Kantuen hitzak eta bertso jarriak Bertso Eguneko hizpide, Mungian

Urtebeteko geldialdiaren ostean, larunbat honetan Mungiak hartuko du Bertso Eguna. Solasaldi bat, hiru bertso bazkari paralelo eta arratsaldeko jaialdi nagusia izango dira

2016ko Bertso Eguneko irudi bat, Donostian. Ezkerretik eskuinera, Lujanbio, Gaztelumendi, Amuriza, Labaka eta Eizagirre ALBERTO ELOSEGI.
itziar ugarte irizar
2018ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Iragana da dagoeneko Bertso Eguneko Kursaaleko irudia. Ziklo bat bukatu du Bertsozale Elkarteak, eta festa ez da gehiago Donostian kokatuko. Ez han, ez beste inon, iaz ez zen Bertso Egunik ospatu. Eta, geldialdiaren ostean, «ibiltaria» bihurtuko da. Ziklo berriaren lehen geltokia Mungian (Bizkaia) izango da, larunbat honetan.

Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak eman du urtebeteko parentesiaren azalpena: «Bertso Eguna ibilbide luzeko ekitaldi bat da, mendi erdi bateko bidea egin du ia-ia. Eta, hala ere, bertsolaritzan erreferente bat izanik ere, gogoeta baten beharra ikusten genuen, ziklo bat ixteko beharra. Oso eskertuta gaude urteetan Donostiak eman digun laguntzarekin. Baina Bertsozale Elkarteak bere eguneroko jardunean lurraldetasun irizpidea lehenesten du, eta, batik bat, horregatik bideratu dugu aldaketa». Gogoeta horrek eragin zuen iazko etena, eta, hala, Bertso Eguna Euskal Herriko beste hirietara eta herrietara zabalduko da datozen urteetan. Urtebeteko hausnarketa «orokorragoa» izan dela ere erantsi du Agirresarobek, zehaztasunetan sartu gabe.

Hasierako urteetan, Bertsolari Eguna deitzen zen, eta bertsolari bat edo batzuk omentzeko eguna izan ohi zen. Bertso Eguna bilakatu zen ondoren, eta, azken aldietan, gai jakin batek ardaztu eta ezaugarritu du urte bakoitzeko festa. Denborak ekarritako aldaketak aldaketa, Bertso Eguna beti «bilgune bat» izan dela nabarmendu du Agirresarobek, eta larunbatean estreinatuko den fase berrian ere hala izatea nahi dutela.

Baina biltzeko egun bat soil-soilik ere ez dadila izan. «Gai baten inguruko lan bat ere izan dezala atzean», ñabartu du Bertsozale elkarteko kideak. Bada, azken urteetako ildoarekin jarraituta, aurten kantuen hitzen sorkuntza eta bertso jarriak hartuko dituzte hizpide. Agirresaroberen hitzetan, «nahiko gertukoak diren bi lan», baina ez horregatik berdinak. Batik bat, goizeko solasaldia eskainiko diote gaiaren gaineko gogoetari; Alaia Martinek gidatuta, Jon Maia bertsolariak eta Maria Rivero eta Rafa Rueda musikariek hartuko dute parte mahai inguruan.

Idatzizko bertsoak

Gaur egungo bertsolari ugari aritzen da abestien hitzak sortzen, eta horrek eragiten dituen dinamiken gogoeta aspalditik mahai gainean egon da, Agirresaroberen esanetan. Azkenean, horra eta bertso idatzietara jaitsiko dute fokua larunbatean. «Badaude ibilbide luzeko bertsopaper sariketak, baina bertso idatzien jarioa horretara mugatu da. Ez du gora egin, behintzat. Bertsolari askori tokatu zaie gero musikariekin elkarlanean jardutea, eta hor sakondu nahi dugu; nolako harremanak izaten diren, nola izaten den negoziazioa...».

Arratsaldeko jaialdia izango da eguneko puntu gorena. Manex Agirre, Amets Arzallus, Oihana Bartra, Unai Iturriaga eta Sebastian Lizaso ariko dira kantuan. Alaitz Rekondok jarriko dizkie gaiak, eta beste diziplina batzuetako gonbidatuak ere igaroko dira agertoki gainetik: Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzezleak eta Adrian Garcia de los Ojos musikaria, beste batzuen artean. Jon Martin bertsolariak ere bertso idatzi batzuk abestuko ditu, egun horretarako propio idatzitakoak. Dena den, «bertso saio arrunt bat» izango dela argitu du Agirresarobek. «Gai eta ariketa aldetik hala marraztu nahi izan dugu».

Izan ere, esperimentatzeko helburua ere eduki izan du bertso egunak aurreko urte batzuetan. Agirresaroberen ustez, egunak ez du asmo hori galdu, baina horren garrantzia apaldu egin da, hein batean. «Konturatu gara bertso esperimentazioa lehen Bertso Egunera begira lantzen zela sarri; berritasunak ateratzeko eguna izan da. Azken urteetan, ikusten da bertsolariek aukera eta plaza gehiago dituztela pixkanaka gauza berriak probatuz joateko. Ez daukagu, erremediorik gabe, esperimentu leku bihurtu behar Bertso Eguna, baina, tokatuz gero, izan daiteke».

Bertsolariarentzat nola entzulearentzat bertsoaren plaza «erosoagoa» bihurtzeko ahalegina egin dute aurten antolakuntzakoek; besteak beste, kanturako baldintzak zainduz. «Lehen, gaueko afaria oso ekitaldi jendetsua izaten zen: 600-700 pertsona biltzen ziren. Eta hango buila artean, herri bazkari askotan gertatzen den bezala, dimentsioa handiegia bihurtzen zen bi pertsona bertsotan aritzeko eta jendeak arreta jartzeko».

Bide horretatik etorri da aurtengo Bertso Egunaren berrikuntza nagusia: hiru bertso bazkari paralelo izango dira, elkarte gastronomiko banatan. Onintza Enbeita eta Julio Soto Ehiza eta Arrantza Elkartean jardungo dira; Miren Amuriza eta Sustrai Colina, Anaitasuna elkartean; eta Igor Elortza eta Jone Uria, Guri Zer elkartean. «Ez dugu bertsoaren txikitasuna aldarrikatzen, baina bai, behintzat, bertsoaren neurriko plazak izatea», aipatu du Agirresarobek. Bertaratzekoak direnei herriko plazan elkartzeko deia egin diete, erositako txartelaren arabera osatzeko hiru taldeak. «Denok ez dugu gauza bera entzungo, baina ikusiko dugu zer-nolako saioak ateratzen diren antzeko baldintzetan», gehitu du.

Aurreko urte askotan, arratsaldeko saioaren ostean afaria egon izan da. Baina aurten ez dator halakorik egitarauan. Sarrera denak bukatu dira dagoeneko, gainera; bai hiru bazkarietakoak, eta baita arratsaldeko jaialdikoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.