aldatuko haien jokatzeko modua. «Gauza berak landu ditugu estrategiari eta teknikari dagokienez».

Partida «bizia eta gogorra» espero du: «Lan asko egin beharko dugu. Lehen gola sartzen duenak asko edukiko du irabazita. Garrantzitsua izango da lasai jokatzea ere».

Reala «ondo» ari dela dio. «Etxean huts egin du azken bi partidetan, baina eskura du helburua. Oso talde batua da, eta oso ondo daki une bakoitzean zer egin». Baikor da, hala ere. «Uste dut merezi dugula hirugarren postua. Denboraldia ez da erraza izan guretzat, eta puntu bakoitza lortzeko asko borrokatu gara». Zail ikusten du irabazi ezean helburua lortzea: «Realak aukera gehiago ditu. Zail ikusten dut Levantek Bartzelonari irabaztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.