ESAITek amaitutzat eman du bere bidea

Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldearen arabera, «begi bistakoak» dira ia hogei urteko ibilbidean eskuratutako lorpenak, «gaur egun, inork ez baitu zalantzan jartzen gure selekzioek ofizialak izateko daukaten eskubidea»
Euskadiko futbol selekzioko jokalariak ESAITek sustatutako ofizialtasunaren aldeko pankartarekin, 2003ko abenduan Uruguairen aurka San Mamesen jokatu aurretik.
Euskadiko futbol selekzioko jokalariak ESAITek sustatutako ofizialtasunaren aldeko pankartarekin, 2003ko abenduan Uruguairen aurka San Mamesen jokatu aurretik. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Julen Etxeberria -

2015eko martxoak 21
«ESAITek duela ia hogei urte hasitako ibilbidea amaitutzat ematea erabaki du». Horra Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) komunikabideei igorritako agiriaren lerroburua. Amaitu du bidea, beraz, ESAITek. 1996ko udan sortu zen taldea, kirolaren arlo ezberdinetan Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu, eta selekzio horiek nazioarteko txapelketa ofizialetan eskubide osoz parte hartzeko eskubidea defendatzeko xedearekin.

Agur dio ESAITek, baina bere buruari ezarritako helburua beteta. «Egindako ibilbidearen lorpenak begi bistakoak dira. Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen gure selekzioek ofizialak izateko eskubidea daukatela. Euskal kirolariek barneratutik dute euskal herritar bezala aritzeko daukaten eskubidea. Euskal Herriko kirol egituren beharra, Federazio Nazionalak izatearena, alegia, kirol esparruan barneraturik dagoen gogoeta da».

Ofizialtasunaren aldeko eskaeran «jauzia» egon dela nabarmendu du ESAITek. «Milaka herritar eta kirolariren inplikazioari esker, aipaturiko erreferentziak teoria izateari utzi eta ekimen erreal bilakatzeko jauzia eman da, eta ugariak izan dira bide horretan antolaturiko ekimen eta dinamikak, bai kirol esparruaren eraikuntzari dagokionez, bai aldarrikapenari dagokionez ere».

ESAITek amaitu du bidea, baina haren helburuak bere horretan jarraitzen du. Argi utzi nahi izan du hori agurrean. «ESAITen desagerpenak ez du esan nahi ofizialtasunaren dinamika desagertzen denik; alderantziz, esparruan lanean ari diren elementu guztien arteko sinbiosia eta elkarlana lortzearen xedearekin hartu da erabakia». Horren harira, deia egin die jendarteari eta eragileei, «baldintza berriak probestuz, ofizialtasunaren aldeko dinamikan indarrak batu, eta Euskal Herria jokaleku berri batera eramango duen mugimendu bat eraikitzeko».

«Aldaketak jendartean»

ESAITek gogoratu du hemezortzi urte hauetan «argi-itzal guztiekin» makina bat ekimen burutu dituela Euskal Herrian zein nazioartean ofizialtasuna lortze aldera: hitzaldiak, mahai inguruak, mendi martxak, Iratiko Tourra, euskal selekzioaren urteroko partidaren inguruko sentsibilizazio ekintzak eta manifestazioak, besteak beste. «Zenbatezinak» dira, halaber, iritzi taldeak herritarrekin, kirolariekin, instituzioekin, alderdi politikoekin, sindikatuekin eta eragile sozialekin izandako harremanak.

ESAITen arabera, «nabariak» izan dira euskal gizartean azken urteetan izan diren aldaketak. «Egoera politikoa nabarmen aldatzen ari da, mapa politikoa ere bai, eta horrek euskal selekzioaren alde elkarlanean aritzeko ateak zabaltzen ditu. Azkenaldian, euskal alderdi politiko gehienak behartuta sentitu dira selekzioaren aldarrikapena bere agenda politikoan sartu, eta gai horrekiko funtzionamendu moldeak aldatzera». Egon dira aldaketa gehiago ere; ESAITek sumatu egin ditu, eta haien inguruan hausnartu. «Aldaketa soziologiko eta teknologikoak direla medio, komunikatzeko, batzeko, antolatzeko eta dinamikak zein ekimenak aurrera eramateko ohitura eta joerak aldatuz joan dira».

Amaitzeko, ESAITek eskerrak eman dizkie urte hauetan bidelagun izandakoei: udala eta instituzioak, eragile sozial eta politikoak, kirol elkarteak, kirolariak eta, batik bat, euskal herriko txoko guztietatik lagundu eta egitasmoa bultzatu duten herritar guztiak. «Merezi izan du eta merezi du bide hau egitea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna