Gutarrak, hesiak eta barbaroak

Luis Gardek 'Barbaroak baratzean' poema liburua argitaratu du, Balea Zuria argitaletxe berriarekin. Editorial horrek poesia eta literatur saiakera lantzea du helburu, batik bat

Luis Garde idazlea, hilaren 10ean, Barbaroak baratzean poema liburuaren aurkezpenean, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Poesia narratiboa oso gustuko duen arren, sinbolismoa lantzeko gogoa zuen Luis Gardek, eta horixe egin du Barbaroak baratzean poema liburuan (Balea Zuria). «Asko gustatzen zait istoriotxoak kontatzea hizkuntza poetikoa erabiliz: igual azkenengo urteetan nobela landu dudalakoz, narratibitate puntu hori ez nuen sentitzen horren beharrezkoa». Ehiztariaren isilaldia nobela (Pamiela, 2015) zen orain arte bere azken lana —Euskadi saria irabazi zuen—.

Azaldu duenez, irudi, sinbolo edo metafora batzuk errepikatu egiten dira liburuan. Nabarmenena harresiena da, haren esanetan. Harresi, hesi edo murru batek esanahi asko izan ditzake, baina gizarteaz hitz egiteko darabil Gardek: «Gure gaurko gizartearen metaforarik biziena da niretzat, eta uste dut gero eta garrantzi handiagoa duela: gure gizartea gero eta harresituago ikusten dut». Horren inguruan zerbait idazteko gogoa zuen; «are gehiago», iaz Donald Trumpek hauteskundeak irabazi eta harresiak «leku guztietan» aipatzen hasi zirenetik.

Era askotakoak izan daitezke harresiak, eta irudi bihurtu ditu batzuk. «Harresiak izan daitezke fisikoak, etorkinek igotzen dituztenak; edo harresi bat izan daiteke gure identitatea, gure etxea, gure baratzea». Hain zuzen, identitatean jarri du arreta Gardek: haren ustez, kontzeptu hori «gero eta gehiago» agertzen da. «Orain dena da identitatea, bai maila kolektiboan, bai pertsonalean: eraiki behar dugu harresitxo hori, identitatearen harresia». Hesi horrek markatzen ditu «gutarrak eta barbaroak», haren esanetan: «Nirekin ados bazaude, gutarra zara, eta, ados ez bazaude, barbaroa zara».

Zeintzuk dira, ordea, barbaroak? «Barbaroa beti da bestea, gutakoa ez den edonor. Izan daiteke gure atean joka ari den etorkin hori, edo izan daiteke nik bezala pentsatzen edo sentitzen ez duen edonor». Zibilizazio «nahiko aurreratu eta sofistikatuan» bizi arren, bitasun horrek gero eta indar handiagoa duela uste du Gardek, nahiz eta ez dakien zehatz zergatik izango den: «Pentsamenduaren sinplikazio batengatik edo sareen eraginagatik izan daiteke: sareen kontra ez dut deus, baina dena da alde edo kontra, denak dira irainak edo laudorioak; ez dago ñabardurentzako lekurik». Baina barbaroa, bestea izateaz gain, norbera ere bada: «Kontua da norengan proiektatzen dituzun zure beldurrak eta zure gorrotoa: denok gara inoren barbaroak».

Bidaiaz eta galeraz

Harresiekin estu lotuta, bidaiaren irudiak ere presentzia handia du. Eta, berriz ere, hainbat eratara ulertu daiteke metafora: izan daiteke migratzaileek herrialde batetik bestera egiten dutena, edo izan daiteke norberak bizitzan egiten duen bidaia. Ozeanoan, itsasoan edo basamortuan zehar bidaiatzen duten pertsonak ageri dira liburuan; Garderen esanetan, sinonimoak dira hirurak liburuan, bidaia ordezkatzen duten heinean.

Bidaiariak lekualdatze prozesu horretan izaten dituen galerak arduratzen du Garde. «Bere kultura, bere hizkuntza, bere usadioak, bere tresnak, bere memoria galtzen du». Eta, hori hala izateko, bidaiak ez du sobera luzea izan behar geografikoki, haren ustez. Bere gurasoen adibidea jarri du: «Nire gurasoak euren herrietatik etorri ziren Iruñera; etorkinak izan ziren, eta hiriranzko bidaian galdu zituzten kultura, usadio eta erritu batzuk, etorkizunean ez zituztelako beharko, eta bazituztelako ikasi beharreko beste gauza batzuk, bizirik irauteko. Iruñeranzko bidean euren hizkuntza ere galdu zuten, euskara».

Hiru ataletan banatu ditu poemak. Lehenak (Harresiaren itzalak) «kutsu platoniko bat» du; bigarrena, Hitzezko hesiak, hesiko hitzak, hiruretan «ideologikoena» da; eta hirugarrenak (Uhinei iltzatuak) bidaiak eta horien inguruabarrak ditu ardatz.

Izenburuarekin hitz jokoa egin du Gardek. «Hizkuntzaren ezintasuna edo zailtasuna, hori omen da barbaro hitzaren jatorria; nik ulertzen ez dudan hizkuntzan solastatzen denaz hitz egiteko». Baratzea-k, berriz, norberarena den hori ordezkatzen du: «Baratzea litzateke gure etxea, gure mundutxoa, gure familia, gure ondasunak... Gurea dena». Biak elkartuta, arrotzak etxean edo etxetik gertu izatea iradoki nahi izan du, alegia. «Gizarte, zibilizazio eta gizaki guztiek ditugu gure barbaroak».

Imanol Larrinaga margolariak egin ditu diseinu lanak. Urezko hesia poeman oinarritu da azaleko ilustrazioa egiteko, eta poema bera jarri dute kontrazalean, Larrinagak berak eskuz idatzita. Harena izan zen ideia, eta kontuan hartu dute: eskuz idaztea «galtzen» ari den irudipena dutenez, hurrengo argitalpenetan ere horri eusteko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.