Erakusten ez direnak ikusteko

Galeriarik gabe dauden artista gazte eta helduei lekua eskaintzeko irekiko ditu ateak Aire arte espazioak, Bilbon. Erakusketa kolektibo batekin inauguratuko dute gunea, ostiralean
Fito Ramirez-Escudero artista eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak sustatu du <em>Aire</em> izeneko arte espazioa Bilbon.
Fito Ramirez-Escudero artista eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak sustatu du Aire izeneko arte espazioa Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Iñigo Astiz -

2018ko apirilak 11
«Oso jende ona dago hemen, oso ona, talentu handia dago; oso jende ona ikusi dut unibertsitatean daramatzadan 30 urteetan, baina aritzen dira beharbada urte batzuez, eta utzi egiten dute gero. Izan zitezkeen profesional onak, beste edozein ofiziotan jendea profesional ona izatera iristen den bezala, baina ez da halakorik gertatzen normalean, eta pena da hori». Artista izateaz gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakasle ere bada Fito Rarmirez-Escudero 1988az geroztik. Ezin gertuagotik ezagutzen ditu arte munduaren bihurguneak, eta horregatik jarri du martxan Aire espazioa Bilbon. Zabalburu plazatik gertu dago aretoa, Santimami zumarkalean, baina ez dago lehen begi kolpean ikusterik, horretarako Mediterraneoko etxeen kolorez margotutako Zollo kalexkan sartu beharko baitu bisitariak. Ostiralean egingo dute inaugurazio ekitaldia, eta astelehenetik ostiralera egongo da zabalik gero, 17:00etatik 19:30era bitarte. «Bitartekaritza lana egitea da helburua», azaldu du Ramirez-Escuderok, «bitartean egotea: gauzen bitarte horretan, eta jendearen bitarte horretan».

Altruismo pixka bat ere badagoela aitortu du Ramirez-Escuderok. Izan ere, pintura master baten arduradun ere bada EHUn, eta beren lanak erakusteko aukera eskaini nahi die gune berrian ikasle horiei. «Datorren urterako jadanik lotu dugu erakusketa bat masterra ikasten ari diren ikasleekin». Zehaztu duenez, ordea, artista helduei ere zabaldu nahi diete atea. «Beren lanak non erakutsi ez duten adin batetik aurrerako artistei ere egin nahi diegu lekua. Galeriarik ez duen jendea espaziorik gabe gelditzen ari da». Eta, hain zuzen ere, espazioa eskaintzea da asmoa.

Afektuaren alde

«Beti izan dut gogoa galeria sistema klasikoaz bestelako erakusketa gune bat sustatzeko», azaldu du Ramirez-Escuderok. «Autogestiorako aukera handiagoa ematen dute halako ereduek, eta jadanik hasi dira halako leku gehiago ere agertzen: hori da Okela sormen laborategiaren kasua, La Taller gunearena, Anti liburu dendarena edo Atakontu arropa dendarena». Eta konstelazio zabalago horren barruan ikusten du Aire espazioa ere.

Dioenez, erakusketak antolatzeko kriterioa gehiago izango da afektiboa estilistikoa baino. «Gehiago interesatzen zaigu afektu harremanak sortzea, joera artistiko zehatz eta koherente bat jarraitzea baino. Guk geuk elkar maite ezean, inork ez gaitu maiteko», gehitu du, umorez.

Objektu hegalari ez identifikatuak izango dira ardatza aretoa zabalduko duen erakusketa kolektiboan. Leire Muñoz dabil komisario lanetan, eta, guztira, hamasei artistaren lanak batu ditu bildumarako. Laguntasunak eta gertutasunak lotzen ditu sortzaileetariko asko, eta margolanez gainera, eskulturak, instalazioak, bideoak eta performanceak ere bilduko ditu. Irekita utzi nahi izan zien gaia komisarioak kideei, eta bakoitzak bere ikuspegitik erantzun dio Muñozek egindako proposamenari. Sorkuntza prozesuen erdian artistari agertzen zaizkion identifikatu gabeko objektuez mintzo da Muñoz, ordea, irekiera aurreko antolaketa lanetan: «Lan egiteko dugun modua nuen nik buruan objektu hegalarien irudia proposatzerakoan, batzuetan estudioan gertatzen delako egiten duzula zerbait eta gero ez duzula zurea balitz bezala ikusten. Gertatu den zerbait ikusten duzu hor, baina ez zurea den zerbait».

Erakusketako lanen artean, badira identifikatu gabeko objektu hegalariak irudikatzen dituztenak, eta badira gaia malguago hartzen dutenak ere.

Sortzaile belaunaldien arteko hartu-emana ere bultzatu nahi dute Airen, eta ibilbidea duten sortzaileen lanak ere erakutsi nahi dituzte aurrerantzean, sortzaile gazteen lanekin batera. Aurreratu dutenez, adibidez, Jose Luis Casado artistari eskainiko diote hurrengo erakusketa, eta Ramirez-Escuderok azaldu du zergatik: «Erretiroa hartua duen jakintsu erretxina da Casado, baina oso gizon maitatua da, eta sekulako eragina izan du gugan. Ez ditu erakusketa asko egin, baina oso ona iruditzen zaigu, eta horregatik ekarri nahi dugu».

Taldean aritzea

Erakusketez gain, argitaletxe lanak ere egin nahi ditu espazioak, eta katalogoak eta liburuak publikatzeko asmoa azaldu du Ramirez-Escuderok. «Horrelakoez gain, master amaierako lanak ere zabaldu nahi genituzke. Oso gauza onak egiten ditu jendeak, eta asmoa da testu horiek akademiaren esparrutik harago eraman, eta, ukitu pertsonal bat gehituta, katalogo itxuran ematea».

Bere bi semeekin batera sortu duen irabazi asmorik gabeko Fi elkarteak sustatu du berez aretoa, baina, Ramirez-Escuderok dioenez, taldean ondutako proiektua da Aire. «Ezagutu beharra dugu elkar, eta funtzionatu beharra dago batera. Guk geuk, esaterako, zazpi pertsona biltzen dituen estudio bat dugu Begoña auzoan. Gero eta gehiago dira halako esperientziak, eta garrantzitsua da hori, osterantzean, gogorra egiten baita hau. Apur bat esker txarrekoa da. Oso minoritario sentitzen zara».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iñigo Astiz

Informazio osagarria