Kukai konpainiak jasoko du Espainiako Dantza Sari Nazionala

Errenteriako dantza taldearen ibilbidea eta tradizioan oinarritutako sorkuntza garaikidea aitortuko ditu sariak. Hiru Max sari ere jaso dituzte aurten, 'Oskara' ikuskizunarekin

Kukai dantza konpainiaren Gernika-Guernica ikuskizuneko irudi bat. MARISOL RAMIREZ/ARGAZKI PRESS.
itziar ugarte irizar
Donostia
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Madrilen Oskara ikuskizuna aurkeztu eta biharamunean jaso du berria Kukai dantza konpainiak, Euskal Herrira iritsi berritan: Espainiako Dantza Sari Nazionala irabazi du. «Lan kontuengatik besteak baino goizago abiatu naiz Euskal Herrira. Etxera iritsi, eta momentu horretan Ministeriotik deia jaso dut». Hortik aurrera, epaimahaiaren argudioarekin hasi direnean, ez duela ezer gehiago entzun dio Jon Maia Kukai dantza konpainiako zuzendariak. «Harri bihurtuta gelditu naiz, hunkituta». Abisua zabaltzen hasi da gero. «Taldekideak Madriletik bueltan zetozela, egin dudan lehenengo gauza konpainiako Whatsapp taldean denei albistea ematea izan da».

Sarien urtea du Errenteriako (Gipuzkoa) dantza taldeak aurtengoa. Ekainean hiru Max sari jaso baitzituen: ikuskizun onenarena —Oskara-gatik—, dantza konpainia onenarena eta jantzi onenena. «Arte eszenikoen esparruan urtean jaso daitezkeen saririk handienak», Maiaren arabera. Besterik da orain jaso dutena. «Kasu honetan, ibilbide oso bat eta egunez eguneko lana saritu dute. Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak deitu duen dantzari profesionalen talde batek osatzen du epaimahaia, eta oso argi daukat hamabost urtean egunero egin dugun lan eskergaren ondorio bat dela hau». Zehatz, sorkuntza adarreko saria emango diote Kukairi—Manuel Liñan dantzariak jasoko du interpretazioaren adarrekoa—. Maiak ñabartu du, ordea, ez dela sorkuntza lan bati egindako aitortza, Kukairen «sorkuntza lerroari» egindakoa baizik.

«Folklorearen eta tradizioaren tratamendua» saritu dute epaimahaikideek, lengoaia garaikide batekin tradizioan oinarrituta unibertsalera iristea. Ildo hori defendatzen du Kukaik, zuzendariaren esanetan. «Gaurko edozein sortzailek bezalaxe, sorkuntza garaikidea bultzatzen dugu, baina gure jatorria eta inspirazio iturria Euskal Herriko dantza eta kultura da, hortik abiatzen gara. Sariak adierazten du gure sustraietan oinarritutako sorkuntza garaikide bat posible dela».

Kukairen ikuskizunen «poetika eta kalitatea» ere nabarmendu du epaimahaiak. Oskara da aurten ahoz aho dabilen emanaldia, baina aurrez sortutakoak ere ekarri ditu gogora Maiak, batik bat, Tanttaka Teatroarekin egindakoak: 1937, Gogoaren bidezidorretatik gerrako umeei buruzkoa, Ote(h)itzari biraka Jorge Oteizari ingurukoa, Hnuy Illa Joseba Sarrionandiaren poemekin ondua, Komunikazioa Inkomunikazioa Mikel Laboaren obran oinarritutakoa eta beste.

Antzokiz antzoki dabiltzanean «zigilu propio bat» dutela dio Maiak, euren lana identifikatu eta nazioarteko konpainien artean Kukai ezberdintzen duena:«Euskarari eta euskal kulturari egiten diogun presentzia». Batetik bestera aritzean, horren «lekukoa» daramatela dio, eta, neurri batean, sari honek hori ere aitortzen duelakoan da. «Orain ez naiz kapaza Espainiako Dantza Sari Nazionala jasotzeak zer dakarren modu hotz batean aztertzeko. Baina Euskal Herriko ordezkari izanik, harrotzen gaitu gure kultura horrelako maila batean goraipatua izateak», erantsi du.

Oinarriko lana, arriskuan

«Aitortzak oso ondo daude, baina anekdotiko bihurtu daitezke ez baldin badago benetako oinarrizko lan bat. Momentuan, hori daukagu arriskuan», ohartarazi du dantzariak. «Garbi daukat interprete eta sortzaile oso onak ditugula hemen, baina benetako oinarriak ez baditugu jartzen euren lana garatzeko, oso zaila daukagu aurrera egitea». Begia, batez ere, «atzetik datozenen formazioan» jarri behar dela uste du, eta kultur politikan. «Jarraitzen dut pentsatzen herri honek ez daukala kultur politika argirik, ez agintarien ez alternatiba izan daitezkeen horien aldetik».

Max sariak jaso zituztenean oholtza gaineko unea baliatu zuen Kukaik aldarrietarako; Miren Gaztañaga, Itziar Ituño eta Gotzon Sanchez euskal aktoreek jasandako erasoak salatu, eta adierazpen askatasunaren aldeko mezua utzi zuten agertokian.

Hilabete batzuk barru izango da Espainiako Dantza Sari Nazionalaren sari banaketa, eta dantzariek orduan emango duten mezuaren zain egon gabe, Kukairen jardunera itzuli du fokua Maiak. «Gure lana bada nahikoa mezu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.