Albistea entzun

Durangoko 52. Azoka. Euskal artea

Uzkurduratik ugaritasunera

1936tik gaur egun arteko euskal arteari buruzko ia 1.300 orriko historia liburu bat argitaratu du Javier Viar Arte Ederren Museoko zuzendari ohi eta arte ikerlariak
Miguel Zugaza Arte Ederren Museoko zuzendaria, Javier Viar ikerlariarekin eta Begoña Gonzalez liburutegi arduradunarekin batera.
Miguel Zugaza Arte Ederren Museoko zuzendaria, Javier Viar ikerlariarekin eta Begoña Gonzalez liburutegi arduradunarekin batera. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2017ko abenduak 8 - Durango

1936ko gerrak eragindako «uzkurdura» artistikoarekin abiatu eta azken urteotako arte «askotarikotasun» sasoira arteko guztiak bildu nahi izan ditu Javier Viar Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari ohi eta arte ikerlariak Euskal artearen historia. Gerra Zibiletik, gaur egunera (1936-2016) liburuan. Duela hilabete gutxi batzuk arte Viarrek berak zuzendutako museoak Metro Bilbao enpresaren laguntzaz argitaratu du lana. Ia 1.300 orri ditu, eta euskaraz eta gazteleraz kaleratu dute. Durangoko Azokako Areto Nagusian aurkeztu zuen atzo bere azterketa ikerlariak. «Euskal artistak beren garaiko prozesu politikoetatik oso gertu egon dira beti, eta eragin handia izan du horrek haien lanean».

Jose Maria Uzelai, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Jose Antonio Sistiaga, Jose Luis Zumeta, Ramon Zuriarrain, Carmelo Ortiz de Elgea, Xabier Morras, Jose Ramon Anda, Mikel Lertxundi, Jose Luis Moraza, Elena Mendizabal, Susana Talayero, Itziar Okariz, Mavi Revuelta, Jon Mikel Euba, Ibon Aranberri, Asier Mendizabal... Guztira, 300 artistatik gora aipatzen ditu liburuan, eta zabal aztertu du haietariko askoren ibilbidea. Sortzaileen inguruko datu bilketa zehatza egin duela azaldu du Viarrek, eta haien lana aztertzeko baliatu duen oinarri historikoa ere nabarmendu du. «Dokumentazio serio eta eztabaidaezinean oinarritutako liburu bat sortzea izan da gure helburua hasieratik. Ikertutako artista bakoitzaren munduari buruz egindako azterketa izan daiteke eztabaidagarriagoa, noski, baina dokumentazio lan garrantzitsuak dituzte atzean interpretazio horiek, eta lan horrek bihurtu dezake liburu hau tresna garrantzitsu».

Unibertsitatea, mugarri

Mugarri argi bat aipatu du Viarrek: Bilboko Arte Ederren Fakultatearen sorrera. Egilearen ustez, bi sasoi bereizten ditu gertakari horrek euskal artearen historian, eta gertakari hori bera hautatu du horregatik berak ere ikerketa lana bi liburukitan zatitzeko. 1936tik hasi eta Bilbon Arte Ederren Goi Eskola sortu arterakoak biltzen ditu lehen atalak, eta 1969tik 2016rainokoak datoz bigarren atalean. Bi mundu deskribatu ditu Viarrek aurkezpenean, eta suntsipena da lehen sasoiaren ezaugarrietako bat. «Euskal artearen sarea erabat suntsitzen duen guda zibil baten historia da lehen sasoiko artearen historia».

Ikerketaren lehen atalean, gerraren itzalarekin batera, nabarmena da Oteiza eta Txillidak eta haien osteko belaunaldiak izandako garrantzia ere. Viar: «Gerra ostean sortutako artistek korrontearen aurka aritu behar izan zuten diktadura ikaragarri baten menpe, arte akademiarik gabe askotan, edota erabat klasikoak eta zaharkituta zeuden akademietan ikasiz bestela. Parisera bidaiatzearekin zoratzen egoten ziren sortzaile haiek, eta klase guztietako lanak onartu behar izaten zituzten han aurrera egin ahal izateko».

Polemikaz, eztabaidaz eta gorabeheraz betetako garaia izan zela ere azaldu du Viarrek. «Sasoi dialektikoa izan zen», zehaztu du. «Orduko testuek argi erakusten dute artistek euskal kulturaren alde egindako borrokaldien nondik norakoa. Maiz, abstrakzioa bera ere arma politiko gisa erabili zuten. Eta, gainera, nazioartean pisu handia lortu zuen proposamen artistiko horrek, nagusiki Txillidari esker».

Figurazioaren talka

Bigarren belaunaldi abstraktu bat aipatu du Viarrek lehen belaunaldi abstraktu horren ostean, eta figuraziorako bira bat aipatu du ondoren. «Artisten arteko barne oposizio bat ere piztu zuen horrek. Vicente Ameztoi eta Andres Nagel artistak izan daitezke horren adibide. Artean lengoaia herrikoiak txertatzen hasteko joera postmoderno bat ere hasi zen sumatzen une horretan».

Badira horren frogak. Komikia, zinema, ilustrazioa eta bestelako arte adierazpenak txertatzen hasi ziren artista horiek beren lanetan. Viar: «Erabat tabu ziren horiek guztiak aurreko belaunaldiarentzat».

Puntu horretan abiatzen da ikerketaren bigarren atala. Eta arrapaladan doaz hor ere gertakari historikoak. Fakultatearen sorrera, 1972ko Kasselgo Documenta, Francoren heriotza, profesionalizaziorako urratsak, azpiegitura berrien agerpena... «Euskal artearen barruko prozesuekin batera suertatzen dira nazioarteko mugimendu horiek guztiak, eta horrek artista klase berri bat sortzen du. Artistaren figuraren normalizazioa dakar fakultateak, esaterako».

Emakumezko artisten «agerpena» ere nabarmendu du Viarrek. «Oso garrantzitsua izan da hori», zehaztu du. «Presentzia iraunkorra dute merkatuan eta artearen zabalkundean, eta ia beti sormen lan hori laguntzen duen ideologia feminista batekin».

Begoña Gonzalez Bilboko Arte Ederren Liburutegi Saileko burua ere izan da liburuaren aurkezpenean, eta Viarren liburuak duen garrantzia nabarmendu du berak ere. «Hau da garai tarte honi buruz egin den corpus bibliografikorik garrantzitsuena». Zehaztu duenez, sasoi horri eskainitako historia liburuez gain, artisten katalogoak eta aldizkarietako artikuluak ere hartu dituzte kontuan lana osatzeko, baina eskuratzeko zailagoak diren bestelako iturriak ere baliatu dituzte. Besteak beste, artistek bidalitako gonbidapen orriak aipatu ditu iturri horien artean.

Eskertu egin du Viarrek Bilboko museoak eskainitako babesa. «Unibertsitate baten edo Arte Ederren Museoaren gisako erakunde baten babesarekin soilik egin daiteke halako lan bat».

Beste bi ikerketa bidean

Botikaria da ikasketaz Viar, baina hamarkadak daramatza artegintzari lotuta. Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari izan da azken hamabost urteetan, esaterako, eta hamaika hedabidetan arte kritikari ere izan da. 2008an Frantziako Arteen eta Letren Ordenako Zalduna izendapenarekin kondekoratu zuten, eta berak idatzi ditu, besteak beste, Rafael Ruiz Balerdiren biografia, ikerketa kritikoa eta katalogo arrazoitua, eta baita Eduardo Txillida, Pablo Palazuelo, Vicente Larrea, Carmelo Ortiz de Elgea eta XX. mendeko beste hainbat artistari buruzko lan ugari ere.

Miguel Zugaza egungo Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariaren hitzetan, euskal artearen sasoirik «zail» eta «konplexuena» ikertu du orain bere azken liburuarekin Viarrek. «Lan honekin borobildu du bere ibilbidea», azaldu du Zugazak.

Beste bi liburu ere badituzte martxan orain Arte Ederren Museoak eta Metro Bilbao enpresak. XVIII. eta XIX. mendeko euskal artegintza aztertuko dute Javier Novok eta Mikel Lertxundik, eta XX. mendeko lehen hiru hamarkadak Pilar Murrek eta Miriam Alzurik. Kronologikoki, beraz, bildumako hirugarren liburua da lehenengo kaleratu dutena.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Aitor Mendiluze eta Amets Arzallus, atzo, elkarrekin kantuan, hamarreko txikiko ariketan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ez da ate ondoan geratu

Miren Mujika Telleria

Amets Arzallusek Bilbon irabazi ondoren, erabakita gelditu da finala. Harekin batera ariko dira Illarregi, Ibarzabal, Gaztelumendi, Colina, Mendiluze, Martin eta Lujanbio
<em>Titanic Rising</em> diskoan abiatutako bidean segitzen du Weyes Blood-ek disko berrian. ©BERRIA

Dirdira iluntasunean

Mikel Lizarralde

Folkaren eta pop barrokoaren artean mugitzen diren kantuen bitartez, Weyes Bloodek gaur egungo ajeetan arakatu du 'And In The Darkness, Hearts Aglow' diskoan.

Soinu txikia XIX. mendearen amaieran hedatu zen Euskal Herrian. ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...