XVII. aldia du aurten jaialdiak, eta 280.000 euroko aurrekontua izango du. Festa egun erdiz luzatzea erabaki dute, bestalde. Orain arte igande eguerdian amaitu izan da beti azoka, baina egitaraua igande iluntzera arte luzatuko dute oraingoan.
21 ESTREINALDI
Euskal Herrikoak dira pieza berriak aurkezten izango diren taldeetariko asko, eta handia da hor ere portzentajea. Izan ere, Leioan emango dituzte lehenengoz beren azken lanak jaialdian izango diren hemeretzi euskal konpainietariko hamabik. Aurten hogei urteko ibilbidea beteko duen Deabru Beltzak izango da haietariko bat, bertan aurkeztuko baitu Su á Feu piroteknia eta erritmo ikuskizuna, baina ez dira bakarrak izango. Beren lanak lehenengoz aurkezten izango dira, besteak beste, Larrua, Bapatean, Laura Cobo konpainia, Plataforma Tirante, Laglo konpainia eta Trapu Zaharra.Nazioarteko ordezkari sorta bat ere bilduko du azokak, bestalde, eta erabateko estreinaldiak eskainiko dituzte haietariko askok.Kataluniako, Espainiako, Brasilgo, Japoniako, Kolonbiako, Erresuma Batuko eta Frantziako 31 konpainia izango dira azokan, guztira, eta bederatzi erabateko estreinaldi emango dituzte. Frantziako Les Goulus talde historikoaren kasua nabarmendu du haien artean Lopezek, Leioa hautatu baitute Riders From Nowhere izeneko beren azken ikuskizunaren lehen emanaldia aurkezteko. DelReves Danza Vertical eta Toc de Fusta ere estreinaldi banarekin izango dira jaialdian, eta Euskal Herrian lehenengoz eskainiko dituzte beren azken ikuskizunak 100 Racines frantziarrek eta Tsubasa Watanabe japoniarrak.
Egitarauak eskaintzen duen diziplinen arteko «oreka» ere aipatu dute antolatzaileek, dantza, zirkua, magia, antzerkia eta clown-a hartzen dituelako.
AZOKA ETA ERAKUSLEIHO
Umore Azoka jaialdi izateaz gainera azoka ere badela gogorarazi du Lopezek. «Kale arteen sektorearentzako topagune da», adierazi du. Eta hain zuzen ere hori da egitarauan estreinaldi kopuru handiaren atzean dagoen arrazoietariko bat. Zuzendariak zehaztu duenez, kale arteetan espezializatutako 200 programatzaile, jaialdi zuzendari, banatzaile eta profesional elkartu ohi ditu jaialdiak urtero, eta lanik berrienak aurkeztu ahal izateko erakusleiho ere bilakatzen du horrek Leioa. Eta horregatik, beraz, nobedade kopuru handia. Aurten, Frantziako eta Koreako hainbat jaialdi esanguratsutako programatzaile ere jaialdian izango direla jakinarazi du, adibidez, Lopezek.Sektorearen hainbat batzar ere egingo dituzte jaialdiak irauten duen egunetan, eta programatzaile eta artisten arteko topaketak egiteko espazio bat ere antolatuko dute: Artekale izenekoa, hain zuzen ere. Horrez gainera, Sarea Euskadiko Antzerki Sareak bere biltzar orokorra egingo du Leioan egun horietan, eta Euskadi-Akitania II. Topaketa ere hartuko du Umore Azokak, Euskal Kultur Elkargoak, Etxepare euskal institutuak eta Euroerregioak bultzatuta.