Haizea Barcenilla
BEGIZ

Kanpai hotsak

2018ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Luze izan zen ezkilen doinua kristauen soinu-paisaia zela konturatu nintzen arte. Nobela historiko txar batean irakurri nuen lehenengoz, errekonkinstarekin kanpaien hotsa zabaltzen zela esaten zutelako. Ordura arte nire egunerokotasunean barneratua nuen, euriaren soinua bezain naturalizatua. Eguerdia iristean, Lezoko udaletxeko kanpai-soinu grabatuak abisatzen zigun eguzkiaren zenitaz, kotxeren batek kalean burrunba egiten zuen ohikotasun berarekin.

Istanbulera bidaiatu nuenean, meskita txiki baten ondo-ondoan egiten nuen lo, eta egunero esnatzen ninduen goizeko bostetan muezzinaren ahots anplifikatuak. Oihartzuna gisa zabaltzen zen hirian zehar, meskita bakoitzetik bere doinu eta interpretazio propioaz, eta nabaria zen minareteek hiriaren profila aurretik ezagutu nituen beste hirikoengandik desberdintzen zuen modu berean, hala aldentzen zuela dirdaiak aurrez bizitutako lekuetatik. Xabier Erkiziak bultzatutako Soinuen Mapan ezkilen faltak panorama osoa aldatuko ote lukeen pentsarazi zidan.

Irratiko programa batean entzun nuen Wagnerren Parsifal operaren kanpaiei buruz. Lanaren une ospetsu batean, Grialaren Ezkilen soinuak ematen dio harrera lurperatuko duten gorpu bati. Egileak existitzen zirenak baino tonu baxuagoak lortu nahi zituenez, instrumentu berezia sortu behar izan zuten, urte luzetan Bayreuthen, Wagnerren festibala garatzen zen lekuan soilik jo zena. Hari metalikoz osatua, bost tonu ematen ditu tresna berezi horrek, bakoitza oktaba desberdinen nahasketaren bitartez doinu misteriotsuan bilakatuta.

Wagnerrek Bayreuthi eman zion lanaren 30 urteko monopolioa, jendea festibalera erakartzeko asmotan. Publizista ona zen musikaria; 1914ko urtarrilak 1erako, epea bukatzen zen eguna, globala zen lana ikusteko irrika. Estreinaren ohoreaKataluniak izan zuen, Alemaniarekiko ordubeteko desberdintasunaren ondorioz, 1913ko abenduaren 31n, gaueko 11:00etan hasi zelako Liceun lehen emanaldia. Beraz, Wagnerren ezkila tetrikoak entzuten ospatu zuen Bartzelonako burgesiak 1914aren hasiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.