Infernuko ateak, parez pare

Ikusmin handia piztuta, bihar iritsiko da zinema aretoetara Paul Urkijoren lehen lan luzea: 'Errementari'. Joxe Miguel Barandiaranek berreskuratutako herri ipuin bat du oinarri fantasiazko filmak
<em>Errementari</em> filmeko zuzendari Paul Urkijo, aktoreak eta beste hainbat taldekide alboan dituela, Gasteizko aurrestreinaldian, astelehenean.
Errementari filmeko zuzendari Paul Urkijo, aktoreak eta beste hainbat taldekide alboan dituela, Gasteizko aurrestreinaldian, astelehenean. JUAAN RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2018ko martxoak 1

Sitgesko Zinema Jaialdian (Herrialde Katalanak) eta Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astean aurkeztu ondoren, iritsi da jendaurrean erakusteko garaia. Bihar estreinatuko da zinema aretoetan Paul Urkijo zinemagile gasteiztarraren lehen film luzea: Errementari. Infernuko ateak parez pare irekitzeko unea da orain.

Joxe Miguel Barandiaranek jasotako Patxi errementaria ipuin klasikoaren moldaketak ikusmin handia sortu du, eta gehiago azken egunotan, Gasteizen astelehenean egindako aurrestreinaldiaren ondotik. Bertan izan zen Kandido Uranga aktorea, lantalde osoarekin. Haren hitzetan, fantasiazko filmak «elementu asko ditu interesgarriak, politak, onak eta ederrak». Urduri ez, baina gogotsu zegoen jendeari egindakoa erakusteko. «Espero dezagun gustuko izango dutela, eta egindako lana aintzat hartuko dutela. Film interesgarria da, eta gustura egindakoa». Irudipen bera dauka Maite Bastos aktoreak ere: «Iruditzen zait jendeari asko gustatuko zaiola. Oso-oso desberdina da; hemen ez gaude ohituta halako zerbait ikustera. Esango nuke jendea pozik aterako dela aretotik».

Protagonistaren rola jokatu du Urangak filmean, Patxi errementariarena. «Deabrua bera baino gaiztoagoa» dela dio ipuinak, eta filmean ere ez dabil irudi horretatik oso urruti. «Ipuinean ez dakigu zergatik den gaiztoa; filmean, aldiz, ikusleak badakizki egin dituen gaiztakeria guztiak», aktorearen esanetan. Itxura lakar eta zekeneko gizona da, baina «borrokalari sutsua», batez ere. «Borrokalaria da, eta oso azkarra, deabrua bera baino azkarragoa». Edonola ere, gogoeta bat utzi die ikusleei: «Nork ez luke halakorik egingo bere burua babesteko?».

Bastosen pertsonaia, berriz, bestelakoa da: Blanca du izena, eta serora bat da, apaizaren laguntzailea elizan zein etxean. Izaera «iluneko» pertsona, umeen zaintzaz arduratzen da, besteak beste. Bastosek aitortu du ipuin batean oinarrituta egonagatik, ez duela bere rola modu berezi batean prestatu. «Nik beti egiten dut nire pelikula pertsonala, rolean sartzen saiatzen naiz: emakume horrek zenbat urte ditu, zer bizi izan du, nortzuk ditu inguruan... Alarguna zela pentsatu nuen rolean sartzeko, gizona gerran hil zitzaiola, eta seme-alabarik ere ez zuela. Deseroso, etsita, betirako gizonen zerbitzari dagoen emakume bat zela pentsatu nuen».

Urangak ere modu berean egin du bere lanketa; ez du «aparteko ezer» egin pertsonaia hezurmamitzeko, orain artekoekin alderatuz gero. «Nire pertsonaia lantzerakoan ez naiz konturatu, edo ez dut aintzat hartu, filma genero fantastikokoa den ala ez. Edozein proiektutan sartzen naizenean heltzen diedan modu berean heldu diet film eta pertsonaia hauei ere». Aktoreak azaldu du «barrura» begiratu, eta pertsonaiarekiko dituen «antzekotasunak» bilatzen saiatzen dela. Aitortu du, halaber, fantasiazko generoaren gaineko ikuspegia «kanpotik eta gerora» jaso duela.

Arabako herrixka batean kokatzen da istorioa, XIX. mendean, Lehen Gerra Karlista hasi eta hamar urtera; 1843. urtean, zehazki. Grabazioa, baina, Araban ez ezik, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait lekutan ere egin zuten. Urtebete igaro da ordutik. Negu betean grabatu zuten, eta, leku gehienak natura inguruneak zirenez, baldintza bereziki gogorretan aritu ziren. Bastos: «Iluna, hotza, euria, lokatza... baldintza bereziak izan ziren, eta erronka polita izan zen guztiontzat. Ni neu oso gustura aritu nintzen, rol txikia izanagatik ere, ez nintzen baztertuta sentitu; primeran pasatu genuen». Urangak ere «taldeko giroa ezin hobea» izan zela dio, eta horrek grabazio aldia goxatu zuela.

Proiektu «zaila»

Berezitasun asko dituen filma da Errementari. Eta, hain zuzen, gidoia jaso zuten unetik proiektu «zaila» izango zela aurreikusi zuten bi aktoreek: istorioaren kokapen historikoagatik, ipuin batean oinarrituta egoteagatik, grabaketagatik... Asmo handiko proiektua da, ertz guztietatik begiratuta. «Gidoia irakurri nuenean, pentsatu nuen: 'Ai ene! Hau oso ongi edo oso gaizki aterako da'», aitortzen du Bastosek. Zuzendariak emandako «konfiantza» azpimarratu du, eta erantsi du taldearen ilusioak eta motibazioak atera dutela filma aurrera.

Urangak ere zuzendariarengan jarri du mira: «Azpimarratu nahi ditut, batez ere, Paulek eta talde guztiak proiektua aurrera eramateko izan duen ilusioa eta indarra. Espero dut talde honen hasiera baino ez izatea».

Erronka gutxi ez, eta beste bat gehitu zion Urkijok filmari: Arabako euskaran mintzatu behar ziren protagonistak. Koldo Zuazo eta Gorka Lazkano izan dituzte bidelagun testuari garai bateko kutsua eman eta, aldi berean, ulergarri egiteko. Aktoreek zailtasun gisara hartu ordez, ongi ikusi zuten. Bastos: «Zoragarria iruditu zait euskararen berezitasun hori ematea. Filma bera berezia bazen, are eta bereziago bilakatu du horrek». Protagonistarentzat, «gustagarria» izan da; «betirako» gordeko duen esperientzia bat. Harago doa, ordea, eta «aldarrikapen» gisa ere hartu behar dela dio: «Araban ere euskaraz hitz egiten zen».

Handia filmaren arrakastaren ondoren dator Errementari. Ildo horretan, Handia-k ateak zabalduko dizkiela ziur daude bi aktoreak, eta ez dute «presiorik» sentitzen. Euskal zinemaren egungo loraldia begi onez ikusten dute, baina argi dute ez dela kasualitatea. «Hau guztia gertatzen ari da aurretik lan bat egin delako». Errementari-k infernuko ateak irekiko ditu; horrek zein ate irekiko dizkion ikusteko dago.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Sean Connery, Berlinen, 2005. urtean ©MARCUS BRANDT/POOL / EFE

Sean Connery aktorea hil da

Iñigo Astiz

Zinemako lehen James Bond izateak egin zuen famatu, baina hamaika filmetan hartu du parte bere ibilbidean, eta sari garrantzitsu sorta bat jasota hil da 90 urterekin 

Develaireren erakusketa, Nafarroako Museoan. ©Iñigo Uriz / Foku

Itxialdian %67 murriztu zen Nafarroako kultur enpresen fakturazioa

Ane Eslava

Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak bi txosten aurkeztu ditu, konfinamenduak kultur arloan izan duen eraginari buruz

Michel Tabachnik suitzarrak zuzendu zuen Euskadiko Orkestra herenegun. ©TIPEZ
Idoia Garzes idazlea, bere helduentzako lehen eleberria, <em>Mendiko gaitza</em>, eskuetan duela. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Mendiko gaitza: fisikoa ez ezik, soziala ere bai

Amaia Igartua Aristondo

Idoia Garzesen 'Mendiko gaitza' liburuko protagonista desagerpen batekin lotuko du mendian aurkitutako txartel batek. Helduentzako lehen eleberria du, eta proiektuarekin Zubikarai beka jaso zuen iaz

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna