Joxan Artze hil da. Artze eta kantuak

Hego askeak zituzten hitzak

Joxan Artzek idatzitako poema eta kantu hitz asko beste musikarien ahotan egin dira ezagun; batzuk ereserki ere bilakatu dira. Bere garaikideek musikatu zuten, baina baita 80ko eta 90eko urteetako pop eta rock taldeek ere
Joxan Artze, Mikel Laboa eta Xabier Lete, 2007an, <em>Isturitzetik Tolosan barru</em> liburuaren berrargitalpenean.
Joxan Artze, Mikel Laboa eta Xabier Lete, 2007an, Isturitzetik Tolosan barru liburuaren berrargitalpenean. IMANOL OTEGI / ARP AGENTZIA

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko urtarrilak 13
Donostiako Aurrera tabernan zeuden bilduta Mikel Laboa, Marisol Bastida eta Joxan Artze. 60ko hamarkada zen. Mahai zapi batean poema bat idatzi zuen Artzek. «Hegoak ebaki banizkio/ neurea izango zen/ ez zuen alde egingo./ Baina horrela ez zen gehiago txoria izango/ eta nik/ txoria nuen maite». Laboak kantu bihurtu eta sortu zen ereserki bat. Ez ereserki izateko jaio zelako, ziur aski, baizik eta kantuak topatu zuelako biderik aske hegan egiteko, eta lau haizeetara barreiatzeko. Ez dira asko izango Txoria txori-k bezainbat bertsio dituzten euskal kantuak, hura adina kantatu direnak. Laboaren jatorrizkoaz gain, hor dira Joan Baezek, John Kelly & Maite Itoiz eta The Kelly Familyk, Ester Formosak, Anjel Katarainek, Etsaiak taldeak, Kepa Junkerak (Pablo Milanesekin batera), Maialen Errotabehere, Mixu eta Xabaltxek, eta Anne Etxegoienek egindako moldaketak, besteak beste.

Baina Txoria txori baino gehiago da Artze. Haren poema eta hitz asko musikatu izan dituzte beste musikari batzuek. Mikel Laboak 1974ko Bat-Hiru diskoan bildu zuen Txoria txori. Disko horretakoak dira Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak (BAP!!-ek eta Zea Maysek bertsionatua gerora), Ama hil zaigu (M-ak, Le Mans, Bukaera), Baztan (Delirium Tremens), Nere juaneteak, Geure bazterrak (askok ondoren: Betagarri eta Lain, We Are Standard, Ruper Ordorika, Izaki Gardenak) eta Zaude lasai ere (Mak-ek gero, eta Mursegok hurrena), eta Gernika (Lekeitio 4, 1972an plazaratua aurrez) ere bai, denak Artzek idatziak. Laboaren Lau-Bost lanak ere (1984) Artzeren hiru kantu zekartzan: Nahiz eta heriotza, Besterik ezagutu ez eta, Martxa baten lehen notak (Iheskidek ere bai gero, eta Mikel Urdangarinek eta Oreka TX-ek).

Artzek berak behin baino gehiagotan azpimarratua zuen bere kantuak besteen ahotsean entzuteak sortzen zion sentipen gozoa: «Hunkitu egiten nau hainbeste jende desberdin ikusteak kantu horiek modu diferentean ematen».

Laboaz harago

Berezia izan zen Laboa eta Artzeren arteko harremana, eta islatzen zen sinergia hori bien arteko sorkuntzan, baina beste musikari garaikide askok ere baliatu zituzten Artzeren hitzak. Ez Dok Amairu kolektiboan kide izandako Benito Lertxundik Zure askatasunagatik borrokatzen banaiz eta Txori ttikia kantatu zituen Oro laño mee batek estalia diskoan (1974); Urkok Usurbilgo Eliza kantua sartu zuen Sakonki (Maite zaitut Euskal Herria) lanean (1976); Gure uso xuria Iokin eta Iosuk Nire herria bezala lanean (1977); Amaren sabela, Apala haiz, Barka ama, Beste bat, K.K.ren edestia eta Itxuraldatze kantuak ziren Jon Bergaretxeren izen bereko diskoan (1978); Herriagatik Oskarbiren Euskara eta txakolina-n (1979) eta Mutiko atzeratua Imanol eta Klabelin Komiken Jo ezan lanean (1980).

Antton Valverdek 1975ean jo zuen lehen aldikoz Artzerengana. Pisako dorrea kantua egin zuen poetaren hitzekin. «Oso idazle originala iruditzen zitzaidan, eta orain ere bai, poeta handi bat. Inoiz aurretik irakurri gabeko poesia iruditzen zitzaidan harena. Eta pertsona moduan ere apartekoa, pertsona ona eta berezia», adierazi zion atzo BERRIAri. Gerora beste kantu bat egin zuen Artzeren hitzekin, Sir Charles, 1997ko Larogeitamazazpi diskoan bildua: «Charles Darwinen omenezko kantua da; hura ere berezia. Saiatu izan naiz haren beste poema batzuk musikatzen, baina askotan zaila egin zait haren testuak kantu bihurtzea, formaz ere berezi baitziren».

Maddi Oihenartek 2000ko hamarkadan sartu baino pixka bat lehenago ezagutu zuen Artze. «Etorri zen Zuberoara, eta egun batzuk eman zituen gurekin. Mendira joan eta ibilaldiren bat egiten genuen. Gutxi hitz egiten genuen, eta, hala ere, oso gertuko sentitzen nuen. Musika ulertzeko ez ezik, bizitza ulertzeko zuen moduak batzen gintuen. Oso zen hurbileko gizona». Maddi Oihenarten Lürralde zilarra diskoan (1998) txalaparta jo zuen Artzek Jexux anaiarekin batera, eta 2002ko Arbaila-n Sua eta ura kantuaren hitza idatzi eta ahotsa ere sartu zuen. «Geroztik, Usurbilera behin baino gehiagotan joan naiz, eta egin ditugu emanaldiak bertan», oroitu du Oihenartek.

Gisa askotako musikariek jo zuten Artzeren kantu hitzetara. Berdin Gontzal Mendibilek (Ez zara aske kantua sartu zuen 1988ko Egunen batean diskoan), Txomin Artolak (Iragana eta Geroan 1995eko Zurartean-en), Akauzaztek (Antzina, basabereek 1998ko Ur gardenak-en), Trepi eta Arawakek (Galipotakumeak 1999ko Sorterrira-n), eta Oskorrik (Iturri zaharretik 2000ko Ura-n) besteak beste.

Artzeren iloba da Haritz Harregi musikari eta soinu teknikaria. Hura aritu den hainbat taldek ere Artzeren hitzak erabili izan dituzte. Sen taldeak Zer nahi eta hura eman, Erdibiderik ez, Ezertarako astirik gabe eta Begi bat kantuak bildu zituzten 2000ko Sen diskoan. Eme proiektuko Beleak elurretan kantua (2017) izan da musikatu duten azkena. Hego askeak zituzten Artzeren kantuek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna